Argazkian Ripolin fabrika, gaur egun Aceros Urquijo enpresa dagoen tokian :: Basauriko Udal Artxiboa
1977ko apirilaren 27an, orain dela 40 urte, leherketa batek tragedia ekarri zuen Basauriko Ripolin pintura enpresan, Urbi auzoan. Erreaktore bat lehertu eta sutea eragin zuen produkzio gunean eta laborategian. Bost hildako izan ziren eta hainbat eta hainbat zauritu utzi zituen leherketa horrek.
Zaurituen artean Jesus Angel Ruiz –Atabalari ezizenez ezagunagoa Basaurin- izan zen eta honako gutuna bidali digu Geuriara:
Hildakoen eta zauritutakoen Ripolinen langileen memoriara
Behin eta berriz iragarritako leherketa batek eragindako Ripolin-eko tragediako 40 urte betetzen direla
1977ko apirilaren 27an leherketa bat gertatu zen Ripolin pintura fabrikan, Urbi auzoan, eta bost lankide hil zituen, erreta eta erraustuta, eta beste hainbat eta hainbat zauritu utzi zituen: larriak zein arinak. Horiek bizi osorako ondorio fisiko larriak izan dituzte.
Ezbeharraren jatorria erretxina eta bernizatze erreaktorean izan zen. Horrek gasak pilatu zituen eta lehertu egin zen, sute handia eraginez produkzio gunean zein laborategian.
Segurtasun ezan dago ezbeharraren zergatia. Erreaktoreak bere ahalmenaren gainetik lan egiten zuen. Arriskuen aurkako prebentziorako neurriak faltan zituen enpresak: ez zegoen larrialdietarako irteerarik ezta ebakuazio-irteerarik ere. Esan beharra dago oso produktu kimiko toxikoekin, arriskutsuekin eta eztandagarriekin lan egiten genuela Ripolin enpresan.
Beste alde batetik, eztanda bat gertatzearen beldur salaketa ugari jarri ziren langileon aldetik. Izan ere, gas-metaketa saialdiengatik pizten ziren alarmak etengabe errepikatzen ziren. Enpresako zuzendaritzak ez zuen inoiz ardurarik hartu. Are gehiago, arrisku-existentziarik ezkutzatzen zuen enpresak.
Enpresak berak irabaziak handitu nahi izanak eragin zuen leherketa neurri handi batean, langileak esplotatuz eta euren osasuna eta bizi kalitatea mespretxatuz.
Jesus Angel Ruiz, Atabalari
