Hamar eguneko ekitaldia izan arren, Korrika hilabete askotako antolaketa da. Geuria Etxebarriko eta Basauriko arduradunekin izan da herri txikietan eta handietan Korrikaren nondik norakoak ezagutzeko.
Gero eta gutxiago falta da Hego Uribe eskualdean euskararen alde korrikan hasteko. Izan ere, martxoaren 28an helduko da gurera 19. Korrika. Eta hori kaleko giroan nabari da: euskararen aldeko lasterketaren kartelek eta muralek herrietako hormak hartu dituzte.
Horren harira, Korrikaren atzeko lanari erreparatu behar diogu, ez baita egun batzuetan dena antolatzen. AEKko egitura nazionalean Korrika tokatzen ez den urtean ere badago jendea horretarako soilik lanean, eta hainbat kontu lotzen dituzte: “Irudi aldetik nondik jo nahi den, hasierak/amaierak proposatzen dira eta omendua eta mezua zein izan daitezkeen, besteak beste, zehazten dira”, dio Erruben Del Cura Basauriko AEKko kideak: “Ondoren, eskualdeoi galdetu egiten zaigu nondik ikusten dugun beharrezko Korrika pasatzea. Horrek ez du esan nahi guk esaten dugun guztia onartuko dutenik”.
Antolaketa lanei dagokienez, ekainetik aurrera eskualdeko AEKko kideek proposamenak eta ideiak botatzen dituzte: “Basauriren kasuan, lanaren zatirik garrantzitsuena urritik aurrera egiten dugu: aurkezpena non egin, Udalei zein eskari egin behar zaien pentsatzen dugu, baita plantea litezkeen kultur ekitaldien arabera zer behar tekniko izango ditugun ere”, dio Del Curak. Kuestazio eguna ere oso garrantzitsua da (aurten martxoaren 8an izan da). Izan ere, Errubenen ustez, “kalera ateratzeko lehenengo egun potentea da eta herria girotzea eta jendea erakartzea dira helburu nagusiak”.
Etxebarrin, urtarrilaren amaieran hasi ziren antolakuntzarekin. Hamabost egunean behin egin dituzte bilerak eta bertan, “Korrika bera antolatu dugu, baita Korrika Txikia ere. Azkenik, kultur jarduerak ere adosten ditugu. Prozesu erraza izan da”, dio Aitor Idiakez Etxebarriko Korrika arduradunak: “Etxebarrik duen kilometro kopuruari erreparatuz -lau kilometro-, guk zehaztu egiten dugu ibilbidea, fisikoki, eta gero zatiak markatzen ditugu. Azken urteetako ibilbide ia berdina da aurtengoa”. Idiakezek aitortu duenez, “gero eta elkarte gehiagok parte hartzen du eta horren ondorioz, tarteak gero eta motzagoak dira”. Egoera horren aurrean, lekukoa eraman ahal izateko bikoteak egin behar izan dituzte, “elkarte motaren arabera”.
KORRIKA BATZORDEAK, JENDETSUENAK
“Herri mailan dauden herri batzordeetatik jende gehien etortzen den batzordea Korrikakoa da”. Horretan argi agertu da Aitor Idiakez. Esate baterako, aurreko urtean hogei elkartek parte hartu zuten Korrika Batzordean eta aurten hogeita bik: “Bakoitzak bere interesak eta bere motibazioak ditu, baina euskaraz gain kirol kutsu hori ere badauka Korrikak, orduan, oso gustura etortzen dira”. Etxebarri herri txikia izanagatik Batzorde bakarra dute eta bertan Udaleko euskara arloaz gain, “era guztietako elkarteek parte hartzen dute: kirol eta kultur elkarteak, ikastetxeak eta guraso elkarteak, besteak beste”.
Basauriko egoera bestelakoa da: “44.000 biztanleko hirian ez litzateke funtzionala izango Batzorde bakarra eratzea”, dio Erruben Del Curak. Horiek horrela, arlokako banaketa egiten dute: langileak, kultura, hezkuntza, herri mugimenduak, txokoak eta auzo elkarteak. Guztira, hamahiru bat batzorde daude Basaurin.
Ekarpen ekonomikoari dagokionez, bai Etxebarrin bai Basaurin elkarte gehienek horren alde egiten dute, “baina dirurik jarri ezin duenak ere asko laguntzen du: adibidez, 3.000 ur botila supermerkatutik hartu eta ibilbidean zehar kokatzen dituzte, kartelak egiten dituzte, herria dekoratu eta abar luze bat”, bat egin dute bi arduradunek.
