☉ Basauri
“Eroskiri 6,6 milioi ordaindu beharra traba ekonomiko handia izango zatekeen”

2011. urtetik gaur egunera arte gatazka izan da nagusi Eroski eta Basauriko Udalaren artean. Orain dela lau urte, azaroan, Bilbondoren handitzea bertan behera geratu zen legealdi honetako gobernuak horrela adierazi ondoren, eta erabaki horrek Eroskiren desadostasuna ekarri zuen. Orduan, banaketarako kooperatibak udal dekretua epaitegira eraman zuen, baina Administrazioarekiko Auzibideak atzera bota zuen helegitea.
Eroskiren erantzuna ez zen asko luzatu eta 6.665.320 euro erreklamatu zizkien Basauriko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, Bilbondoko Xehetasun Azterketa deusezten zuen deklarazio judizialaren ondarezko erantzukizuna egotzita. Hala ere, 2015eko otsailean jakin denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzibideak ez du eskaera hori onartu; hain zuzen ere, Xehetasun Azterketa horrek Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Ekonomikoetarako Lurralde Plan Sektoriala (LPS) urratzen zuen.
Sententziaren arabera, hirigintza aukerak ez dira konpentsagarriak eta garai bateko Basauriko Hiri Antolakuntza Planak (HAPO) ahalbidetzen zuenez, Eroskik aukera bazuen lurzoru gehiago eraikitzeko. Haatik, ez zuen eskuarte hori agortu eta bitartean LPSa indarrean sartu zen.
“Epaia lasaitasunez eta poztasunez hartu dugu. Izan ere, Eroskiri ordaindu beharra traba ekonomiko handia izango zatekeen hainbat urtez eta horrek Basauriko Udalaren ahalbide inbertitzaileari kalte egin ziezaiokeen”, diote Basauriko Udaletik.
ERALDAKETA-OBRAK ZORU KOMERTZIALEAN
Hiri Antolakuntza Planak aldaketa puntuala izan zuen 2014ko otsailean, Zabalandi (Bilbondo) gunearen inguruan. Udal ordezkariek -EAJren, PSEren eta Bilduren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin- Bilbondoren handitzea ezeztatzea erabaki zuten eta HAPOaren testu berria idatzi zuten: 2000. urteko HAPOak zioenez, guztira 47.368,96 metro karratu izan zitzakeen Bilbondok, baina merkataritzarako 36.976 metro karratu ditu eta horiek errespetatzea adostu zuten.
Beraz, gainontzeko 10.392 metro karratuek erabilera komertziala izatea debekatu zuten: “Bilbondoko jabeek konponketa- edo eraldaketa-obrak burutu ditzakete, betiere metro karratu komertzialak errespetatzen badituzte”, adierazi zuten udal ordezkariek.
________
Jose Feijoó / Basauriko Merkatarien Elkartea
“EGUN SALTOKI HANDIAK EZ DIRA MEHATXU TOKIKO SALTOKIENTZAKO”
Saltoki handiak eta tokian tokiko merkatarienak hizpide izan dira Bilbondoren handitzea aztergai izan denean. José Feijoó Basauriko Merkatari Elkarteko lehendakariaren esanetan, “gaur egun saltoki handiak ez dira mehatxu tokiko merkatarientzat. Garai batean hala zen, baina orain gauzak aldatu dira”.
Basauriko Udalak eskatuta, Gizaker enpresak herriko gaiei buruzko ikerketa martxan jarri zuen irailean eta 18 urtetik gorako 400 bizilagunek hartu zuten parte. Azterketaren arabera, %96,3ak eguneroko erosketak herrian bertan egiten ditu. Horren inguruan Feijoók bere poztasuna adierazi du: “Merkataritzari dagokionez, Basaurik denetarik du eskura: saltoki handiak zein txikiakm eta herritarrek oso ondo baliatzen dute hori”.
Bestalde, Bilbondoren handitzearen prozesua luzea izan dela dio Feijoók: “Hasieratik bagenekien Bilbondoren handitzea legearen kontra zihoala, baina aurreko udal gobernuak ez zuen horrela ikusi. Hala ere, guk gureagatik borrokatu genuen eta, horrela, Bizkaiko Auzitegiak eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman ziguten: Bilbondok eraldaketak egin ditzake, baina lurzoru komertzialean soilik”.
Basaurin Mercadona irekitzearen harira, legea betetzen ari direla adierazi dute Basauriko Merkatari Elkartetik eta, beraz, zer esanik ez dutela: “Etor dadila nahi duena, legeak errespetatzen baditu, noski”.
☉ Basauri
Espainiako Polizia Sidenor erregistratzen ari da Basaurin, Israeli altzairua saltzeagatik
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzea leporatuta

Espainiako Polizia Basauriko Sidenor lantokia erregistratzen ari da, Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzegatik irekitako ikerketaren barruan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Ildo horretan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek azaroan epailearen aurrean deklaratu zuten azaroan.
Jainagak orduan adierazi zuen Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek ez zuela irregulartasunik egin: “Salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”, esan zuen.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapa apirilaren 8an izango da
Itzuliako hirugarren etapa jokatuko da Basaurin. Helmuga Basozelain izango da

Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango a Itzulia. Eta lasterketak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Basauri-Basauri eta Galdakao-Galdakao etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Gaur jakin dugunez, eta antolakuntzak hala zehaztuta, Basauriko etapa hirugarrena izango da, apirilaren 8an, asteazkena. Irteera oraindik non izango den zehaztu ez dute, baina helmuga Basozelain izango da, GEURIAn aurreratu genuen bezala.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dute.
Galdakaoko etapa hurrengo egunean, apirilaren 9an, jokatuko da. Laugarren etapa horretan ere txirrindulariek aldapa gogorra igo beharko dute: Elexaldekoa, hain zuzen. Horren berri ere eman genuen GEURIAn.
Lehenengo etapa Bilbon izango da, eta beste etapak izango dira: Iruñea-Astitz, Eibar-Eibar, eta Antzuola-Bergara.
☉ Basauri
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari ohiak hitzaldia emango du Marienean emakumeen parte-hartze politikoari buruz
Otsailaren 12an, ostegunez, izango da hitzaldia Marienean: ‘Emakumeen parte-hartze politikoa: gertatu (ez) diren aldaketak’

Ainhoa Etxaide Amorrortu LAB sindikatuko idazkari ohiak ‘Emakumeen parte-hartze politikoa: gertatu (ez) diren aldaketak’ hitzaldia emango du euskaraz Marienean.
Otsailaren 12an, ostegunez, izango da 18:00etatik 20:00etara bitartean.
“Bizipenak partekatzea eta jakintzak kolektibizatzea izan da emakume askorentzat ikasteko modu nagusia. Gaur egun, emakume asko sartu dira esparru akademikoan, ikerketan, eta batzuek ikuspegi feminista ematen diete beren lanei. Hitzaldi honetan, bi ikerketatan ikasitakoa partekatuko dugu”, azaldu dute Marieneatik.
Hitzaldirako sarrera librea izango da, baina interesa dutenek izena eman behar dute berdintasuna.basauri.eus webgunearen bitartez, mezua bidalita marienea@basauri.eus helbide elektronikora, 946 124 100 telefono zenbakira deituz edo zuzenean Marieneara bertaratuz.
☉ Basauri
Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak 750 euro banatuko ditu euskarazko ipuin laburrak saritzeko
Lehiaketaren bederatzigarren edizioan parte hartzeko lanak martxoaren 16ra arte jasoko dituzte. Saritan 750 euroko bonuak banatuko dituzte

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren bederatzigarren edizioa abiatu du Zirt Zart Basaurik. Martxoaren 16ra bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.
Aurten “Askotan pentsatu nuen une hartan” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak idazleek.
Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.
Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, eta Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dituzte.
Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Ipuin sarituak GEURIAn argitaratuko ditugu, bai paperezko alean zein webgunean.
Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.
Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288, seigarrenean 149, zazpigarrenean 155 eta zortzigarrenean 233.
Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Lier Alvarez Palacios (Arrigorriaga), Xabat Irazabal Lopez (Gernika), Aroa Elortza Payros (Bergara), Elorri Argüeso Gundin (Bilbo) eta Zuriñe Leon Salcedo (Basauri).
☉ Basauri
Basaurin alokairua mugatzeko prozedura hasi du Eusko Jaurlaritzak
Basauriko auzo guztiak tentsio handiko merkatu izendatzeko prozedurari ekin dio Jaurlaritzak. Tentsio handiko eremu izendatuta, alokairuaren prezioak mugatuko dira

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Basauri osoa tentsio handiko gune izendatzeko prozedura hasi du, Udalak duela hiru hilabete eskaera egin eta gero.
Udal arduradunek aurreikusten dute izendapena ekaina eta uztaila bitartean gauzatuko dela.
Eta, behin Basauri tentsio handiko eremu izendatuta, alokairuaren prezioak mugatuko dituzte.
Basaurik % 30eko muga gainditzen du alokairuko etxebizitza ordaintzeko egin beharreko esfortzuari dagokionez, % 30,8ra iristen baita.
Ondorioz, alokairuaren prezioak eta horiek etxebizitza ordaintzeko gehiegizko ahalegin ekonomikoan duten eragina mugatzeko asmoz, udal ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzak ezinbestekotzat jo dute udalerria eremu tentsionatu izendatzea.
Plan espezifikoak garatzea
Legeak ezartzen duen bezala, Basauriko Udalak etxebizitzaren alorrean desorekak zuzentzeko beharrezkoak diren neurrien plan espezifiko bat eta horren garapen-egutegia idatzi behar du.
“Gure udalerriaren kasuan, izendapenaren ondoren garatu beharko den plan espezifikoan jasotako neurriak dagoeneko ezarrita daude edo ezartze-prozesuan daude. Aktibatu daitezkeen etxebizitza arloko tresna gehienak martxan daude dagoeneko, azken urteotan egindako lan garrantzitsuari esker. Enpresa espezializatu bati agindutako diagnostikoak eta neurri-planak hori berretsi besterik ez dute egin”, nabarmendu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Planak ezartzen duen ekintza indartsuenetako bat etxebizitza eskuragarria sustatzea da. Esate baterako, 2026 eta 2029 urte bitartean alde batetik 362 etxebizitza —horietatik % 73 babes publikokoak izango dira—, eta bestetik 42 zuzkidura bizitoki eraiko dituzte Basaurin.
“Alokairura bideratutako ehunekoa, Eusko Jaurlaritzarekin batera Azbarren eremuan eta bizitoki-dotazionalen sustapenean egindako ekintza koordinatuaren bidez, aldian aldiko etxebizitza-eskaintza osoaren % 46 izango da gutxienez“, dio Iragorrik.
Etxebizitza hutsak mugiaraztea
Etxebizitza erosteko Euskadiko hiri garestirik gehienak Bizkaian daude, eta Basauri da bigarren eskuko etxebizitzen prezioaren urte arteko igoerarik handiena izan duena (% 18,5).
Basaurin 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik eta Udala % 150eko errekargua ezartzen ari da erroldatutako pertsonarik ez duten etxebizitzei.
Bestetik, Udalak gauzatuko duen beste ekintza bat da Bizigune eta ASAP bezalako alokairuan bitartekaritza-programak sustatzea.
Gaur egun, Basaurik 53 etxebizitza ditu ASAP programan eta 207 Bizigunen: “Alokairu eskuragarriko merkatura bideratutako etxebizitza kopuru handia da hori, beste udalerri batzuetan (euskal hiriburuak barne) mugiarazitako etxebizitzekin alderatuz gero”, dio Iragorrik.
Zentzu horretan, Bizigune eta ASAP programetako kide diren etxebizitzei % 99ko hobaria ezartzen die Udalak, lehen % 50ekoa zenean.
Lokalak etxebizitza bihurtzea
Era berean, planak adierazten du udalerriak lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza bat izan behar duela.
Basauriko Udalak 2021etik du ordenantza hori, baina udal arduradunek eguneratu eta malgutuko dute, mota horretako etxebizitza kopurua handitzea lortzeko.
“Aldaketa hori Eusko Jaurlaritzaren bizigarritasun-dekretu berria indarrean jartzen denean egin ahal izango da, baldintzetan malguagoa izango baita”, diote. Hego Uribe eskualdean, Galdakaon dagoeneko malgutu egin dute ordenantza hori.
Egoitza-eraikinen parkeko jarduketei eta hiri-birgaitzeari dagokienez, Basauriko Udalak lehendik ere ematen ditu dirulaguntzak eraginkortasun energetikoa, irisgarritasuna eta eraikinen birgaitzea sustatzeko. Planak proposatzen duen beste ekintza bat Gaztelagun programa sustatzea da, gazteen emantzipazioari laguntzeko alokairurako dirulaguntza baten bidez. Gaur egun, Basaurin alokairu libreko etxebizitza batean bizi diren 188 gazte dira laguntza horren onuradun.











