Otsailaren 6an, ostiralez, aurtengo Gure Esku Dago ekimenaren berri emango dute Basauriko Ibaigane Kultur Etxean 19:30ean. Iaz egin zuten giza-katearen ondoren, 2015ean “Erabakia #ehuntzen” leloa erabiliko dute.
Horrez gain, Basauriko Gure Esku Dago taldeak jende gehiago behar duela adierazi dute bertako arduradunek: “Lan edo ikasketa kontuak direla eta, iaz zeuden lagun batzuk lan taldea utzi beharrean izan dira eta Basaurin dugun egoera nahiko tristea da momentu honetan: 2-3 pertsona bakarrik gaude, eta batzuetan zaila egiten zaigu bileretarako orduak zehaztea”.
Era berean, Basauriri zuzendutako ekimenak lantzea “oso lan gogorra” dela adierazi dute eta egoera horri buelta eman ezean, “taldea desegitera behartuta” leudekeela azaldu dute. Horregatik, basauriarrak herri ekimen honetan parte hartzera anima daitezen mezua zabaldu nahi dute lau haizeetara.
