→Basauri

Rockein 2022 lehiaketan 188 proiektuk eman dute izena, parte-hartze marka berria

Iazko finala irabazi zuen Full Cab taldeak // Rockein

Rockein lehiaketaren hamargarren edizioa martxan da. Maiatzean ireki zuten epea Euskadiko eta Nafarroako musikari eta taldeek izena emateko eta uztailaren 12an itxi zuten. Bada, aurten guztira 188 proiektuk eman du izena Rockein lehiaketan, parte-hartze marka berria -zazpigarren urtez jarraian-.

Jasotako proposamenen artean 38 (iaz 25) tokikoak dira (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat, gutxienez); 42 euskarazko talderik onenari saria lortzeko hautagai dira (iaz 33); eta 15ek Eskarabilera saria eskuratzeko aukera izango dute (gutxienez kideen % 50 emakumeak dituzten proiektuak). “Nabarmentzekoa da lehiaketak jasotako proposamenak berritzeko duen gaitasuna, parte hartzaileen % 25a 2021arekiko berriak baitira”, diote antolatzaileek.

Epaimahaiak orain erabaki beharko du zein talde edo musikarik joko duten final handian, azaroaren 19an. Finala, ohi bezala, Basauriko Social Antzokian izango da.

Basauriko Udalak antolatzen du Rockein musika lehiaketa, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Parte-hartzearen bilakaera

Rockeinen parte-hartzaile kopurua hazi eta hazi egin da 2013ko lehen ediziotik. Bilakaera honakoa izan da:

2013: 85 parte-hartzaile
2014: 105 parte-hartzaile
2015: 95 parte-hartzaile
2016: 110 parte-hartzaile
2017: 129 parte-hartzaile
2018: 135 parte-hartzaile
2019: 146 parte-hartzaile
2020: 169 parte-hartzaile
2021: 179 parte-hartzaile
2022: 188 parte-hartzaile

SARIAK

Talde irabazlea
– EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
– EPa editatzea
– Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

Tokiko talderik onena
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

Euskarazko talderik onena
– Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

Eskarabilera saria
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak