EAJ eta Espainiko gobernuarekin lortu berri duen akordioaren barnean, Pozokoetxeko trenbide zabalgunea sei hilabeteren buruan libratzea aurreikusten dela jakinarazi du Basauriko Udalak. Pozokoetxeko trenbide-sarearen gaia lantzeko erakundearteko batzordea eratuko da, zeinak, sei hileko epean, lursail hori libratzeko eman beharreko urratsak eta ekintzak finkatu beharko baititu. Aipatutako batzordean parte hartuko dute Basauriko Udalak, ADIFek eta Eusko Jaurlaritzak.
Mahai gainean aspalditik izan da herria bitan banatzen duen trenbide zabalgunea kentzea eta erabilera bat ematea. Izan ere, urteak dira ADIFek ez duela lurzorua erabiltzen. “Aurrerapauso erraldoia eman du Basaurik. 10 urte eman ditugu ADIFekingora eta behera, aurrerapenik gabe; orain, azkenik, aurrera doa kontua”, azpimarratu du Andoni Busquet, Basauriko alkateak.
“Lurzoru horiek libratzeko grina aspaldikoa dute herritarrek, auzoko elkarteek eta basauriar guztiek. Orain, herriaren orbain handi bat desagerrarazi, eta udalerriko eremu esanguratsu baten berroneratzea bultzatu ahal izango dugu, eta hobetu egingo da bertako auzokideen bizitza-kalitatea, urte asko daramate-eta horren zain”, esan du alkateak.
Gogora ekarri du, era berean, 2015ean Basauriko Udaleko Udalbatzak, Gobernu Taldearen ekimenez, proposamen bat onetsi zuela 2015eko irailean, Kongresuan ordezkatutako udal talde politikoek Sustapen Ministerioari eta Azpiegituren Administratzaileari (ADIF) eska ziezaioten martxan jar zitzala Pozokoetxeko trenbide-multzoaren lursailaren desafektaziorako legez ezarritako prozedurak —lursail hori, gerora, Basauriko Udalari lagatzeko—.
