Urtero bezala, Basauriko Merkatari Elkarteak programa berezi bat antolatu du Gabonetan. Besteak beste, ‘Desioen zuhaitzak’ ipini ditu udalerrian zehar herritarrek euren desioak jar ditzaten eta zuhaitzetan argiak jarri ditu.
Era berean, Basauri Koral Elkartearen eskutik, Gabon-kanten emanaldiak antolatu dituzte Basaurin zehar abenduaren 28an eta 30ean. Horretarako, Txu-txu trenaz baliatuta Gabon-giroa auzo guztietara heltzea ahalbidetuko dute.
Gozoak, zozketak eta Gabonetako loteria
Abenduaren 22an, 23an, 27an, 28an, 29an eta 30ean Basauriko Merkatari Elkarteko kideak kalera aterako dira goizean eta gozoak eta Gabonetako txanoak banatuko dituzte.
Bestetik, Basauriko Txartela erabiltzen dutenek Errege Egunean zozketatuko den loteria dezimo bat eskuratu ahal izango dute eta 1.000 euro baino gehiagoko erosketa-txartelen zozketan parte hartzeko aukera izango dute (zozketa abenduaren 27an egingo dute).
