☉ Basauri
Kepa Ogiza: “Espektakulua bilatzen dugu Dantza Agerketan”

Irailaren 18tik 20ra bitartean ospatuko da Euskal Herriko dantza autoktonoen topaketa. Ekimen honen atzeko lanaren nondik norakoak jaso ditu GEURIAk Kepa Ogizaren eskutik.
1972. urteaz geroztik Basaurik Euskal Herriko Dantza Agerketa antolatzen du eta aurten 43. edizioa ospatuko da irailaren 18tik 20ra.
Jende askok ezagutzen du dantza jaialdi hau gure eskualdean, baina gutxi batzuek besterik ez, barruko lana. “Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeak elkartzen gara Euskal Herriko Dantza Agerketa prestatzeko. Apirilean hasten gara lehenengo bilerak egiten eta herrialde bakoitzetik zein dantza talde ekar ditzakegun zehazten dugu”, dio Kepa Ogizak, antolatzaileetako batek.
Zazpi probintzietako dantza taldeen zerrenda laburtua egin ondoren, eurekin harremanetan jartzen dira. “Zerrendako lehenengo aukerak ezetz esaten badigu, bigarrenera jotzen dugu. Zenbait talderekin arazoak izaten ditugu, askotan data kontuagatik ezin dutelako Basaurira etorri”, dio Ogizak. Esate baterako, Zumarragako dantza taldearen atzetik ibili ziren denbora luzez, etortzeko aukera izan zuten arte. Horiek horrela, “talde bat finkatuta dugunean, gainontzekoak lotzen ditugu”.
Horretarako irizpide batzuk jarraitzen ditu antolakuntzak: “Nahiko zaila izaten da zein dantza talde ekarri nahi ditugun adostea. Baliteke talde batek dantza ikusgarririk ez egitea, orduan beste herrialde bateko talde bat bilatu behar dugu, ikusgarritasun eta erakargarritasun hori duena”. Era berean, dantza ezberdinak ekartzea da beste irizpideetako bat: “Ezin ditugu bi soka-dantza edo beste hainbeste ezpata-dantza ekarri. Ezberdinak izan daitezen saiatzen gara, baita gizonen eta emakumeen arteko oreka mantentzen ere”. Azken finean, “espektakulua bilatzen dugu Euskal Herriko Dantza Agerketan, ezberdina, erakargarria eta ikusgarria izan dadin”, dio Ogizak.
TELOIAREN ATZEKO LANA
Hurrengo pausoa, Basaurira etortzen direnean Bizkotxalde parkean eurekin elkartu eta egitaraua adostea izaten da. “Nahiz eta dantzen hurrenkera aurretik adostuta izan, hona etorri eta azken momentuko aldaketaren bat egin behar izaten dugu. Guk aurkezpenak eta proiekzioak prestatzen ditugunez, dena lotuta izaten dugu eta zati batean aldaketak egonez gero, atzetik datorren guztia ere aldatu egin behar dugu”, azaldu du Ogizak.
Ondoren, antolakuntzako bi lagun arratsalde osoz egoten dira Euskal Herriko Dantza Agerketan parte hartzen duen talde bakoitzarekin, “kalejira egin bitartean, ikuskizuna martxan dagoenean eta hau bukatzen den arte”.
100 LAGUNTZAILE INGURU
Basauriko dantza talde bakoitzeko bi lagun aritzen dira antolakuntza lanetan apiriletik aurrera,
“baita Joseba Ibarra aurkezlea eta Iñaki Irigoien euskal folklorean aditua ere”, dio Ogizak.
Agerketaren egunean, ordea, kopurua ugaritu egiten da: “Basauriko dantza taldeetako berrogei pertsona inguru aritzen dira Agerketaren egunean laguntzaile bezala, baita Herriko Taldeakeko hogeita hamabost bat lagun -koadrila bakoitzeko bi pertsona gehi zuzendaritzako kide batzuk- eta Basauriko Txokoetako hogei lagun ere, gutxi gorabehera”. Azken hauek larunbateko jardunaldiko afaria prestatzen dutela azaldu du Ogizak. Horiek horrela, guztira ehun lagun inguru mugitzen ditu laguntzaile lanetan Euskal Herriko Dantza Agerketak. Horri, gainera, Euskal Herri osotik etorritako ehunka dantzari gehitu behar zaizkio.
“EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETAN EURIA DA GURE ARERIO BAKARRA”
“Guk nahiago dugu Euskal Herriko Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean ospatzea, dantza autoktonoak erakusteko lekurik aproposena plaza baita eta, gure ustez, Social Antzokian egitean galdu egiten du xarma hori”, dio Kepa Ogizak. “Eguraldia da gure arerio bakarra. Dantza Agerketa ospatuko den aste horretan etengabe gabiltza eguraldiaren mapari begira”.
Muntaketa lanei dagokienez ere, ezberdina da prestaketa: “Bizkotxalde parkeko eszenatokia prestatzeak denbora gehiago behar duen bitartean, Social Antzokian, besteak beste, argiak dagoeneko jarrita daude”, dio Ogizak.
- 1982. Jon Pertiko :: Artxiboa
- 1996. Festak beti dira ondo jateko arrazoi :: Artxiboa
- 2011. Herrian barrena kalejira eta aurkezpena :: Artxiboa
- 2012. Joseba Ibarra aurkezle lanetan :: Artxiboa
☉ Basauri
Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin
Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).
Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.
Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.
Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.
Emantzipaziorako bidea
Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.
Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.
Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.
Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).
☉ Basauri
Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da
Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.
Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan
Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.
Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.
Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.
“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.
☉ Basauri
Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko
Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.
Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.
Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.
Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.
Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.
Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.
☉ Basauri
Espainiako Polizia Sidenor erregistratzen ari da Basaurin, Israeli altzairua saltzeagatik
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzea leporatuta

Espainiako Polizia Basauriko Sidenor lantokia erregistratzen ari da, Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzegatik irekitako ikerketaren barruan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Ildo horretan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek azaroan epailearen aurrean deklaratu zuten azaroan.
Jainagak orduan adierazi zuen Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek ez zuela irregulartasunik egin: “Salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”, esan zuen.















