Basaurin Be Bagara jaiaren laugarren edizioa ospatuko da azaroaren 29an, hamabi orduko egitarauarekin. GEURIAk Basaurin Be Bagararen inguruko errepasoa egin du.
2012. urtean sortu zenetik, Basaurin Be Bagara jaiak urtero bere lekua topatu du herritarren egutegian. “Euskaldunok euskaraz bizitzea gure herrian, Basaurin”, horixe da hasierako helburua ekimen honen antolatzaile den Euskarabila Basauriko Euskaldunon Elkartearen ahotan. Eta, badirudi, lau urteren ondoren, asmo hori dagoeneko kalean zabaltzen ari dela basauriar euskaldunen artean.
2012ko abenduaren 2an Solobarria plazan ospatutako jaiak hamabi orduz, goizeko 8etatik iluntzeko 8etara, etengabe euskaraz jardutea izan zuen erronka. Hainbat ekitaldi antolatu zituzten: txupinak, mendi irteera eta spinning saioa, graffitilariak, gosaria, Musika Eskolako ikasleen emanaldia, defentsa pertsonala eta esku pilota tailerrak, liburu trukeak Sagarrak-Ekologistak Martxan taldearen laguntzarekin, txistulariak eta buruhandiak, Artunduaga Atletismo Taldeak prestatutako ‘Baietz 8 orduz korrika euskararen alde’, San Faustinen entzierroa, herri bazkaria, bideo emanaldiak, Basaurin Kantuka, euskal dantzak eta dantza lehiaketaren koreografien ikuskizuna, erromeria Dangiliske folk taldearekin eta flashmoba. Gainera, Mari Luz Esteban idazlea eta Dani Maiz Geuriako ilustratzailea ere bertan izan ziren.
2013ko abenduaren 1ean sei kalejira koloretsuk topo egin zuten Solobarria plazan, Basauriko sei puntu ezberdinetatik abiatutakoak. Basaurin Be Bagara elkartetik azaldu dutenez, “jaia iraupenez laburragoa izan zen arren, auzo guztietara zabaltzea eta herri osoa zeharkatzea lortu genuen”. Kalejira bakoitzak bere kolorea zuen -urdina, morea, berdea, laranja, horia eta arrosa- eta norberaren bizilekuaren arabera, dagokion kolorea jantzi zuen. Era berean, Basaurik 365 egunez euskaraz bizi nahi duela ere aldarrikatu zuten.
2014ko azaroaren 30ean Nagusia kalea zeharkatuz Lipduba antolatu zuten Solobarria plazaraino. Basauriko elkarteek, norbanakoek, ikastetxeek, taldeek eta Udaleko ordezkariek parte hartu zuten. “Euskal gizartean erabileraren aldeko dinamikak eta euskararen aldeko motibazio sozialak indartzea” aldarrikatu zuten Basaurin Be Bagarako arduradunek: “Euskaltzale guztiok norabide berean jokatu behar dugu, hizkuntzaren alde aktibatu, beti gogoratuz gehiago dela batzen gaituela banatzen gaituena baino”.
“Epe luzerako helburuak izanik ere, sentzazio bikainak izan ditugu hasiera-hasieratik. Tarteka harritxoren batekin estropezu egin arren”
Euskarabila, Basauriko Euskaldunon Elkartea
Lau urte hauen balorazioaren inguruan, Euskarabilakoek honakoa esan dute: “Epe luzeko helburuak izanik ere, sentzazio bikainak izan ditugu hasiera-hasieratik. Tarteka harritxoren batekin estropezu egin arren, basauriar bidelagun askorekin batera egiten ari gara aurrera, astiro-astiro, baina etengabe”.
HASIERAKO URTERA ITZULERA
Lehenengo edizioan antolatu zuten bezala, aurten hamabi orduko jaia izango da Basaurin Be Bagarakoa, 08:00etatik 20:00etara. Azaroaren 29an ospatuko da eta 19. Korrikako Basauriko Euskalgintzako kilometroko lekuko eramaileak izango dira 2015eko jaiaren aurkezleak: Sonia Jimenez, Joseba Ibarra, Leire Amarika, Aitor Briongos eta Itziar Ituño.
