→Basauri

Julen Ovejero: “Basozelaiko BTT San Fausto Extreme ikusgarria izango da”

basauri basozelai btt san fausto extreme azaroa probak 2015

Azaroaren 15ean ospatuko da Basauriko mendi bizikleta martxa. 200 partaide izatea espero dute antolatzaileek. Izena emateko epea hilaren 8an bukatuko da.

Orain dela lau hilabete, Basozelaiko San Joan jaietan, Basauriko I. Mendi bizikleta martxa sortzeko ideia piztu zen. Ideia horren jabeak Kronoeskalada antolatu zutenak izan ziren, hau da, Basauriko BMK Bicimarket dendako arduradunak, Basozelaiko Auzo Elkartea, Jamaica taberna eta Basauriko Udalaren Zirt Zart gazte bulegoa: “Mendi bizikletaren ideia burura etorri zitzaigun Basaurin ez zelako horrelako jarduerarik egiten”, dio Julen Ovejerok, BMK Bicimarket dendako arduradunak.

Horiek horrela, baimenak eskatu eta garbiketa lanak egin ondoren, asmoa errealitate bihurtu zen eta Basozelai BTT San Fausto Extreme martxa azaroaren 15ean, igandez, ospatuko da. 09:00etan abiatuko da Arizgoiti plazatik: “Basauriko eta Bilboko Udalei -La Peña auzotik igaroko da ibilbidearen zati bat- eta Bizkaiko Foru Aldundiari baimenak eskatu eta gero, garbiketa lanak hasi genituen”, dio Julenek. “Ibilbidearen zati bat eginda aurkitu genuen, baina txukundu, garbitu eta egokitu behar izan dugu, orain arte ez baitzen inor handik pasatzen”.

1.300 METROKO DESNIBEL POSITIBODUNA

Prestatu duten ibilbideak hogeita zortzi kilometro ditu, “zirkularra da eta guztira 1.300 metroko desnibel positiboduna izango du”. “Bidezidorretan barrena joango da martxa, ez da pistarik egongo. Ikusgarria izango da, jendeari asko gustatuko zaio martxa hau”, dio Ovejerok.

MUGA: 200 PARTE HARTZAILE

Edonork parte har dezake Basozelaiko BTT San Fausto Extreme martxan; kasko homologatua eramatea izango da betebehar bakarra: “Gune zailagoak egongo dira, baina ‘amateurrek’ irtenbidea badute: bizikletatik jaitsi eta gune horiek oinez burutu”, dio BKM Basauri dendako Julenek.

Partaide kopuruari dagokionez, mugatua izango da, 200 lagunek parte hartu ahal izango dute gehienez, eta izena emateko azken eguna azaroaren 8a izango da; 12 euroko kuota ordaindu beharko dute parte hartzaileek. Inskripzio bakoitzarekin parte hartzaileak hainbat opari jasoko ditu, hala nola, bidoi bat eta martxaren kamiseta termiko oroigarria. Era berean, 700 eurotan balioetsitako bizikleta zozketatuko dute parte hartuko dutenen artean.

Jendea anima dadila. Basaurin antolatuko den lehendabiziko BTT martxa izango da eta ez genuke azkena izaterik nahi. Bidaia luzea opa diogu Basozelaiko BTT San Fausto Extreme martxari eta horretan zeresan handia dute parte hartzaileek”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak