Urtarrilaren 16an, larunbatez, 15:00etatik aurrera Basaurik Euskal Herriko Mus Txapelketarako kanporaketa hartuko du. Iratxo Tabernan ospatuko da kanporaketa eta parte hartu nahi duen bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko ditu.
Zazpi herrialdeetako kanporaketak otsailaren 20an izango dira eta Bizkaiaren kasuan, Zornotzan ospatuko da. Bizkaiko kanporaketara heltzea lortzen dutenek aukera izango dute ondoren, martxoaren 5ean Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketan aritzeko. Final nagusia Zuberoan ospatuko da, Urdiñarbe herrian.
3.000 € irabazleentzat
Martxoaren 5ean izango den finalean hainbat sari egongo dira. Txapeldun nagusiek txapela, garaikurra, 3.000 euro eta lau lagunentzat Karibera bidaia irabaziko dute; txapeldunordeek garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzat Kanariar Uharteetara bidaia; hirugarren bikoteak 750 euro eta lau lagunentzat asteburuko egonaldia jasoko du; eta laugarrenak 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
Bosgarren bikote sailkatutik hamaseigarrenera arte ere sariak banatuko dituzte Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketako antolatzaileek, baita herrialdeko finaletan ere, hala nola, txapelak, garaikurrak, astebururako egonaldiak eta bazkari eta afariak, besteak beste.
