Joan den uztailaren 10ean, igandez, 28. maratoia egin zuen Javi Conde atleta basauriarrak eta bide batez, amaiera eman dio Maratoi Solidarioak egitasmoari. Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak hartu dituzten 28 hiriak bisitatu ditu proiektuarekin, 2009tik hona, horietan maratoiak egin eta ongintzazko erakundeei dirua emateko. Conderekin batera Jon Salvador atleta erandioztarra izan da, baita Xavi Maltas korrikalari kataluniarra eta beste hainbeste atleta ere.

Javi Conderen Maratoi Solidarioen azken lasterketa Stoke Mandeville herrian :: Maratoi Solidarioak
Azken maratoi solidarioa Stoke Mandeville herrian (Buckinghamshire konderria, Ingalaterra) burutu dute eta 105 bira eman dituzte herriko estadioan. Bertan egin zituzten lehenengoz Gurpil-aulki gaineko eta Anputatuen Munduko Jokoak, 1948an. Gerora, 1960an Erroman abiatu zituzten Paralinpiar Jokoetako inspirazio izan ziren Stoke Mandevilleko joko haiek.
Sei urteotan, Javi Conderen Maratoi Solidarioek 165.000 euro batu dituzte elkartasun-probetan, eta diru hori banatu egin dute irabazi asmorik gabeko 95 elkarteren artean.
