Dorretxe, Sagarrak eta Ekologistak Martxan taldeko kideek liburuak leku publikoetan utziko dituzte, nahi duenak hartzeko, irakurtzeko eta berriro ere askatzeko beste edonork goza ditzan.
“Liburu zaparrada”. Hori da Dorretxe, Sagarrak eta Ekologistak Martxan elkarteek antolatu duten ekimena apirilaren 24rako, hilaren 23ko Liburuen Nazioarteko Egunaren harira. Antolatzaileen esanetan, “ideia zera da: liburuak gune publiko batean «askatzea» edo «landatzea», edonork hartzea eta irakurtzea eta ondoren leku publiko batera eramatea, beste norbaitek ere gozatu ditzan“. Horretarako basauriar guztiak jarduera honetan parte hartzera gonbidatzen dituzte antolatzaileek.
Liburuek dedikatoria bat izango dute beren orrialdeen artean eta bertan azalduko da «liburu galduen» taldekoak direla, bidaia bat egin nahi dutela, eskuz esku, pertsonaz pertsona. Ekimen honekin irakurzaletasuna bultzatu nahi dute antolatzaileek eta “horretarako kalera aterako ditugu liburuak“.
