☉ Basauri
CNA taldeak Edesaren aldeko bideragarritasun plana landuko du
Edesa-Fagor hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztu berri du talde kataluniarrak. Edesak 100 milioi euro inguruko zorra du. Basauriko lantegiak gaur egun 40 langile inguru ditu.

Edesa-Fagor hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztu berri du talde kataluniarrak. Edesak 100 milioi euro inguruko zorra du
Edesa Industrial enpresak -lehen, Fagor Etxetresnak- 100 milioi euro inguruko zorra omen du eta horri aurre egiteko CNA talde kataluniarrak hartzekodunen aurrekonkurtsora aterako du. Modu horretan, lau hilabeteko epea izango luke Edesa Industrial enpresak duen zorra bakuarekin birnegoziatzeko. Talde kataluniarraren estrategia da aurrekonkurtsoarekin denbora irabaztea, “negozioa eta enpresa bera berregituratzeko”.
Hala ere, CNAk Edesaren sendotasunean konfiantza du eta bideragarritasun plan bat aurkeztuko du 15 eguneko epean. Plan horrek batik bat Fagor markan du oinarria, kontuan hartuta, “estatuan zein nazioartean Edesaren salmentek duten indarra; Ikerketa, garapena eta berrikuntza; eta ekonomikoki eraginkorra eta iraunkorra izatea frogatzen duen produkzioa mantentzea“.
Eusko Jaurlaritza aste honetan elkartuko da CNA taldeko ordezkariekin Edesa-Fagor enpresaren jarduera eta enplegua mantendu daitezen saiatzeko.
40 LANGILE BASAURIN
Edesa Industrialak Arrasaten du egoitza eta 100 milioi euroko fakturazioa du urtero. Euskadin guztira 350 langile ditu Garagartzako, Eskoriatzako eta Basauriko lantegietan (Basaurin 40 langile inguru daude gaur egun). Fagor Etxetresnak erosi zuen CNA talde katalanak 2014an, 42,5 milioi euroren truke.
Bizkaiko Foru Ogasunak berriki argitaratu duen zordunen zerrendari dagokionez, Basauriko Edesa lantegiak 9,9 milioi zor ditu.
☉ Basauri
Abaroa-San Migel tren geltokiko igogailua konponduta dagoela dio Renfek, “baina telefono-linearen zain”
Iaztik funtzionatu gabe daramala salatu dute askotan auzotarrek. Igogailua martxan jartzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzea baino ez dela falta esan diete Renfetik Basauriko udal ordezkariei

Hilabeteak daramate San Migeleko auzotarrek Abaroa-San Migel tren geltokiko bi igogailuetako bat erabili ezinik.
Iazko abuztuan —2024ko martxoan, ekainean eta uztailean matxura izan ostean— funtzionatzeari utzi zion, eta ordutik herritarrek Renferi konpondu dezan eskatu diote hainbatetan.
Renfek aurtengo martxoan jakinarazi zien auzotarrei “egun gutxi barru” konponduko zuela matxura, baina oraindik zain daude.
Egoera hori aintzat hartuta, azken hilabeteetan Basauriko Udalak hainbat errekerimendu egin dizkio Renferi tren geltokiko igogailua konpondu dezala eskatzeko. “Azkena azaroaren 27an”, diote udal ordezkariek.
“Gaur bertan, tren-garraioko enpresa publikoak Basauriko Udalari jakinarazi dio igogailuaren konponketa teknikoa arrakastaz burutu dela, eta igogailua martxan jartzea zerbitzu egokia bermatzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzearen mende dagoela soilik”, diote udal arduradunek.
Renfek Udalari emandako erantzunean adierazi duenez, “lehentasunez” ari dira lanean dagokion hornitzailearekin kudeaketa hori arintzeko, “eta ahalik eta epe laburrenean” konpontzea espero dutela adierazi diote Udalari.
“Gobernu taldeak prozesuaren zain jarraituko du, igogailua lehenbailehen martxan egon dadin”, diote.
☉ Basauri
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an helduko dira Basozelaira, Basaurin
Txu-txu trenean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Zortziko plazara. Gainera, asteburuan zehar hamaika jarduera antolatu ditu Basozelaiko Auzokideen Elkarteak

Olentzero eta Mari Domingi hasi dira txikien eta helduen gutunak jasotzen.
Eta abenduaren 24ra bitartean euren bisitak izango ditugu Hego Uribe eskualdean.
Basaurin, Basozelain izango dira Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an, igandez.
Txu-txu trenean helduko dira Zortziko plazara eta umeekin eta helduekin elkartzeko tartea izango dute.
El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen eskutik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi auzora, baina ez da asteburuan antolatuko duten jarduera bakarra.
Belaunaldien arteko joko didaktikoak, SantoBasozelai, Euskal Jaia, Gabonetako arratsalde-pasa, Gabonetako bingoak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte abenduaren 13an eta 14an Zortziko plazan.
Egitaraua | Olentzero eta Mari Domingi Basozelain
Abenduak 13, larunbata
11:00 Belaunaldien arteko joko didaktikoak
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
13:00 Euskal Jaia ikuskizun musikala
17:00 Gabonetako arratsalde-pasa
19:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
20:00 Gabonetako I. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
21:00 Kontzertua: Txapela Brava
22:30 Gabonetako II. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
Abenduak 14, igandea
11:00 Gabonetako tailerrak: desioen zuhaitza, postalak eta apaingarriak
11:30 Olentzero eta Mari Domingi
11:30 Txu-txu trena Basozelaitik
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
12:00 Trikipoteoa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
14:30 Gabonetako III. Bingoa. Sari berezia: Gabonetako kutxa eta Gabonetako dezimoa
☉ Basauri
Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan altzairua ekoizteko
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela

Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan. Zehazki, altzairuaren ekoizpeneko berotze-zalian erabili dute lehen aldiz hidrogeno berriztagarria.
Altzairutegiko erregailu konbentzionala hidrogenoa erabiltzen duen oxi-errekuntzako erregailu batekin ordezkatu dute. Horri esker, zaliaren berotze-ziklo osoa osatu ahal izan dute, beharrezko funtzionamendu-tenperaturak lortuz.
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela.
Hidrogeno berdearekin egindako proba horiek mugarri garrantzitsua izan direla adierazi dute enpresatik, tenperatura altua behar duten eta elektrifikatzen zailak diren prozesu termikoetan erabili baitu Basauriko lantegiak.
“Sidenor ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako enpresa da, eta, horregatik, etengabe ikertzen eta inbertitzen ari da bere produkzio-prozesuen deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko formulak bilatzeko”, esan dute enpresako arduradunek.
☉ Basauri
Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabalik dago dagoeneko Basaurin
Abenduaren 23ra arte txikien eta helduen gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik euren Basauriko etxean

Abendua da eta dagoeneko gabon gutunak idazteari ekin diogu herritarrok.
GEURIAn gutun berria publikatu dugu [hemen duzu!], oraindik ere idatzi ez dutenek erabili dezaken eta Olentzerori eta Mari Domingiri helarazi diezaioten.
Eta, eurei bidaltzeko hainbat bide dauden arren, Basaurin Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea zabaldu dute aurten ere.
Antonio Fernandez kaleko 17. zenbakian dago Etxea abenduaren 23ra arte, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 15:00etara.
“Bertara bazoaz, selfi bat egiten baduzu eta zure Instagrameko edo Facebookeko horman argitaratzen baduzu, abenduaren 2tik 23ra, @basauricomercio elkartea etiketatuz, Basauriko Social Antzokiara joateko bi zinema sarrera emango ditugu opari, sarrerak agortu arte”, diote Basauri Merkatari Elkartetik.
Hain zuzen ere, Basauri Merkatari Elkarteak jartzen du urtero Olentzeroren eta Mari Domingiren Etxea: “Urtero bezala gune magiko bat sortu dugu txikienek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak pertsonalki eman ahal izateko”.
☉ Basauri
Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean
Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.
Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.
Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.
Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra
44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.
Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.
Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.
Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.










