Sareak

☉ Basauri

Mikel Iturbe basauriarrak Crowdfunding kanpaina abiatu du idatzi duen eleberria argitaratzeko

Kanpaina honen bitartez zuzenketa, diseinu eta argitaratze gastuak kubritu nahi ditu Iturbek. 3.000 euro biltzeko asmoa du urriaren bukaerarako.

|

Gazte basauriarraren lehen eleberria da "La tierra de la Luna Roja" / Mikel Iturbe

“La tierra de la Luna Roja” gazteentzako fantasiazko eleberria idatzi du Mikel Iturbe basauriarrak. Hiru urte eman ditu Iturbek liburua idazten, eta kanpaina honen bitartez zuzenketa, diseinu eta argitaratze gastuak kubritu nahi ditu. 3.000 euro biltzeko asmoa du urriaren bukaerarako, Verkami plataformaren bitartez. Liburua argitaratzen laguntzeko bide ezberdinak eskaintzen ditu Iturbek bertan.

Eleberriak Sararen abentura du oinarri:
Kazetaritza graduko 2. mailako ikaslea da Sara. Halako batean, mezu misteriotsu bat jasoko du Sarak, objektu txiki bat Bartzelonako tren geltoki batera eramateko laguntza eske. Bertara hurbildu, eta ustekabean, antzinako arbasoen gerra batera bidaiatuko du ikasle gazteak. 

Fantasiazko eleberria da ” La tierra de la Luna Roja”, eta laguntasuna, onespena, mendekua eta aurreiritziak izango ditu hizpide. Ilustratzaile profesional baten laguntza izan du Iturbek liburua osatzeko.

Eleberrian agertzen den mapa / Mikel Iturbe

Gauzak ondo bidean, azaroaren bukaerarako aurreikusten du Mikel Iturbek liburua erosleen eskuetara iristea. Irakurri GEURIAK Mikel Iturberi 2018ko martxoan egindako elkarrizketa. 

☉ Basauri

‘Emakumeak eta industria musikala’ solasaldia antolatu dute gaur Marienean, MAZ Basauri jaialdiaren baitan

Musikaren industriako emakumeek euren esperientziak partekatuko dituzte gaurko topaketan

|

Iaz antolatu zuten ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren lehen edizioa // MAZ Basauri

Aurten, iaz bezala, hirugarren jardunaldi bat ere izango du MAZ Basauri jaialdiak bere 13. edizioan: azaroaren 6an, ostegunez, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren edizioa antolatuko dute Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak elkarlanean.

Topaketa Marienea Basauriko Emakumeen Etxean izango da 18:00etan. Musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea bilatzen du ekimenak, sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko helburuarekin.

Aurten, La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira protagonistak. Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia, eta doakoa izango da.

MAZ Basauri Basauriko Udalak sustatzen du. Aurtengoa 13. edizioa da eta aurreko hamabi edizioetan, udalerria erreferente musikal gisa kokatu du, eta Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako pizgarria izan da.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Selton eta Hierro basauriarrek debuta egin dute Txapeldunen Ligan Athleticekin

|

Selton eta Hierro // Athletic Club

Basauritik mundura. Horrela definitu daiteke atzoko gaua St James’ Park estadioan, egun berean bi basauriarrek egin baitzuten debuta: Selton Sanchezek (18 urte) eta Asier Hierrok (20 urte). Ez zen debut gozoa izan, taldeak 2-0 galdu baitzuen, baina zalantzarik gabe ahaztuko ez duten eguna izango da bi lehoientzat.

Selton Sanchez, 18 urteko erdilaria da, bere irudimen eta maila teknikoagatik nabarmentzen dena. Durangon jaiotakoa den arren, Basaurin bizi da aspalditik.  Asier Hierro, aldiz, 20 urteko aurrelaria, amaierako minutuetan atera zen eta gola bilatu zuen etengabe, ausardiaz eta lotsa izpirik gabe. Biek ibilbide luzea egin dute Lezaman, Hierroren kasuan kimua zenetik ari baita zurigorriekin.

Partidaren ondoren, Unai Simonek gazteen lana txalotu zuen: “Selton eta Hierro Txapeldunen Ligako mailan aritu dira”, adierazi zuen atezainak.

Basauriko bi futbolariek amets bat bete dute: Lezamako harrobia eta Basauriren izena Europako eszenatokirik handienetara eramatea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

68,8 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2026an Basauriko Udalak

Gobernu taldeak aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur eta oposizioak azaroaren 19ra arte dute zuzenketak aurkezteko epea zabalik

|

Asier Iragorri alkateak eta Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak aurkeztu dute gaur 2026ko aurrekontu proposamena // Geuria

Basauriko udal gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur. Guztira 68,8 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, aurten baino 3 milioi gehiago (% 4,6 gehiago).

Besteak beste, aurrekontua handitu da diru-sarrerak, oro har, handitu egingo direlako. Besteak beste, Udalkutxatik 36,1 milioi euro jasoko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 2,1 milioi gehiago.

Inbertsioetara 2,7 milioi euro bideratuko ditu Udalak 2026an. Eta, inbertsioen arten bi narbamendu ditu gobernu taldeak. Alde batetik, haurreskola berria eraikitzea eta bestetik, hiri-ortuak sortzea.

Martxoan aurreratu bezala, haurreskola berria eraikiko dute herrian, Arizko Ikastolaren ondoan dagoen berdegune batean. Basauriko hirugarren haurreskola publikoa izango da, Basozelaikoaz eta San Migelekoaz gain. Gutxienez 42 plaza izango ditu eta 0-1 eta 1-2 urte bitartekoentzako lau gela izango ditu. 2026ko aurrekontuan milioi bat bideratuko du Basauriko Udalak haurreskola eraikitzeko.

Asier Iragorri alkateak eta Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak aurkeztu dute gaur 2026ko aurrekontu proposamena // Geuria

Hiri-ortuei dagokienez, Iruaretxeta parkean jarriko du martxan proiektua Udalak datorren urtean. Aurreikuspenen arabera, 80 ortu inguru egokituko dituzte, bakoitza 35 eta 40 metro karratu arteko azalerarekin. Udalak 400.000 euro gordeko ditu aurrekontuan hiri-ortuak sortzeko.

Inbertsioen atalaren barruan, hezkuntza-zentroetan hobekuntza lanak egiteko 310.000 euro erabiliko ditu Udalak.

Eta, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua ere inbertsioen baitan sartu du gobernu taldeak: hartara 400.000 euro zer egiteko erabakiko dute herritarrek. Irailean herritarrek euren proposamenak egiteko epea zabalik izan zuten eta laster bozkatzeko epea irekiko du Udalak.

Garapen jasangarrirantz

2026rako proposatutako kontuen ezaugarri azpimarragarrienetako bat da aurrekontuaren % 42 erabili nahi dutela 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) loturiko gastu sozialean, helburua izanik desberdinkeria murriztea eta herritar guztiei aukera ematea oinarrizko eskubideak baliatzeko: hezkuntza, osasuna, aukera-berdintasuna eta gizarte-babesa.

“Aurrekontuaren ia erdia GJHen gastu sozialean erabiltzeak agerian uzten du gure konpromisoa pertsonekin eta basauriarren bizi-kalitatea hobetzearekin. Inbertsioen helburua da inor ez uztea atzean, eta herritar denek eskubide eta aukera berberak izatea”, adierazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Helburu horietan giltzarri den Gizarte Zerbitzu eta Gizarte Sustapen Arloak “inoizko aurrekontu handiena” izango duela nabarmendu dute udal ordezkariek. Guztira, 10,8 milioi euro; aurten baino % 3,9 gehiago.

“Adinekoentzako aurrekontua % 4,9 handituko da, 5,1 milioi euroraino (2025ean, 4,8 milioi); eta Berdintasun aurrekontua % 4,5 haziko da (2025ean, 519.000 euro; 2026an, 540.000 euro). Hezkuntza Atalaren aurrekontua, berriz, % 151 igoko da (2025ean, 623.000 euro; 2026an, 1.564.000), haurreskola berrirako partida milioi batekoa izango delako”, azaldu du Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak.

Zor publikoari dagokionez, 2026an 806.000 euroko zorra izatea aurreikusi du gobernu taldeak: “Doitasun eta gestio eraginkorreko politikak etengabe aplikatzeak maila ia sinbolikoan utziko du Udalaren zorra”, dio Montesek.

“2024. urtea amaitu genuen 1,6 milioi euroko zorrarekin, eta urte hau amaituko dugu 1,2 milioiko zorrarekin. 2026. urtean, 806.000 eurora murriztuko dugu; hau da, sarrera guztien % 1,2era. 2012an, Udalaren zorra 12 milioi eurokoa zen, eta horrek agerian uzten du egin dugun ahalegin handia, Basauriko bizilagunen euro bakoitza eraginkortasunez eta erantzukizunez administratzeko”, nabarmendu du Montesek.

Oposizioan dauden udaltaldeek azaroaren 19ra arte dute zuzenketak egiteko. Ondoren, asmoa da azaroko osoko bilkuran eztabaidatzea 2026ko aurrekontua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Maialen Ibarra DA! PRO topaketan kontzertua emango du azaroan Durangon

Uxue Kerejeta abeslari gipuzkoarrak ere parte hartuko du topaketan: bere ‘Amaiera’ diskoan Beñat Armentia galdakoztarrak kolaboratu du teklatuan

|

Maialen Ibarra, erdian, DA! PRO topaketaren aurkezpenean, Bilbon // Durangoko Azoka

DA! PRO topaketaren zazpigarren edizioa helduko da azaroaren 25ean eta 26an, Durangoko Azokaren atarian. Musika eta familia ikuskizunak antolatuko dituzte eta horien artean Maialen Ibarra sanmigeldarrak kontzertua emango du.

Maialenen kontzertua Durangoko Plateruena aretoan izango da azaroaren 26an, asteazkenez.

Era berean, Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Euskal Barrok Ensemble, Maider eta Uxue Kerejeta arituko dira Plateruenan.

Aipatzearren, Uxue Kerejeta musikari zumarragarraren ‘Amaiera’ diskoan Beñat Armentia Arriandiaga galdakoztarrak kolaboratu du teklatuan.

Durangoko Azokako jarduna Azokako egunetatik haratago hedatzeko asmoz sortu zuen Gerediaga elkarteak DA! PRO topaketa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri Pintxo Festa antolatuko dute datozen bi asteburuetan: aurten 42 tabernak eman dute izena

Moluskuak, tomatea edota patata izango dira Basauri Pintxo Festako osagai protagonistak, azaroaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra

|

Azaroaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra izango da Basauri Pintxo Festa // Basauriko Udala

Pintxoen hiriburu izango da Basauri azaroaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra bitartean: Pintxo Festa antolatuko dute.

Aurten 42 tabernak hartuko dute parte, iaz baino bost gehiago. Horiek dira: Maybe, Valhalla, Edudoga, Luna, Bai Horixe, Coffee; El Cruce, Rymari, Toison de Oro, Nastase, Uribarri, Zutarri; Neure, Boxes, Dafne, Izarra Berria, Itxina Berria, La Zona, Berezi, Geltoki; Bonboi, Herriko Etxea, Arume, Haizebarri, Apolo XII, Erretoki Arin, New Magic; Nervion, Katilu, Irati, La Sede, Beitia Zaharra, 7 Calles, Galizia, Xuroi; Fission’s Berria, Ganeko, Thomas, Batzoki Central, Excelsior Berri, Nagusia eta Uribarri 22.

Horiek guztiek pintxo lehiaketan hartuko dute parte eta taberna bakoitzak bere miniaturazko jakia salgai jarriko du Pintxo Festa egingo den egun guztietan zehar. Pintxoek moluskuak, tomatea edota patata osagaiak izan behar dituzte.

Lehiaketan Urrezko Pintxoa, Zilarrezko Pintxoa, Brontzezko Pintxoa, Fusio-pintxoa, Soiltasuna eta Zaporea Pintxoa eta Pintxo Herrikoia sariak banatuko dituzte. Epaimahai profesional batek aukeratuko ditu irabazleak.

Urrezko Pintxoaren saria irabazten duenak 300 euroko txartela jasoko du, herriko hiru saltokitan, gehienez, gastatzeko. Zilarrezko Pintxoaren irabazleak 200 euroko txartela jasoko du, herriko bi saltokitan, gehienez, gastatzeko. Eta Brontzezko Pintxoari 100 euroko txartela emango diote, gehienez herriko bi dendatan gastatzeko.

Bestalde, bi lagunentzako bost menu zozkatuko dituzte pintxo gogokoena hautatzeko botoa eman, eta boto-paperean bost taberna desberdinen zigilua duten herritarren artean.

Pintxo Festa izango den bitartean kale animazioa egongo da Basauriko kaleetan: Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak, Sama Siku fanfarrea, Danbayan batukada, Danbolin Txistulari Elkartea, Basauri Koral Elkartea eta Kilometrokantu.

Eta aurrekoetan bezala, Helmuga-Basauri-Pintxo Festa Gida publikatu eta banatuko du Udalak. Gida horrek pintxo lehiaketan parte hartuko duten 42 tabernaren izena, helbidea eta kokapen geografikoa jasoko ditu, eta kanpainan zehar kalea girotzeko egongo diren jardueren berri ere emango du.

Liburuxka parte hartuko duten tabernatan eta Basauriko erreferentziazko tokietan banatuko dute.

Osorik irakurri