☉ Basauri
Edu Lopez eta eduki poetikoarekiko pintura, Otaola bekaren irabazlea
Sub(cero) proiektua aurkeztu du artista donostiarrak eta 6.000 euroko beka jasoko du. Datorren ikasturtean Basauriko ikastetxeetan tailerra emango du.

‘Sub (cero)’ proiektua aurkeztu du artista donostiarrak eta 6.000 euroko beka jasoko du. Datorren ikasturtean Basauriko ikastetxeetan tailerra emango du
Eduardo Lopez artista gipuzkoarrak (Donostia, 1965) irabazi du 2017ko Juan eta Pablo de Otaola beka, ‘Sub (cero)’ proiektua aurkeztuta. Pintura da proiektu honen ardatz nagusia, eduki poetikoekin uztartuta: “Nik ditudan kezkak margozten ditut eta nire helburua da ikusleek eurek beren buruari galderak egitea. Adibidez, bizitzari buruz, heriotzari buruz, maitasunari buruz, bizitzaren antolaketari buruz… gizakiak izan ditzakeen edozein ardurei buruz, alegia“, dio Lopezek.
Artista irabazleak 75 irudi aurkeztuko ditu, baita 200 orrialdeko liburu bat -irudi eta kontakizunekin- eta soinuekin sortutako beste eduki bat. Lopezek sei hilabete izango ditu bere proiektua burutzeko eta horretarako 6.000 euroko beka jasoko du. Ondoren, proiektuari buruzko memoria aurkeztu beharko du, bisuala zein idatzizkoa.
Bekaren 28. edizio honetan 33 proiektu aurkeztu dituzte 35 artistek. “Hautagaien maila oso altua izan da oraingoan ere. Beka zorrotza da eta hori artistek badakite. Horregatik aurkezten dituzte horren proiektu onak”, dio Juan Zapater Bilbao Arteko zuzendariak eta aurtengo Otaola bekaren epaimahaietako batek (Zapaterrekin batera izan da Nadie Barkate artista eta bekaren irabazlea 2015ean).
IBILBIDE OPAROA ARTEAREN MUNDUAN
Edu Lopez artistak ibilbide luzea du artearen munduan: Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta 50 erakusketa kolektibo baino gehiagotan parte hartu du Espainia mailan zein nazioartean. Orain arte jaso dituen sarien artean, Gure Artea (1998an) eta Donostiako Artista Hasiberriena (1990an) aipa litezke. Era berean, bilduma publiko eta pribatu esanguratsuetan dago bere obra.
Juan eta Pablo de Otaola beka 1990. urtean sortu zen. Otaola familiak finantziatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du. Bere helburua da prestakuntza artistikoa sustatzea eta arte plastikoen eremuko sormenean laguntzea.
☉ Basauri
Basaurin errekara erori den pertsona bat erreskatatu dute suhiltzaileek

Bizkaiko suhiltzaileek euren sare sozialetan jakitera eman dutenaren arabera, pertsona bat errekara erori da Basaurin, eta erreskate lanetan aritu dira suhiltzaileak.
Ezbeharra Arizko zubi alboan gertatu da, 19:00ak aldera, eta ez da azken asteetan eman den antzeko gertakari bakarra: urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen.
[INFORMAZIOA OSATZEN]
☉ Basauri
Ezohiko erregularizazio-prozesuari buruzko aholkularitza eta informazio hitzaldiak antolatu ditu Basauriko Udalak
Bakarkako aholkularitza zerbitzua eta informazio hitzaldiak Basaurin erroldatuta dauden edo herrian bizi diren atzerritarrei daude zuzenduta

Basauriko Udalak, Gertu atzerritarrentzako lege-aholkularitza zerbitzuaren bitartez, laguntza emango die administrazio-egoera irregularrean dauden eta ezarritako muga-eguna baino lehenagotik Estatuan bizi diren atzerritarrei, ezohiko erregularizazio-prozesuan.
Alde batetik, bi informazio hitzaldi antolatu dituzte: otsailaren 27an (10:00etan) eta martxoaren 3an (18:30ean). Bi hitzaldiak Basozelai Gizarte Etxean izango dira eta Gertu zerbitzuko abokatu espezizatu batek emango ditu.
Eta bestetik, aholkularitza zerbitzua eskainiko diete bakarka interesdunei.
Hitzaldietara bertaratzeko edota aholkularitza jasotzeko izena eman behar dute interesa dutenek 944 666 300 telefono zenbakira deituz, haz@basauri.eus helbide elektronikora mezua bidaliz, Herritarrentzako Arreta Zerbitzura bertaratuz, inmigracion@basauri.eus helbide elektronikora mezua idatziz edo Gizarte-langileen bitartez.
“Oraingoz ez dagoenez behin betiko informazio ofizialik, garrantzitsua da zuhur jokatzea, ordainketarik ez egitea eta izapiderik ez hastea informazio ofizial egiaztatua jaso arte”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
Marieneako lehen Bollojardunaldiak antolatuko dituzte otsailaren 28an Basaurin
Mahai-inguruak, bazkaria, Albina eta Divina Drag ikuskizuna, poteoa eta kontzertuak antolatu dituzte

Marieneako Bolleren Taldeak Marieneako I. Bollojardunaldiak antolatuko ditu otsailaren 28an, larunbatez. Eta lehen jardunaldi horien izenburua izango da ‘Desira okertuak eta gorputz supertsiboak’.
‘Gorputz supertsioak’, ‘Desira okertuak’ eta ‘Lagunak bakarrik? Transfeministon adiskidetasunari buruz hizketan’ mahai-inguruak (11:00etatik aurrera), bazkaria (15:00etan), sorpresa bat (16:30ean), Albina eta Divina Drag ikuskizuna (18:00etan), poteoa (19:00etan) eta Txarraska Gaztetxean Labar taldearen kontzertua eta DJ Katiuskaren eta DJ Txitxiren emanaldiak (20:30etik aurrera) antolatu dituzte.
“Desira heterosexual eta gorputz normatiboaren inposizioari ezetz esateko elkartuko gara. Gorputz anitzak, bestelako identitateak eta bizitzeko modu disidenteak ospatuko ditugu”, diote.
Bollojardunaldia topagune bat dela esan dute: “Bollofobiari aurre egiteko, gure gorputzak politizatzeko eta gure desiren aniztasuna aldarrikatzeko”.
“Protagonisten ahotsak lehen pertsonan erdigunean jartzera gatoz, ahotsak eta haien gorputzak, haien bizipenak. Gure gorputz subertsiboak erdigunean jartzea politika egiteko eta erresistentzia izateko modu bat bezala ulertzen baitugu”, diote.
Marieneako I. Bollojardunaldietan parte hartzea doakoa da, baina interesa dutenek izena eman behar dute berdintasuna.basauri.eus webgunearen bitartez, mezua bidalita marienea@basauri.eus helbide elektronikora, 946 124 100 telefono zenbakira deituz edo zuzenean Marieneara bertaratuz.
☉ Basauri
Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten

Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten. 2011n sortu zuten elkartea zaletu batzuek argazkigintza ikasi, praktikatu eta zaletasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin.
“Basauriko Udalak berak antolatu eta diruz laguntzen dituen Ibaiganeko argazki-tailerreko ikastaroetan parte hartzen duten zaleak hurbiltzen saiatzen gara gure elkartera, baita zaletasun bera duten pertsona guztiak ere, zaletasun hau sustatzen jarraitu ahal izateko”, diote elkarteko ordezkariek.
Basauriko Argazkilari Elkarteak egoitza du Leon kaleko 13. zenbakian, eta hamaika ekintza antolatzen dituzte. Esaterako, ikasteko eta aholkuak emateko asteroko bilerak, argazkigintzari buruzko hitzaldiak, irteerak hilero, hileroko erronka bat, erakusketak edota Basauriko beste talde eta elkarte batzuekin lankidetzak.
“Gaur egun Euskadiko Argazkilari Elkarteko kideak gara, eta harremanak ditugu Euskadiko eta Euskaditik kanpoko beste argazki-elkarte batzuekin”, diote.
Urtarrilean Asier Iragorri alkateak eta Maria Larrinaga Kultura arloko zinegotziak bertatik bertara ezagutu zuten Basauriko Argazkilari Elkartearen jarduna eta euren lokala bisitatu zuten.
☉ Basauri
Zigor Orbe preso basauriarra aske geratu da kondena osoa bete ostean

Zigor Orbe Sevillano preso basauriarra aske gelditu da zigor osoa bete ostean.
2004an atxilotu zuten Orbe Basaurin autobus bat erretzegatik, gidaria barruan zegoenean.
Frantzian atxilotu zuten eta 2010ean Espainiako estatuaren esku utzi zuten.
2021ean Cadizetik Zaballako espetxera lekualdatu zuten zigorraren hiru laurdenak betetzear zituenean. Orduan, Espetxe Erakundetik esan zutenez, indarkeria gaitzetsi zuen, bere gain hartu zuen biktimei egindako kaltea eta haien erreparazioaren alde egin zuen.
2022an hirugarren gradua onartu zioten eta 2023ko abuztutik baldintzapeko askatasunean zegoen. Orbek zigor osoa bete du.









