Irantzu Chaurrondo Basauriko Koralan hasi zen abesten, eta orain, herriz herri dabil kontzertuak ematen Honat Trikicore taldearekin. Musika erabili du Basauriren alde egiteko eta, horregatik, gero eta ezagunagoa da herrian, batez ere, umeen artean
Musika eta Basauri lotzen ditugunean Irantzu Chaurrondo (Basauri, 1991) datorkigu burura. Izan ere, azken urteotan erritmoz bete ditu Basauriko Jaiak Eskarabilleraren omenezko abestiarekin eta, gainera, euskara bultzatzeko ‘’Bagara’ abestiaren abeslaria da. Musika zainetan eraman du bizitza osoan, baina ez zen bere gaitasunaz ohartu nerabea izan arte. Orain, geldiezin dabil basauriarra, Honat Trikicore taldearekin batera kontzertuz-kontzertuz, eta beti proiektu berrien bila.
Irantzu Ariz auzoan bizi izan da beti, Etxegarai ikastetxean eta Urbi institutuan ikasi eta, ondoren, euskal filologiako goi-mailako ikasketak egin zituen Gasteizen. Irakaslea da orain, betiere, abesteko grinari aurre egiten. Hori bai, ez ditu inoiz familia, lagunak, bikotea eta Bizi eta Golfo izeneko bere txakur maiteak baztertzen.
Noiz izan zenuen musikarekin lehen kontaktua?
15 urte nituenean eta halabeharrez. Lagun baten etxean musika entzuten ari ginen, eta orduan, nahigabe, abesten hasi nintzen. Bere ama etorri, ahots polita nuela esan, Basauri Koral Elkartean abesten zuela kontatu eta abesbatzan sartzeko proba bat egitea proposatu zidan. Egia esan, hasieran ideia baztertu egin nuen, lotsa zela eta, baina egun batzuen ostean, lagunaren amari deitu eta saiatu nintzen. Ia zazpi urte eman nituen abesbatzan eta han ikasi eta bizi izan nuen esperientziari esker, lotsa galdu, eta familia eta lagunen aurrean bakarrik abestera ausartu nintzen.
Basauriko abesbatzak eta Honat erromeria taldeak musika ezberdina lantzen dute. Nola egin zenuen salto batetik bestera?
Abesbatzan nire musikarekiko grina handitu egin zen, eta, bat-batean, bestelako aukerak izan nituen. Lehenengo country erritmoko talde batean aritu nintzen; nire burua hobeto ezagutzeko balio izan zidan. Ondoren, erromeria talde batean saiatu nintzen; bi urtez egon nintzen haiekin eta esperientzia handitzeko egundoko aukera izan zen. Azkenean, trikitilari baten izena eman zidaten, talde bat osatzeko abeslari baten bila ari zirela. Proba egin nuen, eta hasieratik elkar-ulertze handia izan genuen. Ez nuen pentsatu ere egin, oso erraza izan zen haiekin bat egitea eta orain, lagun minak gara.
Gogoratzen duzu Honat taldearekin eman zenuen lehen kontzertua?
Bai, eta ahazteko modukoa da. Ez dut esango non izan zen baina bai, esperientzia falta genuela konturatu ginela: urduritasuna, kontzentrazio gutxi, etab. Zorionez, orain, hobetu egin dugu eta kontzertu onak ematen ditugula esan dezaket.
Azaldu Honat ezagutzen ez duenari zer motatako kontzertuak ematen dituzuen…
Euskal erromeria taldea gara, bertsioak egiten ditugu, eta denetarik jotzeko gai gara: ‘Txanpon baten truke’ abesti ezagunarekin hasi eta Guns and Roses taldearen beste batekin amai dezakegu. Oso “kañeroak” gara kontzertuetan askotan, gure gitarra-jotzailea oso rockeroa delako. Hori bai, euskal dantzak ez ditugu ahazten, eta publikoaren arabera eta momentuko eskakizunak kontutan izanda moldatzen ditugu kontzertuak.
Zenbaitek Honat Trikicore taldea dela dio. Zergatik?
Izen horrek badu bere historia. Hasieran Honat taldea ginen soilik, baina gure soinu-teknikari batek esan zigun hardcore motatako taldeak dauden moduan, guk trikitixa dugunez, trikicore motakoak ginela. Horregatik aldatu genuen izena.
Azkenaldian, eszenatokiari beldurra diotela esan dute abeslari famatu batzuek. Ulertzen al duzu sentipen hori?
Beldurra baino gehiago, estresa dela esango nuke. Lotsa eta beldurra bezalako sentimenduak hasieran izatea normala da baina gainditzen dira. Nire ustez, abeslari famatuek presio handia jasaten dute askotan eta azkenean, gorputzak gelditzeko eskatzen die. Horregatik, agian, ez dituzte kontzertuak hain eroso ematen.
Eskarabileraren omenezko abestia egin zuen Honat Trikicore taldeak. Gainera, ‘Bagara’ Basaurin euskara bultzatzeko abestiaren abeslaria zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Harro sentitzekoa da, oso esperientzia politak dira biak, baina oraindik ez naiz ohitu. ‘’Bagara’ abestia, ikastetxeetan jartzen dute askotan, adibidez, umeak eskolara heltzen direnean. Hori bai, oso pozik nago egin dugun lanagatik, behintzat, nire ekarpentxoa egin dut Basauriren alde.
Noren artean zara ezagunago, helduen ala umeen artean?
Umeen artean, dudarik gabe. ‘’Basaurin be bagara’ ekimerako ‘’Bagara’ abestiaren bideoklipa grabatzeko, hiru ikastetxetara joan nintzen edalontzien jolasa egiteko eta abesteko. Ordutik hona, kalean agurtzen naute.
Basauriko nori edo zeri gehiago abestuko zenioke?
Marieneari abestuko nioke, emakumeen alde egiten duten lana goraipatzeko. Elkartea hobeto ezagutzeko gogoa daukat, eta agian, nire hurrengo musika-proiektua izan daiteke. Ekintza interesgarriak egiten dituzte: erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak, etab. Gainera, homosexualitateari lekua egin diote eta dakidanez, emakume askori lagundu diete.
Bideoklip bat grabatu beharko bazenu, Basauriko zein txokoetan egingo zenuke?
Bentako plazan, Los Burros zonaldean, “Campo de tiro”n, San Faustoetako lonjetan,… Gure herriko leku esanguratsuenetan. Agian, Soloarte parkera ere joango nintzateke nire txakurrekin, asko maite ditut eta.
