→Basauri

Kulturak elkarbanatzeko ekimena azaroaren 23an bueltatuko da Basaurira

basauri bizilagunak 2013

‘Bizilagunak-aldameneko familia’ da ekimenaren izena. Bertako eta atzerritik etorritako familiek eta norbanakoek elkarrekin bazkalduko dute elkar ezagutzeko helburuarekin. Interesatuek izena eman beharko dute azaroaren 17a baino lehen.

Datorren azaroaren 23an ‘Bizilagunak-aldameneko familia’ ekimena Basaurira itzuliko da. Bertako eta atzerriko familiak eta norbanakoak batuko ditu mahai baten inguruan elkarrekin bazkaltzeko. Basauriko Udalak bigarren urtez jarraian hartuko du parte SOS Arrazakeriaren programa honetan eta “udalerrian kultura artekotasunean lanean ari diren elkarteekin batera, herritarrek elkar ezagutzeko eta aurreiritziak zein estereotipoak suntsitzeko topaguneak eraikitzen saiatuko gara“, dio Asier Iragorri Basauriko Udaleko Immigrazio zinegotziak.

Aldez aurretik bilera bat egongo da honako hauek bilduko dituena: bertako familia edo norbanakoa, atzerritik etorritako familia edo norbanakoa eta topaketa dinamizatu eta bazkaria antolatzen lagunduko duen hirugarren bat. Ondoren, bazkaria parte hartzaileetako baten etxean egingo da azaroaren 23an. Dinamizatzaileak gonbidatuak lagunduko ditu gonbidatzailearen etxera, aurkezpenak egingo ditu, harremanetan jarriko ditu eta bera ere bazkaltzera geratuko da. Antolatzaileek diotenez, “dinamizatzaile jardungo dutenek aurretiaz prestakuntza-saioa jasoko dute, euren lana egokiro egin ahal izateko“.

basauri bizilagunak 2014 aurkezpena

 

IAZKO ESPERIENTZIA ERREPIKATZEKE
Joan den urtean Basaurin 14 familiek hartu zuten parte ekimen honetan. Parte-hartzaileetako bik, Clementine Pouatouk eta Janire Villarrek, aurten errepikatu egingo dute. Basauriko Immigrazio zinegotziak eta SOS Arrazakeriako Anaitze Agirrek basauriarrak animatzen dituzte ‘Bizilagunak-aldameneko familia’ programan parte hartzera. “Ekimen honek hesiak hausten laguntzen digu: plater artean ezezaguna ezagun bihurtzen da“, dio Asier Iragorrik. Zinegotziak iazko topaketetako batean parte hartu zuen eta aurtengoan berriro errepikatuko duela adierazi du.

 

NOLA PARTE HARTU?
Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek gaurtik bertatik eman dezakete izena, Herritarrei Informazioa eta Arreta Emateko Bulegoan -udaletxeko beheko solairuan- zein www.basauri.net webgunean. Inskripzio-orria ere webgunetik deskargatu daiteke. Izena emateko epea azaroarean 17an bukatzen da.

Parte hartu nahi dutenek adierazi beharko dute gonbidatu, gonbidatzaile ala dinamizatzaile izan nahi duten. Era berean familiako zein beste kidek hartuko duten parte azaldu beharko dute, beste ezaugarri batzuen artean.

 

EKIMENAREN HASTAPENAK
‘Bizilagunak-aldameneko familia’ ekimena Txekian jaio zen duela 9 urte, eta Europako zenbait herrialdetara hedatu da, tartean Portugalera eta Hungariara. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak haien formula gurera ekarri eta arrakasta handia izan zuen. Lehenengo topaketa 2012rako antolatu zuten eta, 2013an, Basauriz gain, Euskadiko zenbait tokitan egin zituzten bazkariak.

 

 

*Argibide gehiago nahi izanez gero, 944 666 355 telefonoa egongo da eskuragarri, baita bizilagunak@basauri.net helbide elektronikoa ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak