→Basauri

Mugikortasun plan berria bultzatuko dute Basaurin, oinezkoen eta bizikleten mesederako

etxebarri metacal kalea 2018 bidegorria
Etxebarriko bidegorria Metacal lantegia zenaren lur eremuan / Geuria

Basauriko Udalak mugikortasun plan berria idaztea onartu du, Covid-19ak eragindako krisiak irekitzen duen “aukera-leihoa” aprobetxatuz, espazio publikoa birmoldatzeko. Legeak hala aginduta, 2021erako onartu behar dute plana, eta neurri zehatzak ezartzea izango du helburu, hala nola, oinezkoen korridoreak, espaloiak zabaltzea eta bizikleta-errei berriak eraikitzea.

Mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen, eta EAJren eta PSEren gobernu taldearekin adostuta atera da aurrera. Gainera, gainontzeko alderdien oniritzia izan zuen mozioak, Elkarrekin Podemos eta PPren aldeko botoekin. Plan berriaren helburua “mugikortasuna ahalik eta osasun berme handienekin eta ingurumenarekiko errespetuz lortzea izango da, ibilgailu pribatuaren erabileraren kaltetan”, zehaztu du Asier Iragorri Basauriko alkateak. Gainera, neurri bakoitzaren bideragarritasuna egiaztatuko dute, “iraunkorra izan ala ez”.

NEURRI ZEHATZAK. Basauriko mugikortasun plana “erabat zaharkituta” dagoela adierazi du Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak. Plan berrian bizikleten eta oinezkoen azpiegiturak indartzearen aldeko apustua egin du ezker koalizioak. Beste neurri zehatz batzuk ere proposatu dituzte: bizikletentzako aparkalekuak egokitzea eta etorkizuneko bidegorriak sortzeko egutegia ezartzea.

Bestalde, Isabel Cadaval PSEko bozeramailearen ustez, “positiboa eta oso egokia da une hau aprobetxatzea” mugikortasun plan berri bat idazteko. Roberto Galdos Elkarrekin Podemoseko zinegotziaren ustez, “beharrezkoak” dira trafikoa baretzeko eta bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurriak, baita kaleak oinezkoentzat jartzeko ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak