→Basauri

Cabacasen gurasoak: “Ez dute enpatiarik edo gizatasunik izan gurekin. Berriro hil gaituzte”

Fina Liceranzu eta Manu Cabacas 2018an Bilbon egin zuten manifestazioan // Geuria

Iñigo Cabacas auziaren barne ikerketa artxibatuko du Ertzaintzak. Hain zuzen ere, ikertzen ari ziren sei ertzainetatik bosten aurkako ikerketa itxi dute. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak abenduaren 15ean Eusko Legebiltzarreko batzordean eman zuen horren berri, eta adierazi zuenaren arabera, auzipetutako sei ertzainetatik bost jada ez dira Ertzaintzaren parte, “eta, beraz, ezin zaie diziplina-kodea aplikatu”. Auzipetutako seigarren agenteari dagokionez, barne ikerketa oraindik ere irekita dagoela dio Erkorekak: absolbitua izan zen epaiketan, baina oraindik Ertzaintzaren parte da. Dena den, Erkorekak esan du “oso zaila” dela aurkitzea ertzain horrek inolako arau urratzerik egin zuenik, “bere gainetik zeuden agintarien aginduak bete baitzituen, ez besterik”.

Manu Cabacas eta Fina Liceranzu Iñigoren gurasoek “ezinegona” adierazi dute ikerketa artxibatzeko moduari buruz. Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradunen “enpatia eta gizatasun falta” salatu dituzte: “Ez dute enpatiarik ezta gizatasunik izan gurekin. Bizirik egonik berriro ere hil gaituzte”, diote. Gainera, Naiz hedabideak jaso duenez, “ulermena, erantzukizuna eta gizatasun pixka bat” eskatzen dute Manuk eta Finak: “Ikus dezatela nola gauden. Kontakizunaz hitz egiten dute, memoriaz. Baina norena? Gure kontakizuna eta gure memoria, non geratzen dira?”.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak agerraldia egin zuen asteazken arratsaldean Legebiltzarrean, Julen Arzuagak (EH Bildu) hala eskatuta. Cabacasen auzi judiziala “irmoa” izanda, Ertzaintzan barne diziplina-neurririk hartu ote zen jakin nahi zuen Arzuagak, eta zehaztu zuen epaiak “proportzionaltasunik eza” jasotzen zuela zenbait agindutan, “Ugartekoak emandakoak kasu, agenteen kontrolik eza, zauritu bat zegoela jakin bezain laster egindako jarduketarik eza eta arma guztiak jaso eta garbitu behar zirela”. Erkorekak adierazi duenez, Ugarteko agintaria ere Ertzaintzatik kanpo dago, eta, beraz, ezin zaio zigorrik jarri. Bestetik, armak jasotzea eta garbitzearena barne-araudiaren aurkakoak ez zirela dio Erkorekak, eta zehaztu du araudi hori eraberritua izan dela eta gaur egun hori ezinezkoa izango litzatekeela. Sailburuak argitu gabe utzi du Jorge Aldekoaren —operatiboaren diseinuaren arduraduna— egoera: Ertzaintzako buru karguan dimisioa aurkeztu zuen arren, intendente gisa jardunean jarraitzen du.

10. urteurrena

2012ko apirilaren 9an hamar urte beteko dira Iñigo Cabacas Liceranzu hil zenetik. Apirilaren 5ean, Athletic Club eta Schalke 04 futbol taldeen arteko partida ondoko ospakizunetan, Ertzaintzak gomazko pilotak jaurti eta horietako batek buruan jo zuen Iñigo. Lau egun ondoren hil zen Basurtuko ospitalean.

Epaiketa gaztea hil eta sei urtera hasi zuten, 2018ko urrian, eta hilabete inguru iraun zuen. Ertzaintzak pilotakadak jaurti zituen 2012ko apirilaren 5eko gauean gertakarien tokian operazio-buru izan zen poliziari (Juan Jose De Pablo ofizialari) bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zioten. Auzipetutako gainontzeko bost agenteak (pilotak jaurti zituztela aitortu zuten hiru agente eta bi arduradun) absolbitu zituzten ezin izan zutelako egiaztatu nork jaurti zuen Cabacas hil zuen gomazko pilota.

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ‘Cabacas auzian’ emandako epaia. Kondena hori ontzat jo zuen urtarrilean Gorenak, eta baztertu egin zuen Bizkaiko Auzitegian epaitutako gainerako ertzainak zigortzea. Horren aurrean, Iñigo Cabacas Lizeranzuren familiak eta Jone Goirizelaia abokatuak adierazi dute Nazio Batuen Erakundera (NBE) joko dutela, “justizia bila”. Apirilean, gainera, kondenatutako ertzain ofizialak kartzela zigorrik bete behar ez duela ebatzi zuten; inhabilitazioaz, jubilatuta zegoen, beraz, epaiak ez zuen eraginik izan. Auzi judizialaz gain, barne ikerketa ere ireki zuen Ertzaintzak, baina hura ere itxi egingo dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak