Social Antzokiak ezagutzera eman du gaur 2016ko irailetik 2017ko maiatzera bitarteko bere egitaraua. Guztira 56 ikuskizun programatu dituzte, tartean, umorea, antzerkia, musika, magia edo dantza. Basauriko antzokiak berretsi egin du Bizkaiko kulturgintzan erreferente izateko bere apustua. Horren harira, urteko egitaraua aurkeztu berri du -ez sei hilekoa edo lau hilekoa, orain arte egin duen bezala-.
Hauek dira Social Antzokiak eskainiko dituen proposamen deigarrienak: familiarentzako zenbait zirko ikuskizun; Pez Limboren mikroantzerkia (hiru antzezpen egingo dituzte aldi berean, antzokiaren hiru tokitan) maiatzaren 20an; Ismael Serranoren kontzertua urriaren 1ean; eta Nacho Diagoren “La Caja” magia ikuskizuna apirilaren 1ean. Era berean, zenbait artista ospetsu ere igoko dira Social Antzokiko agertokira. Besteak beste: José Sacristán, Julieta Serrano, Maribel Verdú, Verónica Forqué, Tristán Ulloa edo Fran Perea. Ez da faltako Itziar Ituño aktore basauriarra eta honek bi antzezlan aurkeztuko ditu.
Musikari dagokionez, Ismael Serrano abeslariaz gain, Pedro Guerra (otsailak 4) eta Anne Etchegoyen (martxoak 19) Basauriko antzokiko eszenatokira igoko dira, baita Basauri Koral Elkartea ere “Zimbe!” musikalarekin (azaroak 12).
Sarrerak noiz eskuratu
Social Antzokiko lagunek sarrerak eskuratu ahal izango dituzte ekainaren 8tik 18ra bitartean, Antzokiko txarteldegian, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Ekainaren 19tik aurrera edonork erosi ahal izango ditu sarrerak, txarteldegian, Antzokiaren webgunean, www.bbk.es webgunean eta Kutxabanken orotarako kutxazainetan.
