Sareak

☉ Basauri

Etxe Maitiak eta Osakidetzak egoitzako erabiltzaileen historia klinikoa partekatuko dute

Hitzarmen honi esker, erakunde bietako osasun-langileek berehalako sarbidea izango dute erabiltzaileen historia klinikora

|

basauri etxe maitea 2012 egoitza

Zerbitzu soziosanitarioetako erabiltzaileen eta gaixoen historia klinikoa partekatzeko helburuarekin, Etxe Maitia Adinekoen Egoitzak eta Osakidetzak hitzarmena sinatu dute. Akordio honi esker, erakunde bietako osasun-langileek berehalako sarbidea izango dute erabiltzaileen historia klinikora. Aurrerantzean, gaixoak Osakidetzan duen historia oinarritzat hartuta, dagozkion kontsultak egin ahal izango dituzte eta datu kliniko berriak jaso.

Modu honetan, Egoitzan diagnostikoak egitea errazoa egingo zaie eta horrek tratamenduak finkatzea ahalbidetuko die. Era berean, historia klinikoetara sarbidea izateko baimena sinatu beharko dute Udal Egoitzako erabiltzaileek.

Beste alde batetik, Etxe Maitia Egoitzak kalitatea kudeatzeko sistemaren egiaztagiria (UNE-EN ISO 9001:2008) berritu du, eta berau indarrean egongo da datozen hiru urteotan.

50 erabiltzaileri arreta

Adinekoen udal zentroak zerbitzu ematen die beren burua zaindu dezaketen pertsonei zein besteen laguntza behar dutenei. Guztira, 50 toki ditu eta horietatik, 14 dira mendekotasun-maila handia duten pertsonak -Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartuta daude eta hark pagatzen ditu-.

Gaur egun, bazkari-zerbitzua, arreta psikosoziala eta eguneko egonaldi zerbitzua ere eskaintzen ditu Egoitzak. Horiez gain, aldi baterako egoitza-zerbitzua eskaintzen du zentroak. Zerbitzuok Egoitzako gizarte-langileak kudeatzen ditu, zuzenean. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin mendekotasun-balorazioa izapidetzen ari diren adinekoei aldi baterako egonaldiak eskaintzen dizkie Etxe Maitiak, Aldundiak tokia esleitu bitartean.

☉ Basauri

Etxebarria aita-seme trikitilariek ‘Familia gara’ disko berria aurkeztu dute Social Antzokian

Gaur aurkeztu dute disko berria Basauriko antzokian. Inaxio Perurena harrijasotzailea gondidatu izan dute aurkezpenean

|

Unai eta Koldo Etxebarria Inaxio Perurenarekin Social Antzokiko oholtzan // Geuria

Etxebarria aita-seme trikitilariek disko berria kaleratuko dute: ‘Familia gara’. Lan berria Durangoko Azokan abenduaren 6an kaleratu aurretik, diskoaren aurre-aurkezpena Basaurin egin nahi izan dute bi basauriarrek.

Gaur, azaroak 29, 13:00etan Social Antzokian egin dute aurkezpena. Bertan Inaxio Perurena harrijasotzailea eta laguna izan dute gonbidatu. Besaulkietan etxebarritarren lagunak, senideak eta ezagunak egon dira.

Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak

Diskoak 12 abesti ditu, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantekin. ‘Familia gara’ lan berrian oinarrizko euskal estiloari heldu diote: “estilo dantzagarriak, baladak, koplak, rantxerak eta rock doinuak entzun daitezke, eta baita indar handiko bertsioak ere”, diote.

“Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak ere ez dira faltako! Esaterako, ‘Sorioneku familia gara’, Euskal Herria eta gure kulturaren batasuna elkartzen dituen abestia”. Abesti horren bideoklipa 2023ko martxoan argitaratu zuten, eta bertan agertzen da, besteak beste, JJ Vaquero bakarrizketagilea.

‘Loretxoa’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Let it be’ abestien bertsioak ere jasoko ditu lan berriak. Trikitixa eta panderoa dira instrumentu nagusiak eta horiekin batera akordeoia, kitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak eta bateria ere entzun daitezke.

Diskoa salgai egongo da Durangoko Azokan 15 euroan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

|

Kareagako anbulatorioan hasi dute sinadura bilketa gaur // Geuria

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.

Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.

Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

|

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.

Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Merkatu solidarioa antolatu dute Basaurin, Bielorrusako umeen alde

|

Merkatu solidario bat // Artxiboko irudia, Geuria

Merkatu solidarioa antolatu du Basaurin Acobi elkarteak Bielorrusiako umeentzat dirua biltzeko. Merkatua zabalik dago abenduaren 3ra bitartean Agirre Lehendakaria kaleko 57. zenbakiko lokalean, Herriko Taldeaken ondoan.

Liburuak, jostailuak, tresneria, apaingarriak edota imitaziozko bitxiak bildu eta salduko dituzte lokalean. “Espazioa dela eta, ezin dugu arroparik jaso edo saldu”, diote antolatzaileek.

Merkatu solidarioa zabalik dago astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

“Gerra kontuengatik etortzerik ez dutenez, dirua bidaliko diegi han behar dutena eros dezaten”, diote sustatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxez etxeko laguntza zerbitzuan arreta ordu gehiago eskainiko ditu Basauriko Udalak

|

ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu nahi du Udalak // Geuria

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) araudia berrituko du Basauriko Udalak. Besteak beste hobekuntza hauek onartuko dituzte azaroko osoko bilkuran: mendekotasun-mailaren bat onartua duten erabiltzaileei arreta emateko ordu gehiago eskainiko dituzte, “nahi izanez gero eta egoerak ahalbidetuz gero, etxean denbora gehiago egon ahal izan daitezen”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak.

Zehazki, bizikidetza-unitatean kide batek baino gehiagok baldin badute mendekotasun-balorazioa, maila handiena duenari dagozkion orduez gain, mendekotasun egoeran dagoen beste pertsonari dagokion ordu kopurua % 50 handituko dute.

Era berean, desgaitasuna onartuta duten 60 urtetik gorako pertsonek eta mendetasunik onartua ez duten 65 urtetik gorakoek ere gehienez 20 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte hilean, aldez aurretik balorazio teknikoa eginda.

“Azpimarratu behar da 85 urtetik gorako pertsonek, bakarrik bizi badira eta familian nahiz gizartean laguntza-sare nahikorik ez badute, erregelamendua onartu ostean, etxez etxeko laguntza eskatu ahal izango dutela hilean gehienez 30 orduz, bestelako baloraziorik egin behar izan barik”, dio Larrinagak.

Arau-testu berrian jasotako hobekuntzen artean, balorazio teknikoaren arabera babesgabetasun-egoeran edo arriskuan, bazterketa-egoeran edo abandonu-egoeran dauden edo tratu txarrak jasaten ari diren pertsonek hilean gehienez 30 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte, “betiere etxez etxeko laguntza-zerbitzuak eman ditzakeen prestazioak behar badituzte”, dio.

“Oro har, neurri horien bitartez, ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu gura dugu eta, horretarako, zerbitzuaren intentsitatea eta malgutasuna areagotzeaz gain, prestazioak konbinatzeko aukera ere handiagoa izango da”, dio Larrinagak.

Osorik irakurri