Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Itziar Ituñoren pregoilari izendapenak Bilboko PP sutu du: “Lotsagarria da”

Ezkutuko arrazoia “ETAren presoen aldeko manifestazioetan parte hartu izana” dela ziurtatu du Esther Martinez zinegotzi popularrak

|

2012an Basauriko jaietako pregoilari izan zen Ituño // Geuria

Eskuinak eta eskuin muturrak aktore eta abeslari basauriarra begitan hartuta daukala kontu ezaguna da. Ez da oso atzera jo behar horren berri izateko: urte hasieran bertan, Sarek Bilboko kaleetan egin zuen euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak piztu zuen txinparta. Ituño pankarta eraman zuenetako bat izan zen, kultur eta gizarte arloko beste hainbat kiderekin batera.

Orduko hartan, Iñaki Arteta zinemagileak idatzitako txioak zabaldu zion bidea sorgin ehizari, eta horri eskuin muturrarekin lotutako beste hainbat kontu, askotan anonimo, batu zitzaizkion sare sozialetan. Halakoetan gertatu ohi den bezala, zirimola handitzen joan zen, eta horren ondorioz BMW kotxe kateak iragarri zuen aktore basauriarra ez zela euren kolaboratzaile izango aurrerantzean, “BMW Lurautok ez duelako inongo ideologia politikorekin bat egiten”. Jarraian Iberiak ere jarrera bera hartu zuen, “La casa de Papel”eko protagonistarekin egindako kolaborazioa bere sare sozialetatik kenduta.

Gerora,  martxo aldera, Your’s sarietan Ohorezko saria jasotzean Fermin Muguruzari elkartasun mezua helarazi zion Ituñok, “Sarri sarri” abestuz. Orduan ere epelak entzun behar zituen hedabide eta erabiltzaile ultren partetik.

Zaharrak berri

Bilboko Konpartsek eta Bilboko Udalak erabakiaren berri eman eta gutxira heldu zen Esther Martinez Bilboko Udaleko PPko bozeramailearen erantzuna: “Onartezina iruditzen zaigu”. Hori da sare sozialetan argitaratu zuen bideoaren lehen esaldia, eta hortik aurrera salaketa larriak egiten ditu bai Ituñoren eta bai Bilboko Konpartsen kontra ere, hartutako erabakiaren ezkutuko arrazoia “ETAren presoen aldeko manifestazioetan parte hartu izana” dela ziurtatuz. Hori gutxi ez, eta Konpartsek jai herrikoen alde egiten duten lana gogor kritikatu du zinegotzi popularrak.

Txosnagunea eztabaidagai

Deigarria bada ere,  hau ez da Ituño eta  2024ko Aste Nagusia lotzen dituen lehen albistea. Joan den maiatzaren 24ean gutuna sinatu zuen beste 150 kulturgilerekin batera, “guztiontzako jai herrikoen alde” eta Bilboko konpartsek eta Gasteizko txosna-batzordeak EHKSrekin lotutako Luberri, GKS eta Etxebizitza Sindikatuari jarritako “beto ulertezinetarako irtenbidea” eskatuz.

Gutun horri erantzunez, Bilboko Konpartsek “betoa ukatu” eta “minduta” agertu ziren, sinatzaileak ez zirelako eurekin harremanetan jarri, euren iritzia jakiteko.

 

☉ Basauri

Etxebizitza kolaboratiboen eredua azalduko du Irati Mogollon soziologoak Basaurin

|

Etxebizitza-eredu alternatiboak azaltzeko hitzaldia emango dui Irati Mogollon soziologoak Basaurin // Geuria

Etxebizitza-eredu alternatiboak azaltzeko topaketa antolatu dute Setem Hego Haizeak eta Sagarrak Ekologista Taldeak gaur, urtarrilak 21, Basaurin.

Irati Mogollon soziologoak ‘Posible al da komunitatean bizitzea?’ hitzaldia emango du 18:00etatik 20:00etara Pozokoetxeko Kultur Etxean. Hitzaldia gazteleraz izango da.

Solasaldian, komunitatean bizitzearen kasu praktikoak, esperientziak, baldintzak eta etxebizitrza kolaboratibo motak azalduko ditu.

“Gure egungo etxebizitza-errealitateei buruz hausnartuko dugu, errealitate horiei aurre egiteko estrategia kolektibo posibleak detektatuko ditugu eta Europan zeharreko etxebizitza kolaboratiboen kasuak aztertuko ditugu”, diote antolatzaileek.

Zaintza kolektiboak

Bestetik, urtarrilaren 22an, Irati Mogollon soziologoak tailer bat eskainiko du: ‘Zaintzaren arkitekturak eta zahartze aktibista’. Jarduera hau ere Setem Hego Haizeak eta Sagarrak Ekologista Taldeak antolatu dute.

“Tailer honetan, zaintza kolektiboari dagokionez toki bakoitzean dauden egiturak aztertuko ditugu, baita egitura horiek nolakoak izatea gustatuko litzaigukeen eta horiek gauzatzeko zer ekintza-ahalmen dugun ere.

Tailerra online izango da eta hau ere gazteleraz. Interesdunek izena eman behar dute esteka honen bitartez (doakoa).

Irati Mogollon euskal soziologoa da, adinekoen ahalduntze feministan, ekonomia feministako ikerketa-ekintzan eta etxebizitza kolektiboen prozesuen talde-bideratzean espezializatua, diziplinarteko ikuspegi batetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

‘Basauriko auzokide berriak’ dokumentalak herrian bizi diren migratzaileen bizipenak ikusaraziko ditu

‘Basauriko auzokide berriak’ dokumentala aurkeztuko dute urtarrilaren 25ean, larunbatez, San Migeleko Taberna Nagusian

|

'Basauriko auzokide berriak' dokumentaleko protagonistak // Basauriko Udala

Basaurin bizi diren migratzaileen bizipenak ikusarazten dituen dokumentala diseinatu eta sortu du Zurrumurruen Aurkako Sareak, Basauriko Udalaren laguntzarekin.

‘Basauriko auzokide berriak’ da dokumentalaren izenburua eta zazpi bizilagunen testigantzak jasotzen ditu: Carol, Alí, Bouba, Fatu Matu, Jon, Toktam eta Nati.

Testigantza horien bidez, jasotako harrerari buruzko eta herrian kulturen arteko elkarbizitza eraikitzeari buruzko beren esperientziak, sentsazioak eta proposamenak partekatzen dituzte dokumentalean agertzen diren herritarrek.

Dokumentala urtarrilaren 25ean, larunbatez, aurkeztuko dute San Migeleko Taberna Nagusian, 11:00etan. Aurkezpenera joateko izen-ematea telefonoz (606 050 662) edo posta elektronikoz (amekadi@gmail.com) egin dezakete herritarrek.

“Basauriar guztiak animatu nahi ditugu film laburraren aurkezpen ofizialean parte hartzera, lan kolektibo baten emaitza baita. Dokumental horren bidez, hausnarketarako hainbat gune bultzatu nahi ditugu, hausnartu ahal izateko gure harremanak zelakoak diren eta zer egin dezakegun, gure egunerokotasunean, Basaurin, gure aniztasuna aitortzeko eta, gure aurreiritziak atzean utzita, errespetuz eta inklusioz jarduteko”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Bizikidetza Aniztasunean Ataleko eta Immigrazioko zinegotziak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Gerraren eta faxismoaren aurkako murala margotu du Hego Uribeko GKSk Basaurin

|

Urtarrilaren 25ean, larunbatez, GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean (18:00, Jesusen Bihotza plazatik), ‘Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora’ lemapean.

Mobilizatzeko deialdia zabaltzeko helburuarekin, Basaurin eta Galdakaon mural-margoketak antolatu dituzte gaur, urtarrilak 18: goizean Basaurin eta arratsaldean Galdakaon.

Muralaren diseinua Elene Uribarri galdakoztarrak egin du eta Basaurin dozena bat gazte batu dira.

Eguerdian batu dira Bentako plazan Basauriko GKSko dozena bat gazte // Geuria

Olatz Galindez Verano Hego Uribeko GKSko kidearekin berba egin dugu goizean Basaurin: “Azken aldian eskualdean hedatzen ari dira faxismoari bidea ireki ahal dioten ideia erreakzionarioak, konkretutik, arrazistak eta matxistak. Adibidez, Basaurin pintada arrazistak agertu dira eta Arrigorriagan eraso arrazista bat eman zen abenduan”.

“Faxismoa langile klasearen aurkako ideologia eta praktika bezala identifikatzen dugu, eta sektore zaurgarrienak kolpatzen ditu; batez ere, migranteak, emakume langileak eta LGTBI kolektiboak. Horregatik, horren aurrean ikusten dugu beharrezkoa dela kaleak hartzea eta gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu”, dio Galindezek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 82.000 euro gastatu behar izan zituen 2024an ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko

Zenbateko osoaren erdia baino gehiago, 45.800 euro, Solobarriako karpako pintadak eta olana konpontzeko erabili zituen iaz Basauriko Udalak

|

Besteak beste, Solobarriako karpan eta Doktor Jose Garai kaleko igogailuan ekintza bandalikoak egin zituzten iaz // Basauriko Udala

2024an zehar herrian izandako ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko 82.000 euro gastatu zituen Basauriko Udalak.

Datuak datu, kalte hauek ordaindu zituen iaz Udalak:

  • Eraikinetako hormetako edo Solobarriako karpako pintadak kentzeko: 45.800 euro
  • Erre zituzten 10 edukiontzi ordezkatzeko: 12.000 euro
  • Igogailuak konpontzea: 11.844 euro
  • Bizkotxaldeko parkeko sareak eta segurtasun-zoru berriak konpontzeko: 7.477 euro
  • Arrapala mekanikoetako beiren haustura konpontzeko: 4.260 euro
  • Komun publikoetan egindako ekintzak garbitzeko: 1.016 euro

“Ekintza horiek kalte handiak sortzen dizkiete zuzenean basauriar guztiei, espazio publiko partekatuak hondatzen dituzte eta herritar guztiengan eragin duen aparteko gastua dakarte”, diote udal ordezkariek: “Adibidez, norbaitek nahita eragitea igogailuek eta arrapala mekanikoek ibiltzeari utz diezaioten izugarrizko kaltea da mugikortasun murriztua duten bizilagun askorentzat”.

Gauzak horrela, Basauriko Udalak dei egiten die gizalegerik gabe jarduten duten edo beren ardurapeko pertsonei hori egiten uzten dieten herritar gutxi horiei, eta eskatzen die haien ekintzen ondorioez jabe daitezen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak

|

Sagarrak talde ekologistako kideez lagunduta landatu zuten Basozelain 'Euskararen zuhaitza' // Beat Basauri

Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.

Ekitaldira  bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.

Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.

Osorik irakurri