Azaroa heldu da eta horrek esan nahi du atzera kontua egiten hasi direla Basauriko euskaltzaleak. Izan ere, hilaren 29an Basaurin Be Bagara jaia ospatuko da laugarren urtez.
Horren harira, Euskarabila Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Alde batetik, Basaurin Be Bagarako edizio ezberdinetako argazkiz osatutako erakusketa hilabete osoan zehar, eta bestetik,
‘Beltzean Mintzo: Amerikako jatorrizko hizkuntzen arnasaz’ dokumentalaren emanaldia eta horren inguruko solasaldia Belen Uranga euskal filologo eta Soziolinguistika Klusterreko langilearekin azaroaren 18an. Bi ekintzak Pozokoetxe Kultur Etxean izango dira, doan.
AMERIKETAKO HIZKUNTZ-KOMUNITATEAK HIZPIDE
Cesar Pilataxi Hego Ameriketako Ande aldeetako kitxua indiar herriko kidearen gogoetak zabaltzen ditu ‘Beltzean Mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz’ dokumentalak.
Zer ari da gertatzen Atlantikoaren bestaldean? Euskaldunon esperientziak nola lagun dezake prozesu horretan? Garabide elkarteak gaia mahai gainean jarri nahi izan du lan honekin. Garabideren Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak masterra egitera Euskal Herrira etorritako hainbat kide dira protagonista. 45 minututan ondorengo hizkuntza komunitateak ordezkatzen dituzte: Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek.
