Sareak

☉ Basauri

Bridgestone zigortu dute askatasun sindikalerako eskubidea urratzeagatik

ELA sindikatuak demanda jarri zuen Bridgestoneren aurka eta epaiak adierazi du enpresak sindikatuari ordaindu beharko dizkiola eragindako kalteak.

|

basauri bridgestone

ELA sindikatuak demanda jarri zuen Bridgestoneren aurka eta epaiak adierazi du enpresak sindikatuari ordaindu beharko dizkiola eragindako kalteak

Bilboko Lan-arloko 9. epaitegiak Basaurin errotuta dagoen Bridgestone enpresa zigortu du, askatasun sindikalerako eskubidea urratu duela ondorioztatu eta gero. Hain zuzen, ELA sindikatuak demanda jarri zion Bridgestone enpresari, “urtarriletik hasita langileenganako presio metodoak erabiltzeagatik“. Gauzak horrela, epaitegiak babesa eman dio ELA sindikatuaren demandari eta ondorioz, Bridgestonek eragindako kaleak ordaindu beharko dizkio sindikatuari: 500 euro, alegia.

“Negoziazio kolektiboan Bridgestonek lortu nahi zuena lortu ezin zuela ikusita, enpresak jardueran geldialdiak planteatu zituen, betiere, langileengan eragiteko asmoz eta beharginen ordezkarien lana gutxiesteko”, diote ELA sindikatutik.

ELAren iritziz, epai honek negoziazio kolektiboaren normalizazioan lagundu beharko luke, “bai Bridgestone enpresan, baita gainontzekoetan ere“. “Gure ustez oinarrizkoa da enpresetako zuzendaritzek langileen ordezkariak errespetatzea. ELAren zerbitzu juridikoen lanari esker lortutako epai honek ateak ireki ditu bide horretan aurrera egiteko“, diote.

☉ Basauri

Udal webgune berria estreinatu du Basaurik, “errazagoa eta intuitiboagoa”

Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituztela adierazi dute udal ordezkariek

|

Aurreko udal webgunea "duela 14 urte" jarri zuten martxan eta "zaharkituta" zegoen // Geuria

Webgune berria martxan jarri du Basauriko Udalak, “eskuragarriagoa, errazagoa eta intuitiboagoa”. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituzte.

“Barne-arloetan oinarritutako egitura batetik, informazioa antolatzeko beste era batera igaro gara. Helburua da herritarrek errazago eta modu intuitiboago batean sartzea Udalak eskaintzen dituen zerbitzu, baliabide, tramite, azpiegitura eta abarretara”, dio Asier Iragorri alkateak.

Orain arteko udal webgunea “duela 14 urte” jarri zen martxan, eta gobernu taldeak “beharrezkotzat” jo du berritzea: “Lehengo plataformak ez zituen jasotzen gaur egun ezinbestekoak diren funtzionalitate batzuk, hala nola, bilaketak”, dio Iragorrik: “Web berriak duen beste abantailetako bat da bere bilatzaile indartsua, modu nabarmenean sinplifikatzen duena edozein informazio aurkitzeko modua”.

“Diseinuaren ikuspegitik kendu egin dira gehiegizkoak ziren informazio eta bannerrak, saturazio bisuala saihesteko, eta apustu egin da edukiak zehatz eta argi antolatzearen alde. Gainera, erraz irakurtzeko moduko letra-mota aukeratu da”, dio Iragorrik.

Bost atal

Basauriko Udaleko webgune berriaren nabigazio-menuak bost atal ditu: Basauri, Udala, Herritarrak, Gardentasuna eta Egoitza Elektronikoa.

Era berean, Berriak, Gaiak, Oharrak eta Agenda atalak gehitu ditu Udalak homean: “Oraintxe bertan, Gaiak atalean zergei, ordainketei, enpleguari eta etxebizitzari buruzko informazioa dago, baina aldian behin aztertuko dugu zein den herritarrek gehien bilatzen duten informazioa, webaren orrialde nagusira eramateko”, adierazi du Jon Zugazagoitia Teknologia Berrien arloko zinegotziak.

Herritarren argazkiak

Webgune berriak argazki nagusi bat du hasieran. “Baina ez da estatikoa izango”, zehaztu du Zugazagoitiak: “Izan ere, herritarrek Basaurin ateratako argazkiak bidali ahal izango dituzte, hala nola, herriaren panoramika bat, txokorik gustukoena, koloretan, zuri-beltzean…”.

Argazkiak onartuak izateko, ez dute pertsona identifikagirririk izan behar, eta gutxi gorabehera 2400 x 600 pixelekoa izan behar da, gutxienez 96 ppp-ko bereizmenean. Interesdunek webgune berriaren bitartez bidali ahal izango dituzte euren argazkiak.

“Hilean behin Social Antzokirako bi sarrera zozketatuko ditugu argitaratuak izateko onartu diren argazki guztien artean”, dio Zugazagoitiak.

Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / A30 grebako manifestazioa euripean egin dute ehunka herritarrek Basaurin

|

Azaroak 30. Greba feminista orokor eguna da. Basaurin goizean goiz piketeak eta kotxe karabana egin dute, eta eguerdian zaintza eskubide kolektiboaren alde manifestazioa egin dute ehunka lagunek. Euripean izan bada ere, aterki uholdea izan da Basauriko deialdian.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxebarria aita-seme trikitilariek ‘Familia gara’ disko berria aurkeztu dute Social Antzokian

Gaur aurkeztu dute disko berria Basauriko antzokian. Inaxio Perurena harrijasotzailea gondidatu izan dute aurkezpenean

|

Unai eta Koldo Etxebarria Inaxio Perurenarekin Social Antzokiko oholtzan // Geuria

Etxebarria aita-seme trikitilariek disko berria kaleratuko dute: ‘Familia gara’. Lan berria Durangoko Azokan abenduaren 6an kaleratu aurretik, diskoaren aurre-aurkezpena Basaurin egin nahi izan dute bi basauriarrek.

Gaur, azaroak 29, 13:00etan Social Antzokian egin dute aurkezpena. Bertan Inaxio Perurena harrijasotzailea eta laguna izan dute gonbidatu. Besaulkietan etxebarritarren lagunak, senideak eta ezagunak egon dira.

Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak

Diskoak 12 abesti ditu, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantekin. ‘Familia gara’ lan berrian oinarrizko euskal estiloari heldu diote: “estilo dantzagarriak, baladak, koplak, rantxerak eta rock doinuak entzun daitezke, eta baita indar handiko bertsioak ere”, diote.

“Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak ere ez dira faltako! Esaterako, ‘Sorioneku familia gara’, Euskal Herria eta gure kulturaren batasuna elkartzen dituen abestia”. Abesti horren bideoklipa 2023ko martxoan argitaratu zuten, eta bertan agertzen da, besteak beste, JJ Vaquero bakarrizketagilea.

‘Loretxoa’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Let it be’ abestien bertsioak ere jasoko ditu lan berriak. Trikitixa eta panderoa dira instrumentu nagusiak eta horiekin batera akordeoia, kitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak eta bateria ere entzun daitezke.

Diskoa salgai egongo da Durangoko Azokan 15 euroan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

|

Kareagako anbulatorioan hasi dute sinadura bilketa gaur // Geuria

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.

Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.

Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

|

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.

Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.

Osorik irakurri