☉ Arrigorriaga
Hautagaitza errepikatuko dute alkate gehienek maiatzeko bozetan
Andoni Busquet (Basauri), Ibon Uribe (Galdakao), Asier Albizua (Arrigorriaga), Loren Oliva (Etxebarri) eta Ekaitz Mentxaka (Ugao) alkateek maiatzaren 24an ospatuko diren Udal Hauteskundeetarako hautagaitza errepikatuko dute. Horrela adierazi dute Eusko Alderdi Jeltzaleak eta La Voz del Pueblo alderdiak. Bost alkateek lehenengo legeladia burutuko dute aurten eta bigarrengoari ekiteko erabakia hartu dute, bozetako emaitzek hala agertuz gero. Aipatzekoa da Basaurin hogeita bost urtez Basaurin lanean izan diren Loly de Juan (PSE) eta Jose Maria Agüeros (PP) politikariak ez direla hautagai izango.
Era berean, beste alderdietako hautagaiak aurkeztu dituzte zenbait herritan. Hala nola, Basaurin Natalia Gardeazabal da EH Bilduko hautagaia eta Soraya Morla, PSEkoa; Galdakaoren kasuan, Beatriz Ilardia da EH Bilduko hautagaia eta Etxebarrin Guillermo Ortegak hartuko du EAJren ordezkaritza.
Hautagaiak aurkezteko epea apirilaren 15ean hasiko da eta hilaren 20ra arte luzatuko da. Hautagai-zerrenden aldarrikapenak apirilaren 27an egingo dira eta maiatzaren 8an emango diote hasiera hauteskunde-kanpainari, maiatzaren 22ra arte. Bozketa-eguna maiatzaren 24an izango da.
☉ Arrigorriaga
Loraldia Plazak Karlos Aretxabaletaren ‘Izarrak eta Haitzak’ liburua ekarriko du Arrigorriagara
Txapelek ‘Izarrak eta Haitzak’ liburuaren inguruko euskarri anitzeko adierazpena eskainiko du urriaren 23an, Arrigorriagako kultur etxean
Loraldia Plazaren hirugarren edizioa urriaren 18tik 27ra antolatu dute Zaratamon eta Arrigorriagan. Festibalean Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ idazle eta irakasleak parte hartuko du kaleratu berri duen Izarrak eta Haitzak liburuaren haritik (Sua edizioak, 2024). GEURIA liburuaren inguruan aritu zen bere sortzailearekin joan den apirilean.
“Loralditik esparru literarioarekin lotura zuen jardueraren bat behar zuten eta Izarrak eta Haitzaken haritik nire lanak arreta erakarri zien”, azaldu du idazleak. “Pozik hartu nuen Loraldian parte hartzeko aukera, egia esateko”.
Txapelek urriaren 23an eskainiko du Izarrak eta Haitzak liburuaren inguruko “jarduera”, komatxoen artean, izan ere liburuaren aurkezpen bat izango ez delako: “Ez dut nire liburuaren solasaldia egingo; lanaren adierazpen multidiziplinarra egingo dugu Arrigorriagako hitzorduan: antzerkia, biderogintza, musika, literatura, bertsolaritza… diziplinak uztartuko ditu nolabait”.
“Ez dut nire liburuaren solasaldia egingo; lanaren adierazpen multidiziplinarra egingo dugu Arrigorriagako hitzorduan”
Liburuko kapitulu batzuk aukeratuko dituzte eta adierazpen bat egokituko diote bakoitzari hilaren 23an, 19:30ean, Edurne Garitazelaia kultur etxeko goiko solairuan. Euskarri anitzeko adierazpen horrekin batera, solasaldi txiki bat eskainiko du Txapelen liburuaren ekitaldiak: “Helburua liburua Arrigorriagari aurkeztea da euskarri diferenteen bidez eta bertan parte hartuko dutenak herrikoak izango dira. Gainera, liburuko protagonistaren bat ere hurbilduko da hitzordura”, azaldu du idazleak.
Udazken kulturala eskualdean
Urriaren 18an eta 19an Zaratamon hasiko da Loraldia eta hurrengo asteburuan, 23tik 27ra bitartean, Arrigorriagan izango da: “Hirugarren edizio honetan bederatzi ekintza burutuko dira, diziplina anitzak uztartuko dituztenak: musika, literatura, dantza, teatroa, bertsolaritza eta gastronomia“, azaldu dute Loraldiatik.
Loraldia Plazak Maite Larburu, Jon Maia, Haatik, Andoni Mutiloa, Kresala, Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxea ekarriko ditu eskualdera urrian.
☉ Arrigorriaga
Zabaldu dute Arrigorriagako Emakume Sortzaileen Azokan izena emateko epea
Irailaren 28an Emakume Sortzaileen azokaren hirugarren edizioa antolatu dute eta interesdunek hilaren 19ra arte eman dezakete izena
Irailaren 28an Emakume Sortzaileen azokaren hirugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan, Teodosia Ortega parkean, 11:00etatik 14:30ak arte: “Merkatu honen helburu nagusia da emakume sortzaileei espazioa eskaintzea, beren lana ikusgarri egiteko”, azaldu dute Udaletik.
Hori dela eta, azokan saltokia ipini gura duten emakumeek izena eman beharko dute irailaren 19ra arte eta parte-hartzeko hainbat modu daude: aurrez aurre Udaletxeko edo Abusu Zenro Soziokulturaleko HAZen, posta arruntaz edo telematikoki (egoitza elektronikoaren bidez).
Azokan adina nagusiko edo EAEko edozein udalerritako emakumeek parte hartu dezakete, baina udal ordezkariek azpimarratu dute lehentasuna emango dietela Arrigorriagan bizi diren emakumeei: “Saltzaileek norberak sortutako produktuak saldu ahalko dituzte eta ezin izango dute erositako edo erabilitako produktuak saldu”. Udalak mahai bi utziko dizkiete parte-hartzaileei.
Zalantzarik izan ezkero interesdunek harremanetan jarri daitezke Udalarekin berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidera mezua bidaliz edo 944 020 224 telefono zenbakira deituz. Baldintza guztiak Arrigorriagako Udaleko webgunean topa daitekez.
☉ Arrigorriaga
Aqua-gym, body cycle, zumba eta igeriketa ikastaroak euskaraz eskainiko ditu Arrigorriagako Udalak
Aurten, berritasun modura GAP ikastaroa eskainiko dute ere Arrigorriagako kiroldegian
Arrigorriagako Udalak ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko epea iragarri berri du eta horietako lau, aqua-gym, body cycle, zumba eta igeriketa (haurrentzako eta hobekuntzarako ikastaroak), euskara hutsean eskainiko ditu.
Bestelako ikastaroei begira, nabarmendu beharrekoa da aqua-gym, helduentzako gimnasia, pilates, body fit, yoga, kaloriak erretzea, emakumeentzako running edo igeriketa… bezalako kirol jarduerez gainera, aurten, berritasun modura GAP ikastaroa eskainiko dutela Udaletik. Kirol ikastaroetako xehetasunak (ordutegiak, prezioak, epeak…) Arrigorriagako Udaleko webgunean topa daitezke.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Aurrekontu parte-hartzaileek 13 aukera eskainiko dizkiete heritarrei
Arrigorriagarrek irailaren 30era arte daukate aurrekontu parte-hartzaileetako 300.000 eurorekin zer egin nahi duten erabakitzeko
Arrigorriagarrek irailaren 30era arte daukate aurrekontu parte-hartzaileetako 300.000 eurorekin zer egin nahi duten erabakitzeko. Hasierako fasean 174 proposamen egin zituzten eta udal-teknikariek, gobernu-taldekideekin batera, bideragarritasun-azterketa eta azken behaketa egin zituzten, eta hainbat neurri hautatu zituzten.
Herritarren ekarpen horiek iragazi eta Udalaren arabera “oreka” bilatu nahi izan dute balio erantsiko irizpideetatik abiatuta: lehentasuna, eraginkortasuna, ahalik eta herritar gehienei mesede egitea, etab. Herriguneari eta Abusuri buruzko proposamenak sartzen saiatu dira eta guztira 13 neurri aukeratu dituzte eta horiek hiru multzotan sailkatu dituzte: 0 eta 50.000 euro bitarteko bost proposameneko zerrenda bat, 50.000 eta 100.000 euro bitarteko bost proposameneko beste bat, eta 100.000 eta 150.000 euro bitarteko hiru proposameneko azken zerrenda bat. “Lehenengo zerrendan gehienez bi proposamen aukeratu ahal izango dituzte parte-hartzaileek, eta, azken bietan, berriz, aukera bakarra; guztira, lau proposamen”, azaldu dute udal ordezkariek eta herritar bakoitzak behin bakarrik eman dezakeela botoa gogorarazi dute.
13 proposamenak
0 eta 50.000 euro bitarteko proposamenak
– Donantes plaza konpontzea Lonbo saskibaloi zelaia margotu eta txukuntzea
– Plaza berrirako eskailerak konpontzea
– Espaloia beheratzea Abusuko Zamapeña jubilatuen etxe ondoko plazaren irteeran
– Ludoteka insonorizatzea (Lamiaena)
50.000 eta 100.000 euro bitarteko proposamenak
– Lonbon komun publikoa ipintzea
– Lamierreketako autobus geltokia egokitzea
– Txakurrentzako trebetasun-parkea
– Lamierreketako iturria atontzea
– Montefuerteko zelaiaren perimetroko hesiak konpontzea
100.000 eta 150.000 euro bitarteko proposamenak
– Olatxuko haur parkea estaltzea
– Lonboko futbol-zelaiaren belarra aldatzea
– Agirre Lehendakaria parkeko jolasgunea naturalizatzea (Juan Garaigorta)
Modu bitan eman daiteke botoa: alde batetik inprimakia betez eta hainbat udal-eraikinetan jarriko diren hautestontzietan zuzenean utziz (inprimakia etxe guztietara helduko da eta udal-eraikinetan ere egongo da), edo, bestela, prozesurako sortu den web atariaren bidez.
Fase hau amaituta, botoen zenbaketa egingo dute urrian eta 2025eko aurrekontuan sartuko diren herritarren proposamenak iragarriko ditu Udalak.
“Arrigorriagan horrelako ariketa kolektiboa egiten den bigarren aldia da, eta emaitza ikaragarria izaten ari da. Lehenengo fasean 174 proposamen jaso genituen, eta parte-hartze altu hori oso garrantzitsua da guretzat”, izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearen berbak. “Orain arte egin bezala, prozesuan jarraitzera animatzen ditugu herritarrak. Guretzat plazer handia da zuekin, Arrigorriagako herritarrekin, bidea egiten jarraitzea”.
☉ Arrigorriaga
Hasi dituzte Arrigorriagako Ollargan auzoko berrurbanizazio lanak
Ondo bidean, eta Arrigorriagako Udalaren aurreikuspenen arabera, lanak 2026ko urtarrilean bukatuko dituzte
Arrigorriagako Udalak atzerapenik gabe hasi ditu Ollargan auzoko berrurbanizazio lanak: “Proiektuaren helburu nagusia dauden oztopo arkitektonikoak konpontzea da, irisgarritasuna hobetze aldera”. Lanak, GEURIAn ekainaren amaieran iragarri lez, abuztuaren amaieran hasi ziren eta hainbat fasetan burutuko direla gogorarazi dute udal ordezkariek. Obrek 17 hilabete inguruko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Hau da: arazorik ezean 2026ko urtarrilean amaitzea espero dute.
Udaleko sare sozialetan argitaratutako argazkietan makinak ikus daitezke Abusuko auzoan: lurra altxatu eta espaloiak kendu dituzte dagoeneko eta auzoa poliki-poliki itxura aldatzen ari dela ikusten da.
Guztira 1.573.000 euro bideratu ditu Arrigorriagako Udalak Abusuko Ollargan auzoa goitik beher eraldatzeko: “Proiektuaren helburu nagusia dauden oztopo arkitektonikoak konpontzea da, irisgarritasuna hobetze aldera”, azaldu zuen joan den ekainean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako zinegotzia eta udaleko arkitekto teknikoarekin. “Horretarako, plataforma bakarra sortuko da auzoko kale guztietan, espaloiaren eta galtzadaren arteko maila kenduz”.
Arrigorriagako Udala: “Proiektuaren helburu nagusia dauden oztopo arkitektonikoak konpontzea da, irisgarritasuna hobetze aldera”
Oztopo arkitektonikoak ezabatzearen esparruan auzoko eskailerak kendu eta horien ordez arrapalak ipiniko dituztela aipatu zuten ekainean, auzo irisgarriagoa sortzeko.
Gainera, Abusuko kaleetan bestelako aldaketak egongo direla aipatu zuten: Manuel Araluze parkean aparkaleku publiko bat eraikitzeko asmoa plazaratu zuten eta ez hori bakarrik: saneamenduaren, argiteriaren, zintarrien, zoladuraren, eskaileren, asfaltozko aglomeratuen, bide-pinturaren, seinaleztapen bertikalaren, altzarien, baranden eta lorezaintzaren inguruko jarduketak egingo dituzte ere, besteak beste.