☉ Basauri
Nadia Barkate bilbotarrak irabazi du 2015eko Juan y Pablo de Otaola beka

“BRO” eta “DISTANT” proiektuak saritu ditu Juan y Pablo de Otaola bekaren epaimahaiak 6.000 eurorekin. Sei hilabeteko epea izango du lana aurkezteko.
Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) irabazi du aurtengo Juan eta Pablo de Otaola beka, “BRO” eta “DISTANT” proiektuekin. Proiektu hauen bidez bi serie gauzatuko ditu: alde batetik collageena eta bestetik koloretako marrazkiena. Lana aurkezteko sei hilabeteko epea izango du Barkatek eta 6.000 euroko diru-laguntza izango du.
Irabazlea Arte Ederretan lizentziatua da, ikus-entzunezkoetan eta eskulturan espezializatua. Hala ere, bere esperientzia marrazketatik abiatu izan du beti. 2008tik zenbait sari eta beka jaso ditu: finalista Gure Artea 2008n (ikus-entzunezko arteetarako Bizkaiko Foru Aldundiaren beka); 3. saria Ertibil 2010ean; finalista ikus-entzunezko arteen txapelketan (Bartzelona); EHUren doktoretza aurreko ikerketa-beka; egonaldia MA estudioan (Beijing).
27 PROIEKTU AURKEZTU DIRA 2015ean
Guztira, 27 proiektu aurkeztu dira beka honetarako, baina epaimahaiak Nadia Barkateren lana goraipatu du. Epaimahaian egon dira, besteak beste, Francisco Javier San Martin historialari, arte-kritikari eta artearen historiaren irakaslea Arte Ederren Fakultatean eta Peio Agirre arte-kritikari, erakusketen komisario eta editorea. Ospe handiko pertsonak dira biak, arte plastikoen alorrean.
ARTEAREN ALORREAN SARITUA OTAOLA BEKA
Juan y Pablo de Otaola Bekak Gure Artea Saria irabazi zuen 2014an. Bekaren antolatzaileek, 15.000 euro eskuratzeaz gain, artearen alorrean egindako lanaren aintzatespena ere jaso zuten. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura Sailak, Gure Artea Sarien bidez, ondoko hauen lana aintzatetsi eta aitortzen du: batetik, sortzaileena, bai haien ibilbide profesionala, bai azken urteotako haien sormen-jarduera; eta bestetik, bestelako eragileena, arte plastikoen eta arte bisualen esparruan izandako jarduera.
Beka hau 1990. urtean sortu zen eta aurten 26. edizioa ospatu du. Otaola familiak finantzatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du. Helburua da prestakuntza artistikoan laguntzea eta arte plastikoen eremuan sortzen laguntzea.
☉ Basauri
Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.
Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.
Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.
☉ Basauri
Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.
Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.
☉ Basauri
Merkatu solidarioa antolatu dute Basaurin, Bielorrusako umeen alde

Merkatu solidarioa antolatu du Basaurin Acobi elkarteak Bielorrusiako umeentzat dirua biltzeko. Merkatua zabalik dago abenduaren 3ra bitartean Agirre Lehendakaria kaleko 57. zenbakiko lokalean, Herriko Taldeaken ondoan.
Liburuak, jostailuak, tresneria, apaingarriak edota imitaziozko bitxiak bildu eta salduko dituzte lokalean. “Espazioa dela eta, ezin dugu arroparik jaso edo saldu”, diote antolatzaileek.
Merkatu solidarioa zabalik dago astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.
“Gerra kontuengatik etortzerik ez dutenez, dirua bidaliko diegi han behar dutena eros dezaten”, diote sustatzaileek.
☉ Basauri
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan arreta ordu gehiago eskainiko ditu Basauriko Udalak

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) araudia berrituko du Basauriko Udalak. Besteak beste hobekuntza hauek onartuko dituzte azaroko osoko bilkuran: mendekotasun-mailaren bat onartua duten erabiltzaileei arreta emateko ordu gehiago eskainiko dituzte, “nahi izanez gero eta egoerak ahalbidetuz gero, etxean denbora gehiago egon ahal izan daitezen”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak.
Zehazki, bizikidetza-unitatean kide batek baino gehiagok baldin badute mendekotasun-balorazioa, maila handiena duenari dagozkion orduez gain, mendekotasun egoeran dagoen beste pertsonari dagokion ordu kopurua % 50 handituko dute.
Era berean, desgaitasuna onartuta duten 60 urtetik gorako pertsonek eta mendetasunik onartua ez duten 65 urtetik gorakoek ere gehienez 20 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte hilean, aldez aurretik balorazio teknikoa eginda.
“Azpimarratu behar da 85 urtetik gorako pertsonek, bakarrik bizi badira eta familian nahiz gizartean laguntza-sare nahikorik ez badute, erregelamendua onartu ostean, etxez etxeko laguntza eskatu ahal izango dutela hilean gehienez 30 orduz, bestelako baloraziorik egin behar izan barik”, dio Larrinagak.
Arau-testu berrian jasotako hobekuntzen artean, balorazio teknikoaren arabera babesgabetasun-egoeran edo arriskuan, bazterketa-egoeran edo abandonu-egoeran dauden edo tratu txarrak jasaten ari diren pertsonek hilean gehienez 30 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte, “betiere etxez etxeko laguntza-zerbitzuak eman ditzakeen prestazioak behar badituzte”, dio.
“Oro har, neurri horien bitartez, ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu gura dugu eta, horretarako, zerbitzuaren intentsitatea eta malgutasuna areagotzeaz gain, prestazioak konbinatzeko aukera ere handiagoa izango da”, dio Larrinagak.
☉ Basauri
Basauriko lehen Putxera lehiaketa antolatu dute azaroaren 25ean

Pozokoetxeko Sanjuantxines Kultur Elkarteak Basauriko lehen Putxera lehiaketa antolatu du. Azaroaren 25ean, larunbatez, izango da Solobarria plazan.
Hasiera batean Pozokoetxeko parkean izango zen lehiaketa, baina eguraldi iragarpena dela eta, Solobarriara lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek.
Saritan 190 euro banatuko dituzte: lehenengo sailkatuak 100 euro jasoko ditu, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenak 30 euro. Era berean, putxerak (lehenengo sailkatua eta herriko irabazlea), jamoia (bigarren sailkatua) eta ardo kutxa bat (hirugarren sailkatua) ere emango dizkiete irabazleei.
Lehiaketan izena ematea azaroaren 25ean bertan 10:00etatik 12:30era bitartean izango da. Parte hartzaileek 5 euro ordaindu behar dituzte putxera bakoitzeko.
Babarrunak 13:00etatik 14:00etara entregatu behar dira eta sari banaketa 15:00etan izango da.
Putxera lehiaketa antolatzeaz gain, zozketa bat egingo du Sanjuantxinek egunean bertan. Hain zuzen ere, putxera baten zozketa egingo dute. Zozketan parte hartzeko txartelak euro batean saltzen ari dira Pozokoetxeko saltokietan. Zozketa sari banetan egingo dute.
Lehiaketako oinarriak
- Erabili behar diren osagaiak: babarrun gorria, txorizoa, urdaia, odolostea eta saihets-hezurra
- Jendeari begira prestatuko da putxera, eta gasarekin, ikatzarekin edo egurrarekin egosi ahal izango da
- Putxerak Solobarriako karpan egin behar dira eta lurzorua estali beharko da
- Babarrunak 13:00etatik 14:00etara bitartean aurkeztu behar dira
- Putxera ez da txingarrekin aurkeztu behar
- Epaimahaiaren erabakia apelaezina da