☉ Basauri
Lopez Garai: “Umeek kalean jolas dezatela futbolean, hori galtzen ari baita”

Indartsu Klubean hasi zen futbolean Aritz Lopez Garai (Basauri, 1980) eta ordutik hona hainbat taldetan ibili da: Athletic, Basconia, Gernika, Conquense, Salamanca, Castellon, Celta de Vigo, Cordoba eta Sporting de Gijón. Denboraldi honetan Lehenengo Mailara egin du salto Cordobarekin, baina urtarrilaren 29an talde uztea erabaki berri du. Erabaki hori hartu aurretik izan ginen berarekin.
Nolakoa izan da Lehen Mailan debutatzea?
Espainiako futbol ligako Lehenengo Mailan debutatzea momentu oso desiratua zen niretzat. Horren esperoan geunden familia eta biok. Izan ere, bizitza osoa daramat futbolean jokatzen. Gainera, debutatzeko Bernabeu zelaia baino eszenatoki hoberik aurkitzea zaila da.
Poztasun ikaragarria izango zenuen, Cordoba hiriarekiko sentimendu berezia baituzu…
Duda barik, hala da. Cordoba nire etxea da arrazoi askorengatik: lanagatik bertan bizi naiz, familia erdia bertan dut… Gainera nire semea Cordoban jaio da. Maitasun gehien eman didaten lekua da Cordoba.
Bertako futbol taldea urrezko kategorian da berriro 42 urteren ondoren. Ezin esan hasiera oso ona izan duzuenik, baina entrenatzaile aldaketarekin gauzak pixkanaka aldatzen doazela uste al duzu?
Argi nabari dugu munduko futbol ligarik onenera egokitzea oso konplikatua izan dela. Gainera horri gehitu behar zaio taldean hamalau jokalari berri ditugula eta entrenatzaile aldaketa izan dugula denboraldia hasi eta gutxira. Nire ustez, Djukic-ekin taldeak borroka egingo du ohorezko maila honetan beste denboraldi batez mantentzeko.
Cordoban “Vasco” ezizenez ezaguna zara, nahiz eta taldeko euskaldun bakarra ez izan…
Bai, kar kar… Mikel Saizar atezaina ere euskalduna da, baina ni bera baino urtebete lehenago etorri nintzen Cordobara. Beraz, “Vasco” ezizenarekin ezagutzen naute hemen.
Zeintzuk dira bigarren eta lehenengo mailaren arteko alderik nabarmenenak?
Lehenengo mailan jokoaren erritmoa azkarragoa da, eta egindako akatsak neurrigabe zigortzen dituzte. Era berean, jokoaren kalitatea altuagoa da zentzu guztietan. Hainbat urtez bigarren mailan egon ostean, Cordoba bezalako talde batentzat zaila da lehenengo mailan mantentzea; baina hori da helburua.
Lehen esan duzun bezala, bizitza osoa daramazu futbolean jokatzen eta hainbat klubetan izan zara. Bakoitzean momentu onak eta ez hain onak biziko zenituen…
Bai, noski. Klub edo hiri bakoitzean aurkitu ditudan pertsona bikainak ezagutzea eta, noski, lehenengo mailara igoera izan dira momenturik onenak. Balantzaren beste aldean, dudarik gabe, Xixonen bizi izan nuen egoera jarriko nuke; momentu oso gogorrak izan ziren.
INOIZ AHAZTUKO EZ DITUDAN IRUDIAK, LEHEN MAILARA IGO GINENEKOAK
Denbora luzez ahaztuko ez duzun anekdotarik ba al duzu kontatzeko?
Asko ditut, baina inoiz ahaztuko ez ditudan irudiak lehenengo mailara salto egin genuenekoak dira, bai Las Palmasen bai Cordoban bizitakoak: Utilleroak ileordeekin Las Palmaseko kaleetan barrena, jokalariak zerbitzariz mozorrotuta hotel bateko afaria zerbitzatzen… eta abar luze bat.
Athletic gertutik jarraitzeko aukera duzu ala Cordoban duzu burua etengabe?
Hemen, Cordoban, daukagunarekin nahiko dut, baina egia da asteburuetan tarte bat hartzen dudala Athleticen ibilbidea jarraitzeko.
Athleticeko eta Cordobako zaleak antzekoak omen dira…
Cordobako zaleak ikaragarriak dira: etengabe animatzen dihardute nahiz eta partida osteko emaitzak onak ez izan. Athleticeko zaleak ezagunak dira mundu osoan zehar oso leialak direlako, baita San Mamesen animatzen duten moduagatik ere.
Aholkurik ba al duzu futbolean hasiberri diren umeentzako?
Garrantzitsuena dibertitzea da, ahalik eta ondoen pasatzea. Eta kalean jolas dezatela; hori galtzen ari baita pixkana-pixkanaka, eta oso polita da.
BADAKIT NIRE FUTBOLARI IBILBIDEA AZKEN TXANPAN DAGOELA
Etorkizunari begira…
Badakit nire futbolari ibilbidea bere azken txanpan dagoela, baina ilusioa dudan bitartean eta fisikoki ondo sentitzen naizen bitartean futbolean jokatzen jarraitu nahiko nuke. Entrenatzaile izateko aukera ez dago, epe laburrera begira behintzat, nire asmoen artean.
_______________
«ONENA, LEHEN MAILARA IGOTZEA; OKERRENA, XIXONEKO SEI HILABETEAK»
Zer egiten duzu denbora librean? Nire emaztearekin eta semearekin pasatzen dut nire denbora librea
Beste kirolen bat? Saskibaloia. Bereziki, NBA
Amets bat futbolean? San Mamesen jokatu ahal izatea eta Cordoba lehenengo mailako taldea izaten jarraitzea
Bazkaririk gogokoena? Aitak prestatzen dute hegaluzea
Pelikula bat? El diario de Noah. Nire semearen izena Noah da, pelikularengatik
Liburu bat? El código Da Vinci
Futbolean momenturik onena? Lehenengo mailara igoera
Eta txarrena? Xixonen bizi izandako sei hilabeteak
☉ Basauri
Espainiako Polizia Sidenor erregistratzen ari da Basaurin, Israeli altzairua saltzeagatik
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzea leporatuta

Espainiako Polizia Basauriko Sidenor lantokia erregistratzen ari da, Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzegatik irekitako ikerketaren barruan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Ildo horretan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek azaroan epailearen aurrean deklaratu zuten azaroan.
Jainagak orduan adierazi zuen Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek ez zuela irregulartasunik egin: “Salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”, esan zuen.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapa apirilaren 8an izango da
Itzuliako hirugarren etapa jokatuko da Basaurin. Helmuga Basozelain izango da

Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango a Itzulia. Eta lasterketak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Basauri-Basauri eta Galdakao-Galdakao etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Gaur jakin dugunez, eta antolakuntzak hala zehaztuta, Basauriko etapa hirugarrena izango da, apirilaren 8an, asteazkena. Irteera oraindik non izango den zehaztu ez dute, baina helmuga Basozelain izango da, GEURIAn aurreratu genuen bezala.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dute.
Galdakaoko etapa hurrengo egunean, apirilaren 9an, jokatuko da. Laugarren etapa horretan ere txirrindulariek aldapa gogorra igo beharko dute: Elexaldekoa, hain zuzen. Horren berri ere eman genuen GEURIAn.
Lehenengo etapa Bilbon izango da, eta beste etapak izango dira: Iruñea-Astitz, Eibar-Eibar, eta Antzuola-Bergara.
☉ Basauri
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari ohiak hitzaldia emango du Marienean emakumeen parte-hartze politikoari buruz
Otsailaren 12an, ostegunez, izango da hitzaldia Marienean: ‘Emakumeen parte-hartze politikoa: gertatu (ez) diren aldaketak’

Ainhoa Etxaide Amorrortu LAB sindikatuko idazkari ohiak ‘Emakumeen parte-hartze politikoa: gertatu (ez) diren aldaketak’ hitzaldia emango du euskaraz Marienean.
Otsailaren 12an, ostegunez, izango da 18:00etatik 20:00etara bitartean.
“Bizipenak partekatzea eta jakintzak kolektibizatzea izan da emakume askorentzat ikasteko modu nagusia. Gaur egun, emakume asko sartu dira esparru akademikoan, ikerketan, eta batzuek ikuspegi feminista ematen diete beren lanei. Hitzaldi honetan, bi ikerketatan ikasitakoa partekatuko dugu”, azaldu dute Marieneatik.
Hitzaldirako sarrera librea izango da, baina interesa dutenek izena eman behar dute berdintasuna.basauri.eus webgunearen bitartez, mezua bidalita marienea@basauri.eus helbide elektronikora, 946 124 100 telefono zenbakira deituz edo zuzenean Marieneara bertaratuz.
☉ Basauri
Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak 750 euro banatuko ditu euskarazko ipuin laburrak saritzeko
Lehiaketaren bederatzigarren edizioan parte hartzeko lanak martxoaren 16ra arte jasoko dituzte. Saritan 750 euroko bonuak banatuko dituzte

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren bederatzigarren edizioa abiatu du Zirt Zart Basaurik. Martxoaren 16ra bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.
Aurten “Askotan pentsatu nuen une hartan” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak idazleek.
Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.
Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, eta Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dituzte.
Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Ipuin sarituak GEURIAn argitaratuko ditugu, bai paperezko alean zein webgunean.
Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.
Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288, seigarrenean 149, zazpigarrenean 155 eta zortzigarrenean 233.
Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Lier Alvarez Palacios (Arrigorriaga), Xabat Irazabal Lopez (Gernika), Aroa Elortza Payros (Bergara), Elorri Argüeso Gundin (Bilbo) eta Zuriñe Leon Salcedo (Basauri).
☉ Basauri
Basaurin alokairua mugatzeko prozedura hasi du Eusko Jaurlaritzak
Basauriko auzo guztiak tentsio handiko merkatu izendatzeko prozedurari ekin dio Jaurlaritzak. Tentsio handiko eremu izendatuta, alokairuaren prezioak mugatuko dira

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Basauri osoa tentsio handiko gune izendatzeko prozedura hasi du, Udalak duela hiru hilabete eskaera egin eta gero.
Udal arduradunek aurreikusten dute izendapena ekaina eta uztaila bitartean gauzatuko dela.
Eta, behin Basauri tentsio handiko eremu izendatuta, alokairuaren prezioak mugatuko dituzte.
Basaurik % 30eko muga gainditzen du alokairuko etxebizitza ordaintzeko egin beharreko esfortzuari dagokionez, % 30,8ra iristen baita.
Ondorioz, alokairuaren prezioak eta horiek etxebizitza ordaintzeko gehiegizko ahalegin ekonomikoan duten eragina mugatzeko asmoz, udal ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzak ezinbestekotzat jo dute udalerria eremu tentsionatu izendatzea.
Plan espezifikoak garatzea
Legeak ezartzen duen bezala, Basauriko Udalak etxebizitzaren alorrean desorekak zuzentzeko beharrezkoak diren neurrien plan espezifiko bat eta horren garapen-egutegia idatzi behar du.
“Gure udalerriaren kasuan, izendapenaren ondoren garatu beharko den plan espezifikoan jasotako neurriak dagoeneko ezarrita daude edo ezartze-prozesuan daude. Aktibatu daitezkeen etxebizitza arloko tresna gehienak martxan daude dagoeneko, azken urteotan egindako lan garrantzitsuari esker. Enpresa espezializatu bati agindutako diagnostikoak eta neurri-planak hori berretsi besterik ez dute egin”, nabarmendu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Planak ezartzen duen ekintza indartsuenetako bat etxebizitza eskuragarria sustatzea da. Esate baterako, 2026 eta 2029 urte bitartean alde batetik 362 etxebizitza —horietatik % 73 babes publikokoak izango dira—, eta bestetik 42 zuzkidura bizitoki eraiko dituzte Basaurin.
“Alokairura bideratutako ehunekoa, Eusko Jaurlaritzarekin batera Azbarren eremuan eta bizitoki-dotazionalen sustapenean egindako ekintza koordinatuaren bidez, aldian aldiko etxebizitza-eskaintza osoaren % 46 izango da gutxienez“, dio Iragorrik.
Etxebizitza hutsak mugiaraztea
Etxebizitza erosteko Euskadiko hiri garestirik gehienak Bizkaian daude, eta Basauri da bigarren eskuko etxebizitzen prezioaren urte arteko igoerarik handiena izan duena (% 18,5).
Basaurin 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik eta Udala % 150eko errekargua ezartzen ari da erroldatutako pertsonarik ez duten etxebizitzei.
Bestetik, Udalak gauzatuko duen beste ekintza bat da Bizigune eta ASAP bezalako alokairuan bitartekaritza-programak sustatzea.
Gaur egun, Basaurik 53 etxebizitza ditu ASAP programan eta 207 Bizigunen: “Alokairu eskuragarriko merkatura bideratutako etxebizitza kopuru handia da hori, beste udalerri batzuetan (euskal hiriburuak barne) mugiarazitako etxebizitzekin alderatuz gero”, dio Iragorrik.
Zentzu horretan, Bizigune eta ASAP programetako kide diren etxebizitzei % 99ko hobaria ezartzen die Udalak, lehen % 50ekoa zenean.
Lokalak etxebizitza bihurtzea
Era berean, planak adierazten du udalerriak lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza bat izan behar duela.
Basauriko Udalak 2021etik du ordenantza hori, baina udal arduradunek eguneratu eta malgutuko dute, mota horretako etxebizitza kopurua handitzea lortzeko.
“Aldaketa hori Eusko Jaurlaritzaren bizigarritasun-dekretu berria indarrean jartzen denean egin ahal izango da, baldintzetan malguagoa izango baita”, diote. Hego Uribe eskualdean, Galdakaon dagoeneko malgutu egin dute ordenantza hori.
Egoitza-eraikinen parkeko jarduketei eta hiri-birgaitzeari dagokienez, Basauriko Udalak lehendik ere ematen ditu dirulaguntzak eraginkortasun energetikoa, irisgarritasuna eta eraikinen birgaitzea sustatzeko. Planak proposatzen duen beste ekintza bat Gaztelagun programa sustatzea da, gazteen emantzipazioari laguntzeko alokairurako dirulaguntza baten bidez. Gaur egun, Basaurin alokairu libreko etxebizitza batean bizi diren 188 gazte dira laguntza horren onuradun.












