Irailaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria aukeratzeko hauteskundeez gain, San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe eremuak berroneratzeko proiektuari buruzko herri-galdeketara deituak izango dira 18 urtetik gorako basauriarrak.
Guztira, 11 hauteskunde-kolegio egongo dira eta Basauriko Udalak 16 hautestontzi jarriko ditu kontsultako botoak jasotzeko. Hauteskunde-kolegio bakoitzean hautestontzi bat edo bi jarriko dira, erroldatu kopuruaren arabera: hautestontzi bakarra ipiniko dute CIPED heziketa profesionaleko eskolan, Sofia Taramonan, Arizko Dorretxean, Basozelai ikastetxean, Kultur Etxean eta Udal Euskaltegian; eta bi hautestontzi egongo dira Pozokoetxen, Musika Eskolan, San Jose ikastetxean, Kareagan eta Bizkotxalden. Hauteskunde-kolegioaren sarreran behar bezala seinaleztatuko dira hautetsontziak dauden tokiak.
