Joan den azaroaren 6an aurkeztu du AEKk 19. Korrika, eta hainbat ekimen jarri du abian euskararen aldeko lasterketa erraldoiari laguntzeko.
Tartean, Korrika arropa salgai dute AEKren edozein euskaltegitan: ume zein helduentzako, neurri eta kolore guztietako elastikoak, izerditakoak, motxilak, kapelak eta lepokoak. Laguntza hauek ezinbestekoak direla dio AEKk, hizkuntzaren alde lanean jarraitzeko.
‘Korrika Laguntzailea’ izateko PINa salgai dute aurten ere. 12 euroren truke, Korrikaren laguntzaile izan eta hamaika deskontu daude Euskal Herriko hainbat komertziotan, baita Durangoko Azokan ere. Izan ere, aurtengo omendua Azoka bera izango denez, ohi baino beherapen handiagoak izango dira postu gehienetan. AEKrekin harremanetan jartzeko Basauriko Bolintxu, Galdakaoko Barandiaran eta Arrigorriagako euskaltegietara hurbil zaitezke.
