Sareak

☉ Basauri

Hiru basauriarrek musika talde berria sortu dute eta kontzertua eskainiko dute gaur

Irantzu Chaurrondo -Honat erromeria taldeko abeslaria-, Aritz Perez eta Mikel Lizaso basauriarrek osatzen dute C.H.A.I.R.S talde akustikoa

|

basauri chairs 2016 musika akustikoa

Gaur, ekainak 10, C.H.A.I.R.S. musika talde berria aurkeztuko dute Basaurin. Hain zuzen ere, Nai Lua Teterian antolatu dute euren lehendabiziko kontzertua 19:30etik aurrera.

Irantzu Chaurrondo -Honat erromeria taldeko abeslaria-, Aritz Perez eta Mikel Lizaso basauriarrek osatzen dute taldea: “Duela hilabete batzuk hasitako proiektu akustiko bat da C.H.A.I.R.S“, diote.

☉ Basauri

Arinette Ngole basauriarrak disko jaurtiketan Bizkaiko errekor absolutua hautsi du

Pasa den astean hautsi zuen Bizkaiko errekorra Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan, zeinetan txapeldunorde izan zen

|

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da, 18 urtez azpiko kategorian // Artunduaga Atletismo Taldea

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da disko jaurtiketan, 18 urtetik azpiko kategorian. Txapelketa Malagan jokatu zen uztailaren 6an eta 7an.

Ngolek 43,50 metrora jaurti zuen diskoa, eta txapeldunak, Kantabriako Pielagos klubeko Andrea Njimi Tankeuk, 51,85 metrora.

Ngolek bere markarik onena (42,86) hobetu du. Gainera, Espainiako txapeldunorde izateaz gain, txapelketa berean Bizkaiko errekorra hautsi du Ngolek: aurreko errekorra 43,44 metroan zegoen. “Bizkaiko aurreko errekorra (43,44) 1998koa zen!”, adierazi diote GEURIAri Artunduaga klubetik.

Arinette Ngole, Juanjo De Campos bere entrenatzailearekin (Artunduaga Atletismo Klubeko presidentea ere bada) // Artunduaga AT

Europako txapelketarako sailkatzeko 44 metro egin behar zituen Ngolek, “baina gutxigatik ez du lortu”, diote Artunduaga klubetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duina “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute Basauriko Grafo aurrean

|

Sindikatuen ustetan, patronalaren azken proposamena "ez da nahikoa" // ELA Sindikatua

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duin bat “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute gaur goizean Basauriko Grafo enpresaren aurrean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute kontzentrazioa Basauriko enpresaren aurrean, “sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen duen enpresetako bat delako”.

Uztailaren 3an Negozioazio Mahaia batu zen, eta sindikatuen ustetan, “patronalaren azken proposamena ez da nahikoa eta urrun dago hitzarmen duin baterako balizko akordio baterako”, diote, eta gaineratu dute: “Izan ere, Cebeken planteamendua erosteko ahalmena bermatzetik oso urrun dago”.

“Sindikatuok eros ahalmena bermatu nahi dugu azken hitzarmenetik. Hau da, azken hitzarmena 2009-2011koa da, eta guk eskatzen duguna da KPI igoerak errekonozitzea 2012tik 2022ra. Gainera, hitzarmen berriak irauten duen urteetan (2023-2026) langileen soldatak KPIarekin parekatzea nahi dugu”, diote sindikatuetatik.

Halaber, lanaldi murrizketa gehiago eskatu dituzte sindikatuek, baita subrogazio eskubidea ere. “Aldi Baterako Laneko Enpresak limitatzea nahi dugu. Patronalak onartu lezake, baina baldintza batzuekin, adibidez, behin behineko kontratuen iraupena handituz”, diote.

“Uztailaren 19an, negoziazio mahaiaren hurrengo bileran, patronalak beste aukera bat du negoziazioa desblokeatzeko”, diote sindikatuetako ordezkariek. Bitartean, uztailean zehar gatazka ikusarazteko “beste ekintza batzuk” egingo dituztela adierazi dute.

Apirilean eta maiatzean, esaterako, greba egunak deitu zituzten Arte Grafikoen sektorean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touréren hamargarrena aurkeztuko du Gijongo Aste Beltzean

|

Jon Arretxe, Touré detektibearen hamargarren liburuaren gaztelerazko bertsioarekin // Argazkia: Erein

Uztailaren 5etik 14ra bitartean XXXVII. Aste Beltza antolatuko dute Gijonen (Asturias), eta bertan izango da Jon Arretxe idazle basauriarra.

‘Mañas de lagarto’ (euskaraz ‘Musker amarruak’) liburua aurkeztuko du, Touré detektibearen hamargarren liburua.

Aurkezpena gaur, uztailak 8, izango da 20:30ean eta saioa Luis Artigue nobelistak gidatuko du.

Liburuetatik pantaila txikira

Otsailaren 1ean estreinatu zuten EITBren Primeran plataforman ‘Touré detektibea’ telesaila. Telesaila gazteleraz ekoitzia, euskaraz bikoiztuta publikatu dute estreinakoz.

Arretxe ez da proiektuan murgilduta dabilen basauriar bakarra; izan ere, Itziar Ituño aktore taldean dago, Malcom Treviño-Sitte (Touré), Itsaso Arana, Loreto Mauleon, Unax Ugalde, Urko Olazabal eta Ane Gabarainekin batera.

Laster jatorrizko bertsioan publikatuko du RTVEk.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migelen hazitako Alvaro Djaló hasi da gaur Athleticekin entrenatzen

|

Alvaro Djaloren mezua Athleticen sareetan (ezkerrean) eta Aitor Paredes arrigorriagarra entrenamendu saioan (eskuma) // Athletic club

Aurtengo martxoan fitxatu zuen Athleticek Alvaro Djaló eta gaur izan du bere lehen entrenamendu saioa lehen taldearekin Lezaman.

Djalók 24 urte ditu eta hiru hilabete zituela iritsi zen Bizkaira, zehazki Basaurira. Besteak beste, UD San Miguel taldean trebatu zen futbolean.

Bilboko SD Begoñan ere jokatu ostean, 17 urterekin Portugalera joan zen. Azken urteak SC Bragan eman ditu jokalari, eta aurreko denboraldian hamalau gol sartu zituen, horietako bost Championsen eta bat Europa Leaguen.

Djalók aurrelari gisa edo erdilari aurreratu gisa joka dezake, baita bi hegaletan ere. Bere abiadura eta baloi jaurtiketagatik nabarmentzen da, bai eta geldikako jokaldietan duen abileziagatik.

Bost denboraldiko kontratua sinatu du Athleticekin, 2029ko ekainaren 30era arte, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.

Aitor Paredes arrigorriagarra ere gaur hasi da entrenatzen:

Aitor Paredes arrigorriagarra Ernesto Valverde entrenatzailearekin // Athletic Club

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizon bat atxilotu dute Basaurin, beste pertsona bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik

|

Basauriko Ertzain-etxea // Artxiboko irudia

Gizon bat atxilotu zuten atzo Basaurin, borroka batean beste gizon bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik.

Gertaerak uztailaren 7an 16:30ak aldera jazo ziren Balendin Berriotxoa kalean. El Correo egunkariak publikatu duenez, taberna baten barruan hasi zen liskarra eta kalean jarraitu zuen.

Tabernako zerbitzarietako bat zaurituari laguntzera joan zen. Kalean etzanda geratu zen eta odola zerion burutik.

Bi inplikatuek aurretik ere izan zituzten liskarrak, El Correok zabaldu duenez.

Ertzaintzak erasoaren egilea atxilotu du.

Osorik irakurri