☉ Basauri
Jaimones, Kruddö eta Silkat, 2025eko Rockein lehiaketako Hego Uribeko finalistak
Jaimones, Kruddö eta Silkat Hego Uribeko saria irabazteko hautagaiak dira. Finala azaroaren 1ean izango da Basauriko Social Antzokian, sarrera doan

Azaroaren 1ean izango da 2025eko Rockeineko finala Basauriko Social Antzokian, eta hilabete falta den honetan, finalisten berri eman du antolakuntzak.
Hamahirugarren edizio honetan, sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak dira: Azeituna con Huesos (Gipuzkoa), Keax (Bizkaia) eta Reeler (Bizkaia, Polonia eta Irlanda).
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarrak elektronika, popa eta jazza uztartzen ditu; Keax hirukote bizkaitarra The Owl Project taldeko kide ohiak dira, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin; eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako eta Irlandako musikariek osatua dago.
Talde irabazleak EP profesional bat grabatu, ekoitzi eta masterizatuko du Bilboko El Tigre estudioetan, bideoklip profesional bat grabatuko du, eta 2026eko MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskainiko du.
Hego Uribeko onenak
Finalean beste hiru taldek joko dute Social Antzokiko eszenatokian: Jaimones, Kruddö eta Silkat.
Jaimones laukoteak Basauriko kide bat du eta 70-80 hamarkadako rock amerikarra egiten dute. Kruddö Jon Ander Santamaria bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarritarrak osatzen dute eta rock gogorra eta stonerra jotzen dute. Eta Silkat indie rock hirukotea da eta Bilboko eta Galdakaoko musikariek osatzen dute, The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen dituena.
Kasu honetan, irabazleak bideoklip profesional bat grabatuko du eta 2026ko MAZ Basaurin kontzertua emango du.
Bizkaia saria, nobedade
Kategoria nagusiko irabazlea eta Hego Uribeko talderik onenaren saria emateaz gain, euskarazko artistarik onena, Eskarabilera saria eta Bizkaia saria banatuko dituzte azaroaren 1eko final handian.
Horietatik guztietatik Bizkaia saria berria da aurten. Bizkaiko Foru Aldundia Rockein lehiaketaren erakunde laguntzaile izatera bueltatu da, eta horren ondorioz Bizkaia saria ere emango dute, maiatzean aurreratu bezala.
Bizkaia sariko irabazleak EP profesional bat grabatuko du Bilboko El Tigre estudioetan eta kontzertua emango du MAZ Basaurin.
Euskarazko talderik onenak eta Eskarabilera saridunak ere MAZ Basaurin joko dute datorren urtean.
Rockeineko bost kategorien irabazleen izenak azaroaren 1eko finalean jakinaraziko dituzte. Aurten honakoek osatzen dute epaimahaia: Arantzazu Pinto ‘Nara’, artisten kontratazioa Primavera Sound festibalean; Jon Agirrezabalaga, soinu-ekoizle eta -ingeniaria El Tigre Estudiosen (Bilbon). Musikaria eta konpositorea Zabalan; Ibone Iza, BIME Pro-ren edukien arduraduna, Last Tourren; Iker Barbara
MondoSonoro aldizkariaren Euskal Herriko eta Errioxako edizioaren koordinatzailea, kultur sustatzailea eta DJa; eta Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Gazteria, Kirol eta Informatika zinegotzia.
Etengabeko hazkundea
Ekainaren 26an itxi zuten Rockeinen 13. edizioan izena emateko epea. Lehiaketa musikala Basauriko Udalak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Euskadi eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzenduta dago.
Aurten 196 artistak eman dute izena, hamargarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz. Hauek dira parte hartze datuak, urtetik urtera: 85 parte-hartzaile 2013an; 105 parte-hartzaile 2014an; 95 parte-hartzaile 2015ean; 110 parte-hartzaile 2016an; 129 parte-hartzaile 2017an; 135 parte-hartzaile 2018an; 146 parte-hartzaile 2019an; 169 parte-hartzaile 2020an; 179 parte-hartzaile 2021ean; 188 parte-hartzaile 2022an; 191 parte-hartzaile 2023an; 195 parte-hartzaile 2024an; eta 196 parte-hartzaile 2025ean.
☉ Basauri
Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean
Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.
Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.
Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.
Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra
44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.
Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.
Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.
Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.
☉ Basauri
Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin
Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!
Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!
Ver esta publicación en Instagram
☉ Basauri
Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.
Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.
Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.
Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.
Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.
☉ Basauri
Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du
Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.
Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.
“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.
Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.
2026an mobilizazio gehiago
“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.
Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.
“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.
Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.
“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.
Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!








