Etxebizitza-eraikinetatik ikur frankistak kentzeko prozesuari berriro ekingo dio Basauriko Udalak. 65 komunitatek ez dute oraindik baimenik eman
Etxebizitza-eraikinetatik ikur frankistak kentzeko prozesuan aurrera darrai Basauriko Udalak. Gaurko datara arte, 2012an antzemandako 164 aztarna frankistetatik 99 desagerraraztea lortu da. Frankismo garaiko ikurrak kendu ahal izateko Udalak etxebizitzetako jabeen baimena behar du. Horretarako, gutuna bidaliko die oraindik ere ikur frankistak dituzten komunitateei (65 etxebizitzei, alegia).
Gaur egun, San Migelen zeuden aztarna frankista guztiak, %100ean, kenduta daude, eta gainerakoan, udalerrian 39 ikur kentzea ahalbidetu da. Bestalde, 65 komunitatek oraindik ez dute baimenik eman ikur horiek kentzeko. “Kontua ez da auzokideek ez dituztela ikur horiek kendu nahi; arazoa da askok ez dakitela existitzen direnik ere”, dio Nerea Renteriak, Basauriko Udaleko Lurralde-politika eta Kontratazioko ordezkariak.
2012TIK 99 PLAKA KENDU DITUZTE
Lau Haizetara Gogoan kolektiboak ikur frankistak kentzeko mozioa aurkeztu zuen Basauriko Osoko Bilkuran 2012an eta EAJren, Bilduren eta PSEren aldeko botoak izan zituen.
Horren harira, Basauriko Udalak txostena egin zuen. Bertan jaso zuten Francoren garaiko zenbait ikur geratzen zirela 164 etxebizitzatan. Besteak beste, Etxebizitzaren Institutu Nazionalaren metalezko zenbait plaka, kalearen izena jasotzen zuten porlanezko zenbait errotulu, atariaren zenbakia adierazten zuten porlanezko plakak eta Sindikatu Bertikalaren ikurra.
Argazkia: Bidebieta
