☉ Basauri
Dorian, Cala Vento, La Paloma eta Lisabö izango dira 2024ko MAZ Basauriko kartelburu
Azaroaren 8tik 10era bitartean izango da MAZ Basauri jaialdia. Aurten nobedade bezala, hirugarren jardunaldi bat antolatu dute igandez
Azaroaren 8tik 10era bitartean izango da 2024ko MAZ Basauri jaialdia, eta gaur bertan jakinarazi dituzte kontzertuak: Dorian, Cala Vento, La Paloma, Lisabö, Sotomonte eta Lova Lois musikariek joko dute Social Antzokian.
Era berean, ordainpeko kontzertuez gain, kaleko doako ikuskizunak ere hartuko ditu aurten ere MAZ Basaurik. Kasu honetan, Nat Simons izango da kaleko doako programazioaren buru, baita 2023ko Rockein lehiaketako irabazleak ere: Sweet Rage, Islabat eta Nun.
Halaber, Txiki MAZ, MAZ Basaurik familia osoarentzat egiten duen programazioaren barruan, Elenco rock taldea, Tramatraka konpainia eta Mugu eta Mr. Chase DJak izango dira.
Eta, aurten, nobedade bezala, hirugarren jardunaldi bat ere izango du MAZ Basaurik bere 12. edizioan: azaroaren 10ean, igandez, Hortzmuga Teatroak ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ antzezlana aurkeztuko du kalean, doan.
Social Antzokiko kontzertuetarako sarrerak bihar, irailak 26, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, socialantzokia.eus webgunean, antzokiko leihatilan edo Kutxabank sarean. Sarrerak 12 euroko prezioa izango du aldez aurreko salmentan eta 15 euro kontzertuaren egunean bertan, leihatilan. Kontzertuak zutik ikusiko dira eta barra-zerbitzua egongo da prezio merkeetan.
MAZ Basauri Basauriko Udalak sustatzen du. Aurtengoa 12. edizioa da eta aurreko hamaika edizioetan, udalerria erreferente musikal gisa kokatu du, eta Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako pizgarria izan da.
Izen nabarmenak
Social Antzokiaren ordainpeko programazioak izen nabarmenak izango ditu: Dorian, Cala Vento, La Paloma eta Lisabö, besteak beste. Dorian bartzelonarrek bi hamarkada baino gehiago daramatzate eszenatokietan. ‘La tormenta de arena’ edo ‘A cualquier otra parte’ (75 milioi erreprodukzio baino gehiago streaming plataformetan) bezalako ereserkien egileak dira eta Estatuko indie eszenan poparen eta elektronikaren fusioa biziberritu zuten taldeetako bat. Basaurin estudioko disko berria aurkeztuko dute eta dagoeneko entzungai dago ‘Algo especial’, diskoaren aurrerapen singlea.
Cala Vento Kataluinako L ‘Empordà eskualdeko bi lagunek, Joan Delgadok eta Aleix Turónek, osatutako bikotea da. 2015ean debuta egin ondoren, estudioko lau disko argitaratu dituzte. Azkena ‘Casa Linda’ (2023) da. Cala Vento punk-rocka besterik ez dira. Ahotsak, gitarra, bateria eta letra onak besterik ez. Eta horrela, beste ezerren beharrik gabe, eszenatokia betetzen dute.
La Paloma noise hirukote madrildarra da, 2021ean argitaratutako lehen EP batekin rock eszenaren oinarriak gogor astindu zituena. Handik gutxira iritsi zen LP formatuko debuta, ‘Todavía no’ (2023) lana, eta aurreko bi urteetan esandako guztia berretsi zuten. Estatuko jaialdi nagusietara eta Portugal, Mexiko eta Estatu Batuak bisitatzera eraman dituen biraren amaieraren geldialdietako bat izango da MAZ Basauri.
MAZen 12. edizio honetako beste izen handi bat Lisabö izango da. Irungo taldea, azken 25 urteetako talde euskaldun ezagunenetako bat, duela 12 urte aritu zen musika zikloaren 1. edizioan. ‘Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte’ (Bidehuts, 2023) aurkezteko itzuli dira.
Sotomontek, Jokin Salaverria getxotarraren hard-folk taldeak, MAZ Basauri aukeratu du ‘Decadence & Renaissance’ disko berria aurkezteko, taldearen bigarren lana, ‘From Prayer to the Battlefield’ estreinaldi borobilaren ondoren.
Lova Loisek Social Antzokiaren programazioa osatuko du, Astrabuduako Lola González Guerricaechebarria poeta, kantautore eta rapera gaztearen proiektua eta 2023ko Rockein lehiaketaren kategoria nagusiaren irabazlea, ‘Todo son señales’ EPa (2024) ekarri digun saria.
Nat Simons madrildarra Espainiako azken hamarkadako rockaren ahots interesgarrienetako bat da. ‘Felinas’ disko-liburuan (2024) Cherie Currie (The Runaways taldeko abeslari ahaztezina), Nicole Atkins, Aurora Beltrán, Vega, Anni B. Sweet, Nina de Juan (Morgan), Rebeca Jiménez eta Rufus T. Firefly edo Los Estanques bezalako beste hainbat emakumerekin batera, abesti propioak eta beste batzuenak moldatzen ditu.
Kaleko musika programazioa 2023ko Rockeinen saritutako beste 3 taldeek osatuko dute: Sweet Rage (tokiko artistarik onena), azken belaunaldiko metal seikote bizkaitarra; Islabat (euskarazko artistarik onena), Asier Olabarrieta elgoibartarraren rock intimista proiektua; eta Nun (Eskarabillera saria), Arian Herrero gasteiztar kantautorearen bakarkako proiektua.
Larunbatean ere, eguerdian, Txiki MAZ itzuliko da. MAZ Basaurik familia osoarentzat egiten duen programazioaren barruan, Getxoko ibilbide luzeko musikariek osatutako Elenco rock taldearen kontzertua izango da.
Tramatraka konpainiak ‘Matraka Culinary Center’ ikuskizuna aurkeztuko du: sambatik rapera, punketik Indiako giro-soinuetara… lapikoak, paellak, azenarioak, makarroiak, kalabazinak, erratzak, sukaldeko koilarak… izango dira ikuskizuneko musika-tresnetako batzuk. Gainera, Bilboko eszenako DJ ospetsuenetako bi, Mugu eta Mr. Chase, DJ saioa eta umeentzako tailer txiki bat emango dute.
Azkenik, MAZ Basauriren 12. edizio honen berritasunetako bat igandean, azaroak 10, hirugarren jardunaldi bat antolatzea izango da. Egun horretan, doan eta kalean, Hortzmuga Teatro konpainiaren ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ antzezlana programatuko da. Ikaskuntza- eta tolerantzia-abentura bat da, umore askorekin, bigarren aukerei, hondakinak itsasora isurtzeari eta sare sozialetan adingabeen gehiegizko esposizioari buruzkoa.
MAZ Basauri 2024
Azaroak 8, ostirala
Social Antzokia
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Kontzertuak: Lova Lois + La Paloma + Dorian
Azaroak 9, larunbata
Txiki MAZ: kokapena eta ordutegiak aurrerago zehaztuko dituzte
12:00 Elenco + Matraka Cilnary Center + Mugu & Mr. Chase DJak
MAZ kalean: kokapena eta ordutegiak aurrerago zehaztuko dituzte
16:30 Nat Simons + Sweet Rage + Islabat + Nun
Social Antzokia
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Kontzertuak: Sotomonte + Lisabö + Cala Vento
Azaroak 10, igandea
MAZ Kalean: kokapena aurrerago zehaztuko dute
13:00 Hortzmuga Teatroa: ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’
☉ Basauri
Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari
Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).
Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.
“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.
Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.
“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.
“Maniobra tarte txikia”
“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.
Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.
“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.
Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.
☉ Basauri
Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen
Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.
Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.
Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.
☉ Basauri
Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik
Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.
Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.
Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.
Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek. Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.
Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.
☉ Basauri
Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’
Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra
Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).
Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.
Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).
11 liburu, 12 urte
Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:
Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.
Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.
Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.
☉ Basauri
Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian
Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz eta fake news fenomenoaren inguruan.
Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.