Sareak

☉ Basauri

Basauriko 550 familia baliatu dira iaz Gizarte Larrialdietarako Laguntzetaz

Udalak 620.506 euroko diru-laguntzak bideratu ditu beharrizan egoeran dauden herritarrentzako 2016an zehar. Iaz 624 laguntza jaso dituzte 550 familiek.

|

basauri herritarrak

Basauriko Udalak 620.506 euroko diru-laguntzak bideratu ditu beharrizan egoeran dauden herritarrentzako 2016an zehar. Iaz 624 laguntza jaso dituzte 550 familiek.

Eusko Jaurlaritzak eta Udalak finantzatzen dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). 2016an banatutako 620.506 euroetatik, 494.478 euro gobernu autonomoak jarri ditu -aurreko ekitaldietan baino handiagoa- eta gainontzeko 126.028 euro Basauriko Udalak ordaindu ditu.

Emandako diru-laguntzak, gehienbat, etxebizitzen mantentze-gastuetarako (argindarra, ura, komunitatea, oinarrizko ekipamendua), oinarrizko beharrizanetarako eta etxebizitzatik eratorritako gastuetarako izan dira (alokairua, kreditu-amortizazioak edota zorpetzea ordaintzeko).

UDAL AURREKONTUETAN PARTIDA

Eusko Jaurlaritzak Udalei banatzen dien aurrekontu-partidaz gain, Basauriren kasuan Udalak partida hori osatu egiten du udal aurrekontuarekin, “herrian ez dadin gizarte-bazterkeria egoerarik eman, edo ematen badira, horiei aurre egiten laguntzeko“, diote udal ordezkariek.

Modu horretan, udal aurrekontuaren 126.028 euroetatik, 95.045 euro bideratu ziren udalerriko GLL beharrizan osoa asetzera eta 30.983 euro joan ziren aldizkakoak ez diren udal laguntzetara (gizarte-bazterkeria arriskuko egoerak, zeintzuk, duten izaera bereziagatik, ezin duten beste laguntzarik jaso).

ESKAERA KOPURUAK BEHERA

Asier Iragorri Basauriko Udaleko Gizarte-politika Arloko ordezkariak dioenez, 2016an basauriar gutxiago hurbildu dira udal gizarte-zerbitzuetara diru-laguntza eske: iaz 628 izan dira eta 2015ean 715 izan ziren.

Era berean, aurreko urteetan ukatutakoen parekoa izan da joan den ekitaldian ukatutako diru-laguntzen kopurua ere (38 2016an eta 37 2015ean). Baztertutako eskabideak izan dira, besteak beste, baliabide ekonomikoen baldintza betetzen ez zutenak, aparteko ordainsarien xedea zuritu ez dutenak, baimendutakoak baino higiezin gehiago zutenak edota aitortutako familia-unitatearen eraketan irregulartasunak zituztenak.

Iaz GLLak gutxiago banatu dira, ez delako beharrezkoa izan: eskabide gutxiago egon dira eta, beraz, testuingurua baikorragoa da: basauriar gutxiago dago gizarte-bazterkeria egoeran. Dena dela, beharrezkoa izan balitz, aurrekontuak aukera emango zukeen gehiago banatzeko“, dio Iragorrik.

☉ Basauri

Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten

|

Basauriko Argazkilari Elkarteko kide batzuk Asier Iragorri eta Maria Larrinaga udal ordezkariekin // Basauriko Argazkilari Elkartea

Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten. 2011n sortu zuten elkartea zaletu batzuek argazkigintza ikasi, praktikatu eta zaletasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin.

“Basauriko Udalak berak antolatu eta diruz laguntzen dituen Ibaiganeko argazki-tailerreko ikastaroetan parte hartzen duten zaleak hurbiltzen saiatzen gara gure elkartera, baita zaletasun bera duten pertsona guztiak ere, zaletasun hau sustatzen jarraitu ahal izateko”, diote elkarteko ordezkariek.

Basauriko Argazkilari Elkarteak egoitza du Leon kaleko 13. zenbakian, eta hamaika ekintza antolatzen dituzte. Esaterako, ikasteko eta aholkuak emateko asteroko bilerak, argazkigintzari buruzko hitzaldiak, irteerak hilero, hileroko erronka bat, erakusketak edota Basauriko beste talde eta elkarte batzuekin lankidetzak.

“Gaur egun Euskadiko Argazkilari Elkarteko kideak gara, eta harremanak ditugu Euskadiko eta Euskaditik kanpoko beste argazki-elkarte batzuekin”, diote.

Urtarrilean Asier Iragorri alkateak eta Maria Larrinaga Kultura arloko zinegotziak bertatik bertara ezagutu zuten Basauriko Argazkilari Elkartearen jarduna eta euren lokala bisitatu zuten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zigor Orbe preso basauriarra aske geratu da kondena osoa bete ostean

|

Argazkia: Etxerat

Zigor Orbe Sevillano preso basauriarra aske gelditu da zigor osoa bete ostean.

2004an atxilotu zuten Orbe Basaurin autobus bat erretzegatik, gidaria barruan zegoenean.

Frantzian atxilotu zuten eta 2010ean Espainiako estatuaren esku utzi zuten.

2021ean Cadizetik Zaballako espetxera lekualdatu zuten zigorraren hiru laurdenak betetzear zituenean. Orduan, Espetxe Erakundetik esan zutenez, indarkeria gaitzetsi zuen, bere gain hartu zuen biktimei egindako kaltea eta haien erreparazioaren alde egin zuen.

2022an hirugarren gradua onartu zioten eta 2023ko abuztutik baldintzapeko askatasunean zegoen. Orbek zigor osoa bete du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Txikientzako eta helduentzako euskarazko antzezlanak taularatuko dituzte otsailean Basauriko Social Antzokian

Umeentzako ‘Bazen behin…’ eta nagusientzako ‘Arizona’ antzezlanak izango dira Social Antzokian, euskaraz

|

Otsailaren 27an Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek 'Arizona' antzezlana ekarriko dute Social Antzokira // Argazkia: Javier Naval, Txalo Produkzioak

Social Antzokiak euskarazko bi antzezlan taularatuko ditu otsailean, bat txikiei zuzendutakoa eta bestea helduei zuzendutakoa.

Otsailaren 22an, igandez, 12:30ean Tiritirantes konpainiak ‘Bazen behin…’ lana ekarriko du Basauriko antzokira. Emanaldia 3 urtetik gorako umeei dago zuzenduta eta zirkua, magia eta musika bezalako disziplinak ikusi ahal izango dira. Sarrerak salgai daude 6 euroan.

Eta, otsailaren 27an, ostiralez, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek ‘Arizona’ antzezlana ekarriko dute (20:00). Mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruz hausnartzera gonbidatzen du lanak umorea erabiliz. Sarrerak salgai daude 10 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek 5 euro ordainduko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

|

Ertzaintzako ibilgailuak // Geuria, artxiboa

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.

Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.

Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.

Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko. 

Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean

Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

|

Emakumeari aurkitutako droga // Ertzaintza

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.

Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.

Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.

Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.

Osorik irakurri