☉ Basauri
Los Coronas, Freedonia eta The Weapons, martxoaren 27an MAZ Basauriren aurkezpen jaian

MAZ Basauri motorrak berotzen hasi da eta dagoeneko aurkezpen jaia antolatu du. Hitzordua martxoaren 27an, ostiralean, Social Antzokian. Bertan rockaren eta musika beltzaren barnean korronte ezberdinak ordezkatzen dituzten hiru talde ariko dira: Los Coronas, Freedonia eta The Weapons, baita Dino Velver Pinchadiscos, ere gauari amaiera egiteko.
Laugarren edizio honetan ere, MAZ Basaurik prezio merkeen aldeko apustua egingo du, bai Social Antzokiko kontzertuen sarreretan, baita antzokiko barrako edarien salneurrian ere. Aldez aurretik erosiz gero, aurkezpen jairako sarrerak 8 euroren truke eskura daitezke, eta 10 euroren truke, egunean bertan erosita. BBK Multizerbitzu kutxazainak, kutxabank.es, socialantzokia.com eta Social Antzokiko txarteldegiak (astelehenetik igandera arratsaldeko bostak eta gaueko bederatziak bitartean) dira salmenta tokiak.
8.500 LAGUN HIRU URTETAN
MAZ Basauri Udalak eta Social Antzokiak sustatutako jaialdia da. Aurreko hiru edizioetan guztira 8.500 lagun bildu ditu eta antzokiko sarrerak behin baino gehiagotan agortu izan ditu. Gainera, jaialdiak Basauri musika erreferente moduan kokatu du eta herriko ostalaritza eta bizitza kulturala eta komertziala bultzatu ditu.
☉ Basauri
Langabezian dauden 73 herritar kontratatuko ditu Basauriko Udalak, iaz baino 10 gehiago
Bost gazte, 45 urtetik gorako 33 lagun eta oro har langabezian dauden beste 35 herritar kontratatuko ditu Basauriko Udalak datozen hilabeteetan

Enplegu Planaren beste edizio bat jarri du martxan Basauriko Udalak. Aurten 73 langabe kontratatuko dituzte lanbide desberdinetarako, hiru lerrotan banatuta: gazteak, lehentasunezko arretako kolektiboak eta oro har langabezian dauden pertsonak.
Gazte Bermea izango da abian jarriko duten lehenengo programa, 18 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta. Udalak bost lanpostu bilatuko ditu: kirol-dinamizatzaile bat, community manager bat, administrari laguntzaile bat, gizarte integratzaile bat eta diseinatzaile grafiko bat. Kontratuak hasiko dira azaroaren lehenengo hamabostaldian eta 8 eta 12 hilabete bitarteko iraupena izango dute, lanaldi osoan.
“Lanpostu horien deialdia datozen egunetan aktibatuko denez, Lanbideko datuak eguneratuta izatea gomendatzen dugu, bai esperientzia profesionalari dagokionez bai azkenaldian eskuratutako edozein titulu berriri dagokionez”, adierazi du Isabel Cadaval Enplegu arloko zinegotziak: “Antzeman dugu gazteek ez dutela izena ematen langabezian edo Lanbiden, eta hori egin dezaten animatzen ditugu”.

Asier Iragorri alkateak eta Isabel Cadaval Enplegu arloko zinegotziak aurkeztu dute gaur Enplegu Plana // Geuria
Lehentasunezko arretako kolektiboari begira, 45 urtetik gorako langabeak eta zaurgarritasun egoeran edo baztertuak izateko arriskuan daudenak bilatuko ditu Udalak. Guztira 33 lanpostu beteko dira: administrazio elektronikoko 9 postu, 12 agente zibiko eta Patio Zabalik ekimenerako beste 12 postu. Aurreikuspenen arabera, kontratazio-prozesua abenduan hasiko dute, eta kontratazio-aldia sei hilabetekoa izango da, % 75eko lanaldiarekin.
“Programa honen bidez kontratatuak izango direnek 200 orduko formakuntza eta orientazioa jasoko dute Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeek kudeatuta. Kolektibo horri enplegu-aukera emateaz gain, pertson horien enplegagarritasuna hobetuko dugu”, dio Cadavalek.
Azkenik, oro har langabezian dauden pertsonentzako 35 lanpostu beteko ditu Udalak: adinekoen etxeetarako 6 dinamizatzaile, lehen mailako 2 igeltsero ofizial, lehen mailako margolari bat, kirol-dinamizatzaile bat, berdintasun-teknikari bat, albaitari-laguntzaile bat, biltegiko langile bat, informatikari bat, talde-buru bat, lehen mailako 5 igeltsero, lehen mailako gidari bat, 5 eraikuntza-peoi, lehen mailako 2 elektrikari, elektrikari laguntzaile bat, 3 eraikuntza-peoi, atezain bat, administrari laguntzaile bat eta Informazio Zientzietako lizentziatura duen edo Teknologien profesionala den pertsona bat.
Lehentasunezko arretako kolektiboari zein oro har langabezian daudenei zuzendutako kontratuak ez dituzte abendua baino lehen egingo: “Lehenengo gazteei zuzendutako lanpostuekin hasiko gara, eta ondoren ekingo diogu gainontzeko lanpostuak betetzeari eta kontratazioei. Kolektibo hauetako langabeek denbora gehiago izango dute euren Lanbideko profila eguneratzeko”, dio Cadavalek.
Nola eman izena?
Enplegu Planeko kontratazioak Lanbide bidez egiten ditu Basauriko Udalak. Udalak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak, eta erakunde horrek bilaketa bat egingo du izena emanda dituen langabeen artean, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
Aurre-hautatuen zerrenda hori erabiliko du Basauriko Udalak behin betiko hautaketa egiteko. Azken hautaketarako, udal teknikariek eta giza baliabideetako kideek ebaluatuko dituzte hautagaiak, proiektu bakoitzeko, ordezkari politikoen parte hartzerik gabe.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da datuak eguneratuta edukitzea Lanbiden, behar bezala sailkatuta egotea, eta zer lanbide eskatzen diren ondo zehaztea, bat etor daitezen izena emanda dauden lanbideak pertsona bakoitzari interesatzen zaizkionekin”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.
% 12,9ko langabezia-tasa
Gaur egun % 12,9ko langabezia-tasa du Basaurik: “Abuztuko datuak dira horiek. Pixkanaka ari gara tasa hori murrizten. Datuak datu, 2008an % 11,8ko zen langabezia-tasa eta 2009an % 14,7koa. Bizkaiko tasaren bataz bestekoaren azpitik dago Basauri, eta hori Enplegu Planari esker da”, dio Iragorrik: “Helburu nagusia da langabezian dauden pertsona kopurua murriztea eta horretan ari gara”.
Enplegu Planak iraungitze data du urtero, hau da, kontratuak epe tarte baterako baino ez dira, gutxienez sei hilabetekoak edo gehienez urtebetekoak. Hala ere, udal ordezkariek adierazi dute jarraipena egiten dutela epea behin bukatuta: “Kontratuak bukatzen dituztenean Udaletik jarraipen bat egiten dugu. Denak Lanbiden alata emanda jarraitzen dute, edo beste batzuk Behargintzara bideratzen ditugu”, dio Cadavalek.
☉ Basauri
Touré detektibearen telesaila 2024an estreinatuko dute ETBn eta TVEn

Jon Arretxe idazle basauriarrak sortutako Touré detektibeari buruzko telesaila laster ikusi ahal izango dugu pantaila txikian. Hain zuzen ere, aste honetan bukatu dituzte grabazioak eta aurreratu dute telesaila 2024an estreinatuko dutela EITBn eta RTVEn.
Hiru hilabete baino gehiagoko grabaketak izan dira eta irailean bukatu dute filmazioa. Grabazioa Bilboko zenbait txokotan izan da, hala nola, Arriaga antzokian, Salbeko zubian eta San Frantzisko auzoan, Arretxeren sagako lekurik ezagunetan. Era berean, Getxoko Muxikebarri Zentroan ere eszena batzuk filmatu dituzte.
Malcolm Treviño-Sitté izango da Mahamoud Touré, eta telesailean ikusiko ditugun gainerako aktoreak dira: Itziar Ituño basauriarra, Unax Ugalde, Loreto Mauleón, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain.
RTVEren, Detective Touré AIEren, Tornasol Mediaren, DeAPlanetaren eta EITBren arteko koproduzioa da telesaila, eta Europa Creativa Media programaren laguntza du.
Sei kapitulu
Telesailak sei kapitulu izango ditu eta Esteban Crespok eta Violeta Salamak zuzendu dituzte. Arretxek berak 2023ko apirilean GEURIAri adierazi bezala, “kapitulu bakoitza liburu batean oinarrituta dago”.
Guztira Touréri buruzko bederatzi nobela argitaratu ditu Arretxek: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021) eta ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022). Hala ere, lehenengo sei liburuetan dago oinarrituta telesaila.
Intriga, umorea eta “pertsonaia maitagarriak” uztartzen ditu telesailak, eta David Perez Sañudok (‘Ane’) —2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya saria irabazi zuen— eta Carlos Vila Sextak (‘Los misterios de Laura’) sortu dute, gidoian Flora González Villanuevaren laguntzarekin.
Ikus-entzunezkoak bi aholkulari izan ditu, pertsonaia afrikarrak telesailean irudikatzeari begira: Lucía Mbomio (kazetaria, Espacio Afro-ko kidea eta 2020an Espainiako Giza Eskubideen Aldeko Elkartea komunikazio-sariaren irabazlea) eta Mamadou Ngom (‘Munduko Medikuak’ elkarteko kulturarteko bitartekaria eta Bilboko Mugimendu Panafrikanistaren koordinatzailea). Arretxe ere telesailaren grabaketetan izan da.
Arretxeren lehena
‘Detective Touré’ Jon Arretxek pantaila txikirako egindako lan baten lehen egokitzapena da. Arretxek 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du literatura munduan eta Espainiako eleberri beltzaren egile handienetako bat da. Bere liburu gehienak, jatorriz euskaraz argitaratuak, bestseller bihurtu dira Hego Euskal Herrian.
Telesailak momentuz sei kapitulu izango ditu. Denboraldi gehiago ikusteko aukera izango dugu hurrengo urteetan? Lehen denboraldi honen emaitzak argituko du zalantza.
☉ Basauri
’20.000 especies de abejas’ filma azkenean ez da lehiatuko Oscar sarietan egoteko

Espainiako Zinema Akademiak gaur iragarri du zein film aurkeztuko dion Hollywoodeko Akademiari Oscarren atzeriko film onenaren atalean hautagai izateko. Eta hori da Juan Antonio Bayonaren “La sociedad de la nieve”. Hortaz, kanpo geratu dira Esti Urresola laudioarraren ‘20.000 especies de abejas’ eta Victor Ericeren ‘Cerrar los ojos’.
Oscarretan ez, baina Europa mailan harrera ona izan du Sofia Otero aktore gazte basauriarra protagonista duen ‘20.000 especies de abejas’ filmak. Izan ere, 2024ko Europako Publikoaren Zinemako LUX Sarirako izendatu dituzten bost tituluetako bat da. Sari hori Europako Parlamentuak bultzatzen du, Europako balioen unibertsaltasuna zein kulturaren aniztasuna edo Europar Batasunaren eraikuntza-prozesuari buruzko lanak goraipatzeko.
Sariak filmaren azpitituluak Europar Batasuneko 23 hizkuntza ofizialetan finantzatzea barne hartzen du, eta jatorrizko hizkuntza pertsona gorrei eta entzuteko zailtasunak dituztenei egokituko zaie. Zinta irabazlea Europako Parlamentuan 2024ko martxoan egingo den zeremonia batean iragarriko dute.
Izendapen hori Europako Zinemaren Akademiaren sarietarako iragarrita dagoenari gehitu behar zaio. Bertan, Urresolaren zintak beste 18 titulurekin lehiatzen du, erakunde horren iritziz, “europar zinemagileen bikaintasuna ordezkatzen baitute, Europako aniztasuna, aniztasuna eta sormena balioesten baitituzte”.
Donostiako Zinemaldian
Beste alde batetik, ‘20.000 especies de abejas’ Donostiako Zinemaldian proiektatuko dute. Hain zuzen ere, filmak hasiera emango dio Zinemira euskal zinemari berariaz eskainitako sailari iraialren 22an (19:15). Hala eta guztiz ere, lehiaketatik kanpo proiektatuko dute filma, Donostian eman aurretik dagoeneko estreinatu delako.
☉ Basauri
Bideoa | Sute batek Kareaga Goikoa kaleko etxebizitza bat kiskali du Basaurin
Zauriturik egon ez den arren txakur bat onik atera dute etxebizitzatik

Gaur 13:45ak aldera sutea piztu da Kareaga Goikoa kaleko etxebizitza batean, Basaurin. Berehala gerturatu dira suhiltzaileak eta sutea amatatu dute.
Lehen ikerketen arabera, elementu elektriko batek hartu du su. Etxea kiskalita geratu da, baina ez da zauriturik egon. Sutea piztu den momentuan ez zen pertsonarik barruan; bai, ordea, txakur bat, baina suhiltzaileek onik atera dute.
Udaltzainak eta Ertzaintza azkar bertaratu dira, eta minutu gutxiren buruan suhiltzaileak etorri dira”, adierazi dio GEURIAri Kareagako bizilagun batek: “Oso beldurtuta geunden. Bagenekien txakur bat zegoela barruan, eta etxeko emakumea barruan ez zegoela ziurtatu dugunean, lasaitu gara”.
Uholdeak eta sutea
Irailaren 16an jazo ziren euri-jasa gogorrek Kareaga Goikoa kalea urez gainezka utzi zuten minutu batzuez. “Zorte txarra izan da: auzokide berak larunbateko uholdeak jasan ditu, eta oraon sutea”, adierazi digu bizilagun berak.
☉ Basauri
Basauri ‘2024ko Kirolaren Europako Hiria’ izateko hautagaia da

Basauri, ‘2024ko Kirolaren Europako Hiria’ izateko hautagaia da. Horren berri eman du gaur Basauriko Udalak.
“Ondo merezitako izendapena izango litzateke klubentzat, Basauriko oinarrizko kirolarentzat eta Basauri Kirolaken instalazioak erabiltzen dituzten eta instalazio horiek bizirik mantentzen dituzten erabiltzaile eta kirolari guztientzat. Basaurik merezi du!”, adierazi dute udal ordezkariek.