☉ Basauri
Emakumeak eta euskaldunak, protagonista nagusiak aurtengo MAZ Basauri jaialdian

Inoiz baino goizago, hemen da MAZ Basauriren zortzigarren edizioko programazioa, apirilaren 26 eta 27 eta maiatzaren 3 eta 4ko asteburuetan ospatuko dena eta, ohi bezala, kalean doakoak eta Social Antzokian, prezio merkeetan, kontzertuak uztartuko dituena. Sarrerak salgai egongo dira bihar, abenduaren 21ean, 10:00etatik aurrera. Urtarrilaren 15era arte eskaintza berezia egongo da 8 eurotan eta lau egunetarako 50 bono 25 eurotan.
MAZ 2019ko izen nagusiak programazio berriaren estilo aberastasunaren isla dira. Iseo & Dodosoundek nahi beste areto bete ditu 2018an zehar, euren dub, reggae eta hip-hop nahasketari esker. MAZ Basaurikoa 2019an emango duten lehen kontzertuetako bat izango da, hilabete batzuetan zehar merezitako atsedena hartu ondoren. Social Antzokian The Mousehuntersek lagunduta izango dira. Viva Sueciak ‘Artista espainiar onenari saria’ irabazi berri du 2018ko MTV EMA sarietan eta orain lan berria grabatzen ari da ‘Otros principios fundamentales’ diskoaren arrakasta eta gero (2017ko indie-rock lan onenen artean).
Toundrarena, gaur egun, rock instrumentalaren barnean dagoen izen handienetarikoa da nazioartean, euren ‘Vortex’ (2018) bosgarren diskoari esker. Bere aldetik, Christina Rosenvingek (2018ko Espainiako musika garaikideen sari nazionala) ‘Un hombre rubio’ lana aurkeztuko du MAZ Basaurin. Disko honetan hainbat nortasun maskulinoetatik (semea, aita, amorantea…) abiatuta, gizonaren bakardadea barrutik esploratzea nahi izan du.
Lau artista edo taldeoi ondoko proposamenak ere batuko zaizkie: Triángulo de Amor Bizarro galiziarrak (‘El gatopardo’ EPa kaleratu berri dute); Anari eta Mursego gipuzkoarrak, euskal musikaren bi izen handi; eta Hakima Flissi bilbotarra, azken aldian Euskadin etorkizun oparoena eduki dezaketen artisten artean dagoena.
Programazioa Rockein lehiaketaren 2018ko edizioko irabazleek osatuko dute: The Owl Project (sari nagusia), Haxotz (tokiko artistarik onena), Agian (euskarazko talderik onena) eta Voltium (publikoaren saria -Kimera izenpean irabazi zuten, orain izena aldatu dute, baina taldekide berberekin jarraitzen dute-). Aurrerago iragarriko da Txiki MAZ eta Zine MAZen programazioa.

Sarrera eta bono eskaintza
Bihar, abenduak 21, goizeko 10etan, MAZ Basauriren zortzigarren edizioko sarrerak salgai jarriko dira: eguneko sarrerak, 8€+gastuak (%40ko beherapena egunean bertan izango duten prezioarekiko) eta Social Antzokiko lau egunetarako bonoak, 25€+gastuak. Eskaintza hau urtarrilaren 15erarte (egun hau, barne) indarrean egongo da ala, bonoen kasuan, lehen 50 bonoak agortu arte. Urtarrilaren 16tik aurrerako salneurriak: 11€+gastuak (eguneko sarrera) eta 30€+gastuak (bonoa). Egunean bertan, txarteldegian, eguneko sarrerak 14€ko salneurria izango du.
MAZ Basauri Basauriko Udalak bultzatzen du, Social Antzokiaren laguntzaz. Bere lehen zazpi edizioetan herria erreferente musikal moduan jarri du eta Basauriko ostalaritza, kultura eta komertzioentzat bultzada bat suposatu du.
MAZ Basauri 2019
Ostirala, apirilak 26, Social Antzokia, 21.30h
Christina Rosenvinge + Anari
Larunbata, apirilak 27
Kalean doakoa, 12.30h (lekua zehazteke)
Txiki MAZ
Kalean doakoa, 18.00h (lekua zehazteke)
Haxotz + Agian + Voltium
Social Antzokia, 21.30h
Toundra + Mursego
Ostirala, maiatzak 3, Social Antzokia, 21.00h
Viva Suecia + Triángulo de Amor Bizarro + The Owl Project
Larunbata, maiatzak 4, Social Antzokia, 21.30h
Iseo & Dodosound With The Mousehunters + Hakima Flissi
☉ Basauri
Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.
Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.
Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo, Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.
☉ Basauri
Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin
Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.
Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.
Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.
Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.
Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.
Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen
Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.
Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.
Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.
“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.
Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.
☉ Basauri
Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.
Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.
Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz.
☉ Basauri
Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”
2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]
Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.
Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.











