☉ Basauri
Nazioarteko kapela tradizionalen jaia gaur Basaurin
Baskott Gaua 2014 Urduña tabernan hasiko da 20:00etan. Zonako tabernetatik kantuka, jai-giroa nagusi izango da. Sari banaketa ere izango da: kapelarik onenari eta koplarik politenari.
Hego Uribeko Berbalgunek antolatu dute Baskott Gaua 2014. Nazioarteko kapela tradizionalak “tuneatuko” dituzte Berbalagunek eta Gabonei buruzko koplak sortuko dituzte. Hitzordua abenduaren 19an da 20:00etatik aurrera. Urduña taberna izango da elkartzeko tokia, eta “urteko azkenengo Kantuka saioa egingo dugu Dangiliske taldearekin”, diote antolatzaileek: “Egin itzazue kapela polit batzuk eta etorri koplak kantatzera!”.
Zonako tabernetatik kantuka ibili eta gero, 22:00etan mokadutxoa hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek Zehatza tabernan. 23:00etan sari banaketa izango da: kapelarik onenari eta koplarik politenari.
☉ Basauri
Emakumezkoen lehen Piru Gainza senior txapelketa ekainean izango da
Emakumezkoen futbol seniorreko lehen Piru Gainza Txapelketa, 2024ko abenduaren 28an ospatzekoa zena, azkenean ekainean izango da.
2022an lehen aldiz emakumezkoen triangularra antolatu zuten Piru Gainza txapelketaren barruan, baina kadete mailakoa zen. Aurtengoa, Emakumezkoen I. Piru Gainza Txapelketa, seniorrek jokatuko dute lehen aldiz.
Basauriko Udalak, kirolean aukera-berdintasuna sustatzearen ildotik, emakumezkoen senior mailako futbol selekzioaren sorrera bultzatu zuen iaz. Maiatzean aurkeztu zuten eta urrian jokatu zuen lehen partida.
Emakumezkoen I. Piru Gainza Txapelketak Basauriko emakumezkoen selekzioak “merezi duen kalitatea eta parte-hartzea” izatea nahi dute bai Udalak bai Piru Gainza Peñako arduradunek. Ildo horretan, zera esan dute: “Ziur gaude data aldaketak jokalari gehiago izatea eta bertaratzen direnei kirol-ikuskizun handia eskaintzeko aukera emango digula”. Ekainean ere gizonezko kadeteen Piru Gainza Txapelketa jokatzen da, lehen asteburuan.
☉ Basauri
Basauriko jubilatu etxeetan hobekuntza-lanak egin ditu Udalak 86.000 euro bideratuz
Basauriko jubilatu etxeetan hobekuntza-lanak egin ditu Udalak 2024an zehar. Zehazki, Arizgoitiko, San Migeleko, Kareagako, Karmelo Torreko, Pozokoetxeko eta Basozelaiko adinekoen egoitzetan.
Arizgoitiko lokalari dagokionez, tabernako sukaldea berritu, eta gasa eta bentilazioa ere jarri dituzte bertan (14.871 euro).
San Migelen, ile-apaindegia eta margogintza-gela berritzeaz gain, estore berriak jarri dituzte (31.642 euro).
Kareagako adinekoen etxean motordun pertsianak jarri dituzte (2.622 euro), eta margogintza-lokalean, sarrera-ate berria jarri eta komunak berritu dituzte (3.052 euro).
Bestalde, Karmelo Torre kaleko lokalean —zahartze aktiboko ikastaroetarako erabiltzen duten lokala— arotzeria berritu dute (9.487 euro).
Era berean, aulki eta mahai berriak erosi dituzte Arizgoiti, Pozokoetxe, Kareaga eta Basozelaiko adinekoen etxeetarako (21.581 euro), eta, Pozokoetxekoan, gainera, sarrera-ate berria jarri dute (3.384 euro).
Erabilera publikoko beste udal eraikin batzuei dagokienez, Musika Eskolan moketa berritu dute jardueren gelan (4.299 euro).
☉ Basauri
Maider Marcos Basauri Eskubaloi Taldeko jokalaria El Conquistador saioko lehiakide da
Atzo eman zioten hasiera ‘El Conquistador’ saioaren 21. edizioari ETB2n. Aurten 37 lehiakidek hartuko dute parte, tartean, Maider Marcos bilbotarrak.
Basauri Eskubaloi Taldeko jokalaria da Maider: Zilarrezko Ohorezko Mailako talde seniorrean dabil.
Maiderrek 22 urte ditu eta eskubaloian jokatzeaz gain, gimnasta ere bada.
‘El Conquistador’ astelehenero emango dute ETB2n, 22:30ean.
Hego Uribeko zenbait herritarrek hartu dute parte ‘El Conquistador’ saioetan. Galdakaoko Mertxe Cornago (2007), Egoitz eta Ekaitz Rios (2010 – Egoitz irabazle), Nekane Arroyo (2012 eta 2020), Mari Carmen Alvarez (2013) eta Aritz Irusta (2023); Zaratamoko Riki Rekalde (2016); Ugaoko Aiskander Jauregi (2017, – bigarren sailkatua); eta Basauriko Alazne Gomez eta Alvaro Jimenez (2023).
Kapitain bezala ere izan zen Patri Espinar usansolotarra (2019ko eta 2020ko edizioetan).
☉ Basauri
Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak euskarazko ipuin laburrak jasoko ditu martxoa bitartean
Lehiaketaren zortzigarren edizioan parte hartzeko lanak urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte. Saritan 750 euroko bonuak banatuko dituzte
Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren zortzigarren edizioa abiatuko du Zirt Zart Basaurik. Urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.
Aurten “Erabaki zuzena hartu ote nuen?” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak.
Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.
Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, eta Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dute.
Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Ipuin sarituak GEURIAn argitaratuko ditugu, bai paperezko alean zein webgunean.
Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.
Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288, seigarrenean 149 eta zazpigarrenean 155.
Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Rebeca Fernandez Rueda (Barakaldo), Irene Izaguirre Chaparro (Villabona), Olatz Noberan Gartzia (Ondarroa), Andere Ramirez Garcia (Laudio) eta Izaskun Herce Quintana (Basauri).
☉ Basauri
Urbi Institutuko ikasleak arteari buruzko proiektua gauzatzen ari dira Europan
Europara begira jarraitzen du Basauriko Urbi Institutuak. Ikasturte honetan arteari buruzko eTwinning proiektua ari dira gauzatzen: ArThenea proiektua, alegia.
Europako sei ikastetxetako ikasleak ari dira proiektuan parte hartzen: Kretako Chania hiriko Geniko Lykeio Akrotiriou (Grezia), Alsaziako Mulhouse Lavoisier (Frantzia), Asturiasko Mieresko Sanchez Lastra (Espainia), Pilseneko Gymnázium Lud´ka Pika (Txekiar Errepublika), La Reunion uharteko Lycée Jean Hinglo (Frantzia) eta Basauriko Urbi Institutua.
Proiektuaren barruan, abenduaren 2tik 8ra bitartean Basauriko ikasleak eta irakasleak Alsaziara joan ziren, eta abenduaren 10etik 15era Greziakoak Basaurira etorri ziren bisitan. “Esperientzia zoragarria, ikasleentzat ahaztezina”, adirazi dute Urbiko ordezkariek.
“Urbiko ikasleek, proiektua komunean lan egiteaz gain, euskal ohiturak, geografia, kultura, hizkuntza, monumentu enblematikoak eta altxorrak ezagutzera eman diete kanpotarrei. Bestalde Mulhouserako bisitan basauritarrak Europar Parlamentua bisitatatzez gain, Alsatziako Gabonetako merkatuak, ohiturak eta kultura ezagutzeko aukera izan zuten”, diote.