☉ Basauri
Ben Santana bilbotarrak irabazi du 2024ko Rockein lehiaketako sari nagusia
EP profesional bat grabatzeaz gain, bideoklip profesional bat grabatuko du eta 2025eko MAZ Basauri festibalean kontzertua emango du Ben Santanak

Ben Santana diziplina anitzeko artista bilbotar gazteak irabazi du 2024ko Rockein lehiaketako sari nagusia. Gutxienez bost abestiko EP profesional bat granatuko du Bilboko El Tigre estudioetan, bideoklip profesional bat grabatuko du eta 2025eko MAZ Basauri festibalean kontzertua emango du.
Bestetik, Hego Uribeko talderik onenari saria Monday Potions-ek irabazi du, Eneko Peña buru eta Etxebarri (Danel Marin), Bilbo eta Santurtziko kideak dituen proiektua. Monday Potions taldeak bideoklip profesional bat grabatuko du eta kontzertua eskainiko du 2025eko MAZ Basaurin.
Maialen Ibarra sanmigeldarra eta bere taldea Euskarazko artistarik onena saria irabazi du eta Edgar Allan Pop bikoteak —Beatriz Álvaro arabarra eta Jaime Buenaventura madrildarra— jaso du Eskarabilera Saria. Bi taldeek 2025eko MAZ Basauri festibalean joko dute.
Aurten Rockeineko finalean epaimahaia osatu dutenak izan dira: Nara Pinto (Primavera Sound festibalean promotorea); Jon Agirrezabalaga (El Tigre Studios-en ekoizle eta soinu-ingeniar eta musikari eta konpositore); Anne Salazar (BIME Live festibalaren koordinatzaile eta artisten kontratazioaren arduradun); Iker Bárbara (MondoSonoro musika-komunikabidearen Euskal Herriko eta Errioxako edizioaren koordinatzaile); eta Jon Zugazagoitia (Basauriko Udaleko Gazteria, Kirol eta Informatika zinegotzia).
Finala azaroaren 16an, larunbatez, izan zen Basauriko Social Antzokian, sarrera doan. Guztira 273 gonbidapen banatu zituen Social Antzokiak: “2022an 170 gonbidapen eman zituzten eta iaz 204. Urtetik urtera gero eta ikus-entzule gehiago datoz Rockeineko finala ikustera”, diote antolatzaileek.
Rockeinen Youtube kanalean zuzenean emititu ziren emanaldiak, eta oraindik ere ikusgai daude kontzertuak.
6 finalista, 195 parte-hartzaile
Rockein lehiaketako finalean epaimahai profesional batek erabakitako sei finalistak jotzen dute. Aurten sei finalista horiek izan dira: Ben Santana (Bilbo), Edgar Allan Pop (Araba eta Madril) eta Galder (Irun) kategoria nagusian, eta La Nevera Vacía (Etxebarriko kide bat), Maialen Ibarra (Basauri) eta Monday Potions (Etxebarriko kide bat) Hego Uribeko kategorian.
Aurtengo edizioan, guztira, 195 artistak eman dute izena, bederatzigarren urtez jarraian parte-hartze marka gaindituz. Datuak datu, 2013an 85 izen-emate jaso zituzten, 2014an 105, 2015ean 95, 2016an 110, 2017an 129, 2018an 135, 2019an 146, 2020an 169, 2021ean 179, 2022an 188 eta 2023an 191.
“Lehiaketa erreferente da Euskal Herri mailan, parte-hartze datuek, jasotako proposamenak berritzeko gaitasunak (% 30, proiektu berriak 2023arekiko), proposamen hauen kalitateak eta parte-hartzen duten artisten gaztetasunak erakusten dutenez”, diote antolatzaileek.
Rockein Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako musika-lehiaketa da, Basauriko Udalak antolatuta.
☉ Basauri
Fede Saiz basauriarra eta Basconiako futbol jokalari ohia hil da
1957tik 1963ra bitartean jokatu zuen Saizek Basconian, taldeak bere urrezko garaia bizi izan zuen garaian

Fede Saiz Goiria basauriarra eta CD Basconiako futbol jokalari ohia hil da. Urtarrilaren 14an zendu zen Galdakao-Usansolo ospitalean 91 urte zituela.
Hileta gaur, urtarrilak 20, izango da 18:30ean Arizko elizan.
Saiz ezaguna da Basaurin, batez ere, Basconia Futbol Taldeko jokalaria izan zelako 1957tik 1963ra bitartean, 22 eta 27 urte bitartean zituenean.
Garai haietan, hain zuzen, Basconiak bere urrezko garaia bizi izan zuen: Bigarren Mailara igo zen eta 1957tik 1963ra bitartean mailari eustea lortu zuen. Hori gutxi, eta zale basauriarren artean arrasto ahaztezina utzi zuten kopa kanporaketetan parte hartu zuen, Atletico de Madriden eta Bartzelonaren aurka.
Besteak beste, 1961-1962 denboraldian Jose Angel Iribarrekin jokatu zuen Saizek.
CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen Saizek. Dokumentala 2014an publikatu zuen Basconia Ehun Urte batzordeak: Jon Villapun Arbide izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Maider Ibañez Espinosaren laguntza izan zuen. Hau da dokumentalaren trailerra, Bidebietak publikatutakoa:
☉ Basauri
Zurrumurruen aurkako urteko topaketa egingo dute larunbatean Basaurin
Urtarrilaren 24an izango da topaketa San Migeleko Taberna Nagusian. “Gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote antolatzaileek

Zurrumurruen Aurkako Topaketa antolatu dute urtarrilean Basaurin. Hilaren 24an, larunbatez, izango da San Migeleko Taberna Nagusian, 10:00etatik 13:30era.
‘Nola bizi gara kulturarteko taldeetan?’ izango da topaketaren gai nagusia: “Inoiz pentsatu al duzu nola erlazionatzen garen kulturarteko espazioetan? Zer egin dezakegu ahalik eta berdintasunezkoenak izan daitezen? Nola ekidin dezakegu dinamika diskriminatzaileak sortzea?”, galdegin dute Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko arduradunek.
Topaketa Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek gidatuko dute, eta gai horien inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.
“Topaketa hau gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote, eta gaineratu dute: “Basauri abegitsuago baterantz elkarrekin bidaiatzen jarraitu nahi dugu”. Amaieran luntxa egongo da.
Topaketan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 606 050 662 telefono zenbakira deituz.
Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du topaketa, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
☉ Basauri
Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri, Zarautzen atzetik. Zehazki, Basaurik 243,98 euro bideratzen ditu biztanle bakoitzeko arlo horretara, Estatuan batezbestekoa den 106,48 euroko kopurua nabarmen gaindituz. Aztertutako 404 udalerrietatik, 27k bakarrik betetzen dituzte finkatutako gizarte-arloko bikaintasun irizpideak.
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute. Kalifikazio hau lortzeko, elkarteak hiru baldintza tekniko aztertzen ditu: gizarte-gastua biztanleko 100 eurotik gorakoa izatea, aurrekontu osoaren %10 baino gehiago ordezkatzea eta aurreko urteko partidarekiko murrizketarik ez egitea.
2026rako aurrekontuaren banaketa
Datu ekonomiko horiei jarraipena eman die Udalak 2026ko aurrekontu-proiektuan. Urte honetarako, 10,8 milioi euroko partida onartu da Gizarte Zerbitzuen arlorako. Inbertsioei dagokienez, honako proiektu hauek jasotzen dira:
Adinekoak eta Berdintasuna: Arlo hauetako partidek %5eko igoera izango dute, etxez etxeko laguntza eta prebentzio programak indartzeko asmoz.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: Gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntzak bere horretan mantenduko dira.
Gizarte-politikara bideratutako kopuru horrekin, Basauriko Udalak “bikaintasun” kalifikazioa jaso duten estatuko 37 udalerrien taldean jarraitzen du.
Udal gobernuaren arabera, inbertsio horren helburua zerbitzuen kalitatea bermatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea da. Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, “adinekoak, kolektibo zaurgarriak, babesgabetasun-egoeran dauden adin txikikoak, indarkeria matxistaren biktimak eta emakumeak dira aurrekontuaren jasotzaileak, eta inbertsio errekorra da”.
☉ Basauri
Mikel Karrillo eta Mikel Ulibarri: esku pilotako Bizkaiko kluben arteko txapeldunak
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian. Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian

Bi hilabeteko txapelketa eta gero, joan den urtarrilaren 17an Bizkaiko kluben arteko txapelketako buruz buruko finalak jokatu zituzten Iurretako frontoian eta Basauriko Bidebieta Pilota Klubeko Mikel Karrillok eta Mikel Ulibarrik irabazi zuten sari nagusia.
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian (3.maila). Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian (2. maila).
☉ Basauri
Segurtasun Saila: “Istripu baten ondorioz erori da Basauriko zubitik ibaira gaztea”
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean

Joan den larunbatean, urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen 13:15ak aldera.
Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, ezbeharra istripu bat izan da eta gaztea ibaira erori da.
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean.
Ibaitik atera bezain pronto, larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute zauritua eta segidan Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute.











