Sareak

☉ Basauri

#M28 / Etxerre berreskuratu eta ‘Basauri Kulturgunea’ sortu nahi du Basauriko EH Bilduk

EH Bilduren arabera, ekimen horren bidez aisialdirako eremu bat irabaziko litzateke arnasgune berde gisa

|

Etxerreko putzua // Geuria

Basauriko EH Bilduk Etxerreko hezegunea berreskuratzea du helburu hauteskunde programako proposamenen artean. “Etxerreko hezeguneak berariazko garrantzia du, eta ezinbestekoa da bere berreskurapena. Horrela bere ingurumen balioa aintzat hartuko litzateke, eta ez hori bakarrik; aisialdirako eremu bat irabaziko genuke arnasgune berde gisa”, azaldu du Exabier Arrieta Basauriko alkatetzarako EH Bilduko hautagaiak. “Horretarako, erakundeen inplikazioa beharrezkoa da eta Zaratamoko eta Basauriko elkarlana eta koordinazioa sustatuko dugu eta beste erakundeengana joz”.

Izaskun Soto Zaratamoko EH Bilduko hautagaiaren arabera, Arkotxan biribilgune bat eraiki gura dute Zaratamoko auzorako sarbidea errazteko eta baita Etxerreko hezegunea berreskuratzeko: “Arkotxak ingurune jasangarriarekin eta Ibaizabal ibaiarekin harremana berreskuratuko du”, dio Sotok.

Sotoren hitzetan, “biribilguneak egoki egiten du Etxerre eta Garaiko putzuak berreskuratzeko plana abian jartzea”, Basauri eta Zaratamo artean hiri-inguruko parke bat sortuz. “Proiektu horrek Basauri eta Zaratamoko oinezkoen ibilbideak Ibaizabal ibaiaren erriberako pasealekuarekin lotuko lituzke, naturarekin lotutako elkarguneak sortuz”.

Kulturgunea, Basaurin

Bestalde, ‘Basauri Kulturgunea’ izeneko erabilera anitzeko espazioa sortzea du helburu San Fausto plazaren alboan hauteskundeetako programako proposamenen artean: “Social Antzokiaren ondoan kokatuko litzateke, Musika eskolatik gertu”, azaldu dute EH Bildutik. “Leku estrategikoa da, erdigunea delako, garraio publikoko geltokietatik gertu dagoelako eta beste eraikin eta gune kultural batzuen osagarri delako”.

Alderdiko bozeramaileen arabera, proiektu “integral” horri esker, Basauri eskualdeko kultura-erreferente bihurtuko da, hainbat kultura-adierazpenen garapena sustatuz, jarduera anitz eta euskaldunak sustatzeko: “Erakusketak, erakunde-kontzertuak, ekitaldiak, desfileak, herri-jarduerak eta abar har ditzakeen zentroa izango da, eta, bestalde, gazteek eta taldeek eta elkarteek beren jardueretarako erabili ahal izango dute”. Gainera, Musika Eskolaren eskaintza zabaltzeko balioko duela iragarri dute, “gaur egungo eskaria bete ahal izateko”.

“Erakusketak, erakunde-kontzertuak, ekitaldiak, desfileak, herri-jarduerak eta abar har ditzakeen zentroa izango da

Jarduera ekonomikoaren ikuspegitik, Basauri Kulturguneak tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko proiektu eragile gisa balioko duela gehitu dute EH Bildutik, “eskualdeko nahiz Bilbo Metropolitarreko gertuko pertsonak erakarriz”.

Lapatza, San Migelgo kezka

Exabier Arrieta Basauriko EH Bilduko alkategaia eta Leire Lezameta San Migelgo pertsona erreferentzialak agerraldia egin dute San Migelen. Alderdiko proposamenekin hasi baino lehen, EH Bildutik “kezka” azalerazi zuten Adifek Lapatzan eraikiko duen behin-behineko geralekuagatik. “Gune birnaturalizatu bat, basauriarren aisialdirako eremua, eta, zehazki, San Migeleko auzokideentzat”, azaldu dute alderditik.

“Renferen aldiriko geltokira jaitsiko den igogailu soil gisa saldu zitzaiguna, ez dago hain argi, eta ezagutu dezakegun apurraz, eraikin bat, aparkaleku txiki bat eta bertara sartzeko bide bat aurreikusten da. Erakundeek ez dituzte aintzat hartzen gure interesak, ezta udal gobernu-taldeak ere”, azpimarratu dute.

San Migelen egindako agerraldian, hirigintza alorrean aritu dira, hurrengo proposamenekin:

– Hernan Cortes plazari eta eskola zaharrari erabilera bat emateko prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea

– Frontoiaren ondoan dagoen saskibaloi-zelaia estaltzea

– Gernika kaleko 24-30 tarteak berrurbanizatzea, espaloiak handituz eta aparkalekuak hobetuz

– Gobernantza kolaboratiboa, elkarte- eta auzo-mugimenduarekin gobernatuz

– Auzoak eta etxebizitzak osorik birgaitzeko plan baten aldeko apustua, Europako NEXT funtsen eta Udalaz gaindiko funtsen finantzaketa aprobetxatuz

☉ Basauri

Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

|

Kareagako anbulatorioan hasi dute sinadura bilketa gaur // Geuria

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.

Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.

Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

|

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.

Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Merkatu solidarioa antolatu dute Basaurin, Bielorrusako umeen alde

|

Merkatu solidario bat // Artxiboko irudia, Geuria

Merkatu solidarioa antolatu du Basaurin Acobi elkarteak Bielorrusiako umeentzat dirua biltzeko. Merkatua zabalik dago abenduaren 3ra bitartean Agirre Lehendakaria kaleko 57. zenbakiko lokalean, Herriko Taldeaken ondoan.

Liburuak, jostailuak, tresneria, apaingarriak edota imitaziozko bitxiak bildu eta salduko dituzte lokalean. “Espazioa dela eta, ezin dugu arroparik jaso edo saldu”, diote antolatzaileek.

Merkatu solidarioa zabalik dago astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

“Gerra kontuengatik etortzerik ez dutenez, dirua bidaliko diegi han behar dutena eros dezaten”, diote sustatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxez etxeko laguntza zerbitzuan arreta ordu gehiago eskainiko ditu Basauriko Udalak

|

ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu nahi du Udalak // Geuria

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) araudia berrituko du Basauriko Udalak. Besteak beste hobekuntza hauek onartuko dituzte azaroko osoko bilkuran: mendekotasun-mailaren bat onartua duten erabiltzaileei arreta emateko ordu gehiago eskainiko dituzte, “nahi izanez gero eta egoerak ahalbidetuz gero, etxean denbora gehiago egon ahal izan daitezen”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak.

Zehazki, bizikidetza-unitatean kide batek baino gehiagok baldin badute mendekotasun-balorazioa, maila handiena duenari dagozkion orduez gain, mendekotasun egoeran dagoen beste pertsonari dagokion ordu kopurua % 50 handituko dute.

Era berean, desgaitasuna onartuta duten 60 urtetik gorako pertsonek eta mendetasunik onartua ez duten 65 urtetik gorakoek ere gehienez 20 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte hilean, aldez aurretik balorazio teknikoa eginda.

“Azpimarratu behar da 85 urtetik gorako pertsonek, bakarrik bizi badira eta familian nahiz gizartean laguntza-sare nahikorik ez badute, erregelamendua onartu ostean, etxez etxeko laguntza eskatu ahal izango dutela hilean gehienez 30 orduz, bestelako baloraziorik egin behar izan barik”, dio Larrinagak.

Arau-testu berrian jasotako hobekuntzen artean, balorazio teknikoaren arabera babesgabetasun-egoeran edo arriskuan, bazterketa-egoeran edo abandonu-egoeran dauden edo tratu txarrak jasaten ari diren pertsonek hilean gehienez 30 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte, “betiere etxez etxeko laguntza-zerbitzuak eman ditzakeen prestazioak behar badituzte”, dio.

“Oro har, neurri horien bitartez, ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu gura dugu eta, horretarako, zerbitzuaren intentsitatea eta malgutasuna areagotzeaz gain, prestazioak konbinatzeko aukera ere handiagoa izango da”, dio Larrinagak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko lehen Putxera lehiaketa antolatu dute azaroaren 25ean

|

Artxiboko irudia // Geuria

Pozokoetxeko Sanjuantxines Kultur Elkarteak Basauriko lehen Putxera lehiaketa antolatu du. Azaroaren 25ean, larunbatez, izango da Solobarria plazan.

Hasiera batean Pozokoetxeko parkean izango zen lehiaketa, baina eguraldi iragarpena dela eta, Solobarriara lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek.

Saritan 190 euro banatuko dituzte: lehenengo sailkatuak 100 euro jasoko ditu, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenak 30 euro. Era berean, putxerak (lehenengo sailkatua eta herriko irabazlea), jamoia (bigarren sailkatua) eta ardo kutxa bat (hirugarren sailkatua) ere emango dizkiete irabazleei.

Lehiaketan izena ematea azaroaren 25ean bertan 10:00etatik 12:30era bitartean izango da. Parte hartzaileek 5 euro ordaindu behar dituzte putxera bakoitzeko.

Babarrunak 13:00etatik 14:00etara entregatu behar dira eta sari banaketa 15:00etan izango da.

Putxera lehiaketa antolatzeaz gain, zozketa bat egingo du Sanjuantxinek egunean bertan. Hain zuzen ere, putxera baten zozketa egingo dute. Zozketan parte hartzeko txartelak euro batean saltzen ari dira Pozokoetxeko saltokietan. Zozketa sari banetan egingo dute.

Lehiaketako oinarriak

  • Erabili behar diren osagaiak: babarrun gorria, txorizoa, urdaia, odolostea eta saihets-hezurra
  • Jendeari begira prestatuko da putxera, eta gasarekin, ikatzarekin edo egurrarekin egosi ahal izango da
  • Putxerak Solobarriako karpan egin behar dira eta lurzorua estali beharko da
  • Babarrunak 13:00etatik 14:00etara bitartean aurkeztu behar dira
  • Putxera ez da txingarrekin aurkeztu behar
  • Epaimahaiaren erabakia apelaezina da
Osorik irakurri