→Basauri

Koldo Etxebarria “Kurrus”: “Euskal musika da guk eskaintzen duguna, baina 03:00etan martxa gehiago eskatzen du publikoak”

basauri sanfausto koldo etxebarria kurrus arizgoiti taldea 2015

Herriko Taldeakek 230 jarduera prestatu ditu sanfaustoetarako, horien artean, trikitixa kalejirak. GEURIA Koldo Etxebarria ‘Kurrus’ trikitilariarekin izan da.

Basaurin oso ezaguna dugu Koldo Etxebarria ‘Kurrus’ (Zollo, 1960). Buhameak Kultur Elkartearen barruan dagoen Arizgoiti Taldean dihardu erromeriak leku batetik bestera eramanez, eta trikitixa klaseak ere ematen ditu.

Sanfaustoak hemen dira eta horrek esan nahi du kaleak girotzen ikusiko zaitugula egunero…

Bai, hala da. Jaietako lehenengo egunetik ibiliko gara Basauriko kaleak girotzen: Koadrilen jaitsieran, kalejiretan, Zaharren Egoitzetara egindako bisitetan, bazkarietan, erromerietan eta bestelako ekitaldi inprobisatuetan.

Egunean zenbat ordu pasatzen dituzu sanfaustoetan, gutxi gorabehera, trikitixa jotzen?

Kalkulurik ez dut egin, baina ordu asko dira: bederatzi egunetan zehar, orduro jardueraren bat edo beste izaten dugu, normalean kalejirak eta erromeriak.

Nekeza izango da hori… 

Nahiz eta ordu asko pasatu Basauriko kaleak girotzen, ez da nekeza. Horretan herritarrek laguntzen dute.

Zenbat urte daramatzazu musikaren munduan?

1974. urtean, 14 urterekin, hasi nintzen trikitixa jotzen, eta ordutik hona ez dut etenik egin. Irusta taldea sortu genuen antzineko Ortiz bandakoekin, baina taldea desegin behar izan genuen eta orduan Arizgoiti Taldea eratu genuen, 1980an.

Beraz, 35 urte ditu, dagoeneko, Arizgoiti Taldeak…

Bai, 35 urtetara iristeko begira zenbat inprobisatu egin behar izan dugun! Franco hil eta gero sortu zen Arizgoiti Taldea, baina aurretik San Fausto jaien barruan bost berbena egiten genituen astean zehar, denak euskaraz. Garai haietan ez zen begi onez ikusten euskara, baina guk euskaraz abesteko apustua egin genuen eta asmatu egin genuela dirudi.

Zer da Arizgoiti Taldeak eskaintzen duena?

Denborak aurrera egin ahala jendeak entzuten duen musika mota aldatzen doa eta guk moldatu egin behar dugu urtetik urtera. Adibidez, gaur egun ordenagailuz egiten den musika dago modan. Euskal musika da guk eskaintzen duguna gehienbat, baina goizeko 3etan martxa gehiago eskatzen du publikoak, txunba-txunba delakoa. Guk dantzan egiteko musika jotzen dugu, mexikanak, fandagoak eta arin-arinak, besteak beste. Era erean, nazioarteko abesti famatuen bertsioak egiten ditugu, euskaraz beti, hala nola, Enrique Iglesias, The Beatles eta Bony Tayler.

Eta nola birmoldatzen dituzue abesti horiek euskarara?

Talentua eduki behar duzu abesti bat euskarara itzultzeko. Izan ere, sakonean gaur egungo abestiak oso elektronikoak dira: azpitik sustrai asko dituzte, baina oso mekanikoak denak. Euskarara birmoldatzean, bertsoka egiten dugu.

Nola animatuko zenuke Basaurikoa ez den norbait sanfaustoetara etor dadin?

Etorri eta ikusi egin behar da. Ez dago besterik. Oso aste berezia da eta ez da beste inon ikusten hemen sortzen den giroa.


 


 

“KALEJIRAK HOBE KONTZERTUAK BAINO”

Nondik dator ‘Kurrus’ ezizena? 

San Jose ikastetxeko patioetara ogi zati bat txokolatearekin eramaten nuen beti: kurruskoa. Hortik dator ezizena.

Sanfaustoetako onena?

Aste intensiboa da eta aste osoko ekitaldi guztiak dira bereziak.

Eta okerrena?

Gaueko mozkorrak eta kanpokoen inbasioa.

Ez dut inoiz galtzen… 

Basconiaren futbol partidua.

Sanfaustoetako bazkaria? 

Indabak “hondakinekin”.

Kalejirak ala kontzertuak? 

Kalejirak egun osoan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak