☉ Basauri
[Sakonean] Mitologiaz dantzan
Ekaitza Dantza Taldea deseginda, Antzart Dantza Taldea eratzea erabaki zuten zenbait kidek. Nortasunaren Bila azkenengoz antzeztuko dute abenduaren 11n.

2005eko apirila zen Basaurin Antzart Dantza Taldea sortu zenean. Gaur egun entzungai diren musika estiloak lantzen dituzte euren ikuskizunetan eta dantza ikuskizunetatik aparte, alternatiba ugari bilatzen dute taldekideek.
“Dantzariak ginen eta ikusten genuen dantza ikuskizunak beti zirela garaikideak, klasikoak edota euskal dantzak. Orduan, erabaki genuen buelta bat ematea dantzaren munduari”, dio Eneko Amezketa Antzart Dantza Taldeko kideak: “Rocka eta musika modernoarekin ikuskizun berri bat sortzea pentsatu genuen. Musika mota hau betidanik dantzatu izan dugu, baina ez genuen tankera horretako emanaldirik kalean ikusten”.
Denborak aurrera egin ahala, taldekide kopurua aldatzen joan da eta gaur egun 12 kidek osatzen dute Antzart Dantza Taldea. “Taldekide gehiago ere izan gara, baina bestelako helburu eta zereginak tarteko, 12 gara orain”, dio Enekok. Gehienak Basaurikoak dira, baina inguruko herrietako taldekideak ere badaude, “esate baterako Bilboko eta Barakaldoko dantzariak daude taldean”.
Sorrera Ekaitzatik
Gazte talde batek Ekaitza Dantza Taldea sortu zuen orain dela urte mordoska bat: “Antzart taldearen aurrekaria zela esan genezake”, dio Amezketak: “Gaur egun Antzart osatzen dugun askok ibilbidea hasi genuen Ekaitza Dantza Taldean”.
Dantzatzea asko gustatzen zitzaien lagun talde bat bildu zen: “Oso gazteak ginen Ekaitza Dantza Taldea sortu genuenean eta esan genezake hobby moduan hartzen genuela bertakoa”, dio Amezketak.
Hala ere, hobby hori profesionalizatzea erabaki zuten Ekaitza taldeko hainbatek eta dantza munduan ibilbidea egiteko asmoarekin eratu zuten Antzart Dantza Taldea. “Ekaitzako zenbait taldekidez gain, dantzaren inguruan mugitzen zen jendea batu zen Antzarten proiektu berrira”.
Nortasunaren Bila
Antzart Dantza Taldearen proiektu nagu- sien artean Nortasunaren Bila ikuskizuna dago. 2005eko ekainaren 24an emanaldiaren estreinaldia egin zuten Balmasedan, taldea eratu eta bi hilabetera.
“Euskal musikarekin egindako ikuskizuna da ‘Nortasunaren Bila’. Musika da ikuskizunaren alderik nabarmenena, baina off ahotsean grabatutako narrazio tartea ere badago. Itziar Ituño aktore basauriarrak eta lagunak lagundu zigun horretan”, dio Eneko Amezketak: “Hala ere, dantzaren bitartez kontatzen dugu istorio guztia, noski”.
Euskal Mitologiari buruzko ipuin bat kontatzen du ikuskizunak, Enekok berak asmatutakoa. Era berean, koreografia taldekide guztien artean sortu dute eta jantziak Amezketaren izeko batek prestatu ditu.
Ikuskizunaren mamia zein den galdetuta, Amezketak dio istorioa “oso sinplea” dela, “jende guztiak ulertzeko modukoa, nahiz eta euskaraz ez jakin”. Kontakizunaren protagonista Izaro da, “gure auzolaguna izan daitekeen edozein neska. Bere kultura ezagutzeko helburuarekin, baso miresgarri batean murgiltzen da eta bertan pertsonaia ezberdinak ezagutzen ditu. Pertsona horiek informazio berezi batzuk ematen dizkiote Izarori eta horri esker ulertzen du nondik datorren -eta gatozen-”.
Gaztetxetik Biarte Eskolara…
Hasiera batean Txarraska Gaztetxea dagoen eraikinean egiten zituzten entseguak. “Udalak aukera eman zigun Basconia lantegiko bulegoak eta aurretiko Arizko Ikastola zenaren eraikinean entseguak egiteko eta orain gutxira arte bertan izan gara”, dio Amezketak.
Izan ere, orain lekuz aldatzen ari dira, Musika Eskola dagoen eraikinera hain zuzen ere. “Oraingoan ere, Udalak aukera eman digu Musika Eskolako lokal batean guk erabiltzen ditugun material guztiak gordetzeko. Eta, entseguak Biarte Dantza Eskolan egiten ditugu”.
…eta, Basauritik Mundura
Ikuskizun gehienak Euskal Herri mailan eskaini dituzte, baina gure mugetatik kanpo ere lau haizeetara zabaldu da Antzart Dantza Taldearen esentzia.
2008ko maiatzean Toledon aurkeztu zuten Nortasunaren Bila, Tea Festibalean (espektakuluak eta antzerki alternatibo, esperimentala eta garaikidea), eta urte bereko abuztuan Gironan erakutsi zuten ikuskizuna nazioarte mailako Fitag Festibalean.
“Nortasunaren Bila Toledon plazaratu genuenean istorioaren o ahotsa gaztelaniaz egin behar izan genuen. Gironan, aldiz, euskarazko bertsioan aurkezteko esan ziguten, nazioarteko jaialdi bat delako eta bertara Mundu osoko hizkuntzak eta kulturak eramaten dituztelako”, dio Amezketak.
Anekdota moduan Enekok dio Gironako publikoari “izugarri” gustatu zitzaiola ikuskizuna eta Antzart Dantza Taldeko kideak “zur eta lur” gelditu zirela. “Ez genuen horrelako harrerarik espero eta genituen itxaropen guztiak gainditu zituen hango publikoak. Benetan, liluratuta geratu ginen bertako publikoak zeinen ondo hartu zuen gure ikuskizuna!”, dio Amezketak, oraindik ere bizi izan zutenaz txundituta.
Iratxoen kondairak
Nortasunaren Bila espektakuluaz gain, beste aktuazio berri bati ekin zion Antzart Dantza Taldeak 2009an: ‘Iratxoen kondairak’. Pertsonaia mitologikoei buruzko istorioak kontatzean datza ikuskizuna, ume txikiei zuzendutakoa eta antzerki formatuan.
“Nortasunaren Bila ikuskizunean erabiltzen ditugun musika eta pertsonaiak erabiltzen ditugu ‘Iratxoen kondaira’ kontatzeko. Besteak beste, Anbotoko Mari, Basajaun eta Tartalo bezalako pertsonaien istorioetan sakontzea da helburua eta modu ludiko batean umeei helaraztea”, dio Amezketak.
2009ko abenduaren 8an proiektu honen aurreaurkezpena egin zuten Arrankudiagan eta hurrengo egunean estreinaldi nagusia eskaini zuten Zamudion. Hortik aurrera, zenbait eskoletan aurkeztu dute Iratxoen kondaira. Hala nola, Basozelai-Gaztelu eskolan 2013ko apirilean.
Agurra antzokian
Abenduaren 11n, Basaurin Be Bagara jaia ospatuko da Social Antzokian. Aurten arratsaldeko saioa izango da eta jardueraz beterik egongo da programa. Tartean, Antzart Dantza Taldearen Nortasunaren bila ikuskizunaren despedida izango da. “Agur esango diogu ikuskizunari eta datozen urteetarako beste proiektu batzuetan murgilduko gara”, dio Eneko Amezketa Antzart taldeko kideak. Gauzak horrela, 22. ikuskizunarekin batera, Nortasunaren Bila lana agurtuko dute hamaika urtez han eta hemen taula gainean ibili ondoren.
Argazkia: Koldo Fernandez
☉ Basauri
Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.
Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.
Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.
Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko.
Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.
☉ Basauri
Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean
Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.
Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.
Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.
Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Karnabas mozorro lehiaketa, 90 segundutan!

Inautxok gidatuta, euriak ez du mozorro lehiaketa geldiarazi Basaurin. Furbyak, Pinotxo eta Gepeto, haginlariak, Ratatouille, txorimaloak, euliak, estralurtarrak, oiloak eta lau urtaroak… ez da inor falta izan! Hona hemen mozorro lehiaketako laburpena!
☉ Basauri
Bideoa | Zenbat denbora eman dute basauriarrek mozorroak prestatzen?

Inauteriak dira eta Basauriko kaleak mozorroz bete dira otsailaren 14an, larunbatez. Euria egin arren, mozorro lehiaketa antolatu dute Solobarriako karpan [hemen argazkiak!]. Eta bertan topatu ditugu estralurrarrak, furbyak eta oiloak eta baserritarrak. Zenbat denbora eman dute mozorroak prestatzen?
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).








































