☉ Basauri
Juan Jesus Sanchez kantabriarrak irabazi du Ganorabako 2017 Komiki lehiaketa
Aurten 35 lan aurkeztu dituzte Ganorabakao Komiki lehiaketara: Bizkaiko 10, Euskal Herriko 8 eta Espainiako 17. Hauek izan dira saridunak:

Kultur Basaurik iragarri du zeintzuk izan diren aurtengo Ganorabako Komiki lehiaketako irabazleak. Juan Jesus Sanchez kantabriarrak lehenengo saria eskuratu du El Jardín de las ideas lanari esker. 900 euroko saria jasoko du Sanchezek.
Adrian Arias valentziarrak 450 euroko bigarren saria lortu du Amateur komikiagatik eta Francisco Locbon madrildarrak 300 euro irabazi ditu hirugarren saria eskuratuta Auzo-Mafia lana aurkeztuta. Saririk gabeko euskarazko akzesita Unax Zubeldia hernaniarrarentzako izan da. Zubeldiak 300 euro jasoko ditu. Saririk gabeko Basauriko autorerik onenarentzako saria ez dute banatu aurten.
Epaimahaia osatu dute Alex Orbe, Mamen Moreu eta Alberto Muriel marrazkilari eta komikigileek.
35 LAN AURKEZTUAK
Aurten 35 lan aurkeztu dituzte Ganorabakao Komiki lehiaketara: Bizkaiko 10, Euskal Herriko 8 eta Espainiako 17. Aurkeztutako komikietatik 10 emakumeek eginikoak izan dira eta 8 euskaraz eginak izan dira.
Sarituen erakusketa egingo dute Pozokoetxe Kultur Etxean maiatzaren 8tik aurrera. Ondoren, Ganorabako aldizkaria argitaratuko dute sarituak izan diren komikiekin.
KOMIKI AZOKA APIRILEAN
Kultur Basaurik bigarren eskuko, okasio, bildumazaleen eta auto-argitaratutakoen Komiki Azoka antolatuko du apirilaren 30ean, igandez, Arizko Dorretxean.
☉ Basauri
Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.
Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.
Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.
Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko.
Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.
☉ Basauri
Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean
Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.
Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.
Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.
Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Karnabas mozorro lehiaketa, 90 segundutan!

Inautxok gidatuta, euriak ez du mozorro lehiaketa geldiarazi Basaurin. Furbyak, Pinotxo eta Gepeto, haginlariak, Ratatouille, txorimaloak, euliak, estralurtarrak, oiloak eta lau urtaroak… ez da inor falta izan! Hona hemen mozorro lehiaketako laburpena!
☉ Basauri
Bideoa | Zenbat denbora eman dute basauriarrek mozorroak prestatzen?

Inauteriak dira eta Basauriko kaleak mozorroz bete dira otsailaren 14an, larunbatez. Euria egin arren, mozorro lehiaketa antolatu dute Solobarriako karpan [hemen argazkiak!]. Eta bertan topatu ditugu estralurrarrak, furbyak eta oiloak eta baserritarrak. Zenbat denbora eman dute mozorroak prestatzen?
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).








































