☉ Basauri
[Sakonean] Emakumeon bihotza
Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak bost urte bete ditu ekainaren 28an. Ibilbide honetan zehar hamaika proiektu jarri dituzte martxan. Era berean, elkarte ugariren bilgune ere bada.

Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak bost urte bete ditu ekainaren 28an. Ibilbide honetan zehar hamaika proiektu jarri dituzte martxan
Basauriko emakumeek eta herriko mugimendu feministak historikoki aldarrikatutako gunea da Marienea. Aurten bere sorreraren bosgarren urteurrena bete da. Hain zuzen ere, 2012ko ekainaren 28a da Basauriko Emakumeen Etxearen eraketa-data.
Berdintasun Arloak sustatutako udal zerbitzuak emateaz gain -Jabekuntza Eskola, Emakumeei Informazioa emateko Zentroa (EIZ), Batera Bikain (1era 2kain), Hezkuntza proiektuak eta Equitruke Denbora Bankua, besteak beste-, emakumeen elkarte ugariren bilgune ere bada [Irakurri Oihane Lopezi elkarrizketa].
AURREKARIAK BIDEA ERRAZTUZ
Anabel Sanz Berdintasun teknikaria da Basauriko Udalean. 2.000 urtean hasi zen bertan lanean eta momentu hartatik emakumeen elkarteko kideek Emakumeen Etxe bat aldarrikatu zuten: “Elkarte ezberdinetako emakumeek oso argi zeukaten Emakumeen Etxe bat Basaurin errotu behar zela”, dio Sanzek.
“Lehen urrats haietan oso garrantzitsua izan zen Berdintasun Arloaren eraketa. Alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten berau sortzea”, dio Anabelek: “Inportantea da adieraztea baliabideak jarri zirela: aurrekontuaren zati bat bertara bideratu zen, baita giza baliabideak ere”.
Gauzak horrela, Berdintasun Kontseilua osatu zuten 2.000 urteko abenduan zenbait elkartek. Gaur egun elkarte hauek osatzen dute Berdintasun Batzordea: Ate Zabalik, Manuela Egiguren, Alargunen Elkartea, Basauriko Emakumeen Elkartea, Helduen Hezkuntzako emakume-taldea, Emakumeak Aniztasunean, Hemengo eta hango emakumeak, Enproa, Zure Ondoan eta Marienea Elkartea bera. Antolatzen dituzten jardueren artean daude martxoaren 8ko kanpaina (Emakumeen Nazioarteko Eguna), azaroaren 25eko kanpaina (Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna), San Fausto jaietan ekintza ezberdinak edota emakume sahararrekin elkartasun proiektua.
Egoitza baten beharra ikusita, Basozelaiko Gizarte Etxean biltzen hasi ziren, eta bertan Jabekuntza Eskolaren proiektua jarri zuten abian. “Etxe bat nahi genuen, baina zer egin bertan? Hori izan zen bota genuen lehenengo galdera eta proiektu errotzen hasi ginen”, dio Sanzek.
HAMAIKA PROIEKTU MARTXAN
Gaur egun 21 ikastaro ezberdin antolatzen dituzte Marienean, Jabekuntza Eskolaren bitartez. Hauek dira batzuk: Bizikletaz eta ahaldunduta; Neure bizitza, neure baldintzak; Trebetasunak trukatzea; Irakurmen adierazkorra; Autodefentsa feminista; Antzerki tailerra (clown ez sexista mutilentzat); Orientazioa mendian; Argazkigintza; Txalaparta; Feminismoa marrazten; Pelbis-zorua sendotzea; edota Dantza afro-kubatarra.
“Gizartea berdintasunerantz eta feminismorantz aldatzeko ezinbestekoa da maila indibidualean nahiz kolektiboan batera egitea. Eta prozesu horretan Jabekuntza Eskolak laguntzen du”, dio Anabelek: “Horretarako, metodologia parte-hartzailea lantzen dugu”.
Halaber, Emakumeei Informazioa emateko Zentroa (EIZ), Batera Bikain (1era 2kain), Elkargunea, Sexu Informaziorako Bulegoa, Ekitruke, Hazi eta hezi, Zure Ondoan eta Basauriko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma kudeatzen dituzte Marieneatik.
“2.000 urtetik hona saiatu gara proiektu ezberdinak aurrera ateratzen. Laborategi funtzionamendua beti dugu buruan. Hau da, herritarren partaidetza eta oniritzia bilatzeko zer beharko genuke? Eta erantzunen arabera proiektu berriak aurkeztu. Noski, ditugun baliabideak kontuan hartuta”, dio Sanzek.
Marieneak gaur egun hamar langile ditu, denak profesionalak: teknikariak, dinamizatzaileak edota administrariak. “Etengabe gaude pentsatzen zein proiektu egin dezakegun. Edo bestela, zein ekimeni buelta eman eta beste era batera formulatu”.
Basauriko Emakumeen Etxean gazteak erakartzeko antolatzen dituzten ekintzen artean indar gehien dutenak autodefentsa feminista tailerra eta Beldur Barik lehiaketa dira.
EMAKUME BORROKALARIEN IZENAK
Dolores Ibarruri, Elbira Zipitria, Polixene Trabadua edota Pepita Nuñez emakumeen izenek euren lekua dute Marienean. Denak izan dira emakume borrokalariak euren esparruetan eta bakoitzak gela bat dauka bere izenean.
Dolores Ibarruri -Pasionaria ezizenez ezagunagoa- bizkaitar politikari komunista izan zen. Elbira Zipitria zumaiarra euskal eskolen eta hezkuntza unibertsalaren aldeko borrokalari sutsua izan zen frankismo garaian. Polixene Trabudua hizlari abertzalea izan zen eta Sondikako eskolan, bere jaioterrian, euskara sartu zuen. Eta Pepita Nuñez irakasle izan zen Sevillan eskola publikoan.
Era berean, Basauriko emakume nabarmenenak ez dituzte ahaztu Marienean. Beti gogoan dituzte, besteak beste, Manuela Egiguren emagina eta Eskarabilerak izan zirenen ordezkariak.
☉ Basauri
Bideoa | Itziar Ituño basauriarrak Gatibu taldearen azken kontzertuan parte hartu du

25 urteko ibilbidearen ostean azken kontzertua eskaini zuen abenduaren 13an Gatibu taldeak BECen. Gonbidatu bereziak izan zituzten oholtza gainean, tartean, Itziar Ituño basauriarra! Alex Sarduirekin batera ‘Eztanda egin arte’ abestu zuen basauriarrak.
☉ Basauri
Bazkarian beste zomorro bat agertu dela salatu dute Basozelai-Gaztelu ikastetxeko gurasoek
Ikasle baten arroz platerean agertu zen atzo zomorroa. Azaroan zizare bat topatu zuen bere babarrun platerean beste ikasle batek

Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasle baten janari platerean zomorro bat berriro agertu dela salatu dute gurasoek.
Gertaerak atzo jazo ziren: jantokian, lehenengo platera, arroza tomatearekin, jaten ari zela zomorro bat topatu zuen ikasle batek.
“Bigarren txandan izan zen: lehen txandakoek normal bazkaldu zuten, baina bigarren txandan, zomorroa aurkitu bezain laster, plater guztiak kendu zituzten”, esan dio guraso batek GEURIAri.
Kontatu orduko, jantokiko arduradunak arroza jaten ari ziren ikasleei lehen platera kentzeko agindua eman zuen.
Era berean, enpresa arduradunari eta Hezkuntza Sailari gertakariaren berri eman zioten. Gainera, zomorroaren lagina ere bidali diote Hezkuntza Sailari azter dezaten.
Zizarea azaroan
Ez da lehehengoa aldia zomorro bat agertzen dela ikasleen bazkariko plater batean. Hain zuzen ere, azaroaren 18, zizare bat topatu zuen ikasle batek bere babarrun platerean.
Basozelai-Gaztelu ikastetxeko gurasoek “haserrea” adierazi zuten orduan. Hala ere, ezinegon eta kezka hori ez da herriko ikastetxe horretara bakarrik mugatzen; Basauriko sei ikastetxe publikoetako Guraso Elkarteek.
“Zerbitzu honen azpikontratazioak gertakari onartezinak eragiten ditu oraindik ere: menu ez osasungarriak, kalitate eta kantitate txikikoak; osagai izoztu eta aurreprestatuekin egindako elaborazioak eta janari ultra prozesatua; entregak ez betetzeagatik termoetan denbora gehiegi ematen duten janariak: ikastetxeen errealitatearekin bat ez datozen ratioak dituzten langile gutxiegi; eta langileen ordezkapen falta… Horrek guztiak gure seme-alaben beharrak betetzen ez dituen elikadura eta behar bezala eman ezin den zerbitzua eragiten ditu”, salatu zuten azaroan Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek.
Eskola-sukaldearen proiektua
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak ekainean iragarri zuen Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko promesa “behingoz” bete dezala eskatu dute.
Eta, Hezkuntza Sailak berretsi du Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko bere “konpromiso irmoa”. Eskola-sukalde horrekin “eredu osasungarriagoa, jasangarriagoa eta hurbilagoa eskaini” nahi du Jaurlaritzak.
Dagoeneko “hainbat alternatiba tekniko” aztertu dituztela esan zuen Hezkuntza Sailak azaroaren 26an, eta Basauriko guraso elkarteekin bildu nahi zutela ere adierazi zuen, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”. Baina, momentuz, ez dute bilera horren berririk.
Basauriko Udalak, bere aldetik, guraso elkarteen eskaerei babesa eman die, eta “behar horiek dagozkien erakundeei helarazteko egindako lan bateratua eta etengabea” azpimarratu dute.
“Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko harremana mantentzen dugu proiektuaren berri izateko, eta esan digute proiektua aurrera doala”, diote udal ordezkariek.
Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazi du proiektu hau “ahalik eta azkarren” gauzatu dadin eta, “kalitatezko zerbitzu baten adibide izan dadin”, beharrezkoa den guztian laguntzeko eta lankidetzan aritzeko prest dagoela.
☉ Basauri
Basauri Kirol Sariak banatuko dituzte bigarren urtez herriko kirolariei eta entitateei aitortza egiteko
Abenduaren 18an izango da ekitaldia Social Antzokian. Urteko kirolaria, etorkizuneko kirolaria, urteko kluba, ibilbide esanguratsua izan duen kirolaria eta balio sozialak sustatzen dituen kirolaria edo entitatea aitortuko dituzte

Basauri Kirol Sariak ekitaldia antolatuko dute abenduaren 18an, ostegunez, Social Antzokian, 19:00etan.
Iaz berreskuratu zuen Basauriko Udalak gala Kirolaren Europako Hiriaren urtean, eta aurten berriro antolatu dute ekitaldia herriko kirol-eremuko norbanako eta entitate nabarmenei aitortza egiteko.
Bost sari banatuko dituzte: Eguzki-lore saria, urteko kirolari bikainenarentzat; Iparorratza saria, urteko etorkizuneko kirolari nabarmenenarentzat; Adore saria, urteko klub edo entitatearentzat; Haritza saria, ibilbide esanguratsuena izan duen kirolariarentzat; eta Ohore saria, balio sozialak sustatzen dituen kirolariarentzat edo entitatearentzat.
Herriko klubek eta komunikabideetako profesionalek proposamenak helarazi dituzte eta batzorde tekniko batek balorazioa egin du.
Sari banaketa doakoa da, baina interesdunek gonbidapenak jaso behar dituzte Social Antzokiko leihatilan.
Iaz Gorka Nieto Marcos eskubaloi jokalaria, Claudia Lizcano Valenciano futbolaria, BSK Basauri Saskibaloi Kluba, Isabel Sixto Tato atleta eta Meeting Basauri ekitaldia aitortu zituzten. Iaz GEURIAk egin zuen kronika hemen irakur dezakezu.
☉ Basauri
Abaroa-San Migel tren geltokiko igogailua konponduta dagoela dio Renfek, “baina telefono-linearen zain”
Iaztik funtzionatu gabe daramala salatu dute askotan auzotarrek. Igogailua martxan jartzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzea baino ez dela falta esan diete Renfetik Basauriko udal ordezkariei

Hilabeteak daramate San Migeleko auzotarrek Abaroa-San Migel tren geltokiko bi igogailuetako bat erabili ezinik.
Iazko abuztuan —2024ko martxoan, ekainean eta uztailean matxura izan ostean— funtzionatzeari utzi zion, eta ordutik herritarrek Renferi konpondu dezan eskatu diote hainbatetan.
Renfek aurtengo martxoan jakinarazi zien auzotarrei “egun gutxi barru” konponduko zuela matxura, baina oraindik zain daude.
Egoera hori aintzat hartuta, azken hilabeteetan Basauriko Udalak hainbat errekerimendu egin dizkio Renferi tren geltokiko igogailua konpondu dezala eskatzeko. “Azkena azaroaren 27an”, diote udal ordezkariek.
“Gaur bertan, tren-garraioko enpresa publikoak Basauriko Udalari jakinarazi dio igogailuaren konponketa teknikoa arrakastaz burutu dela, eta igogailua martxan jartzea zerbitzu egokia bermatzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzearen mende dagoela soilik”, diote udal arduradunek.
Renfek Udalari emandako erantzunean adierazi duenez, “lehentasunez” ari dira lanean dagokion hornitzailearekin kudeaketa hori arintzeko, “eta ahalik eta epe laburrenean” konpontzea espero dutela adierazi diote Udalari.
“Gobernu taldeak prozesuaren zain jarraituko du, igogailua lehenbailehen martxan egon dadin”, diote.
☉ Basauri
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an helduko dira Basozelaira, Basaurin
Txu-txu trenean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Zortziko plazara. Gainera, asteburuan zehar hamaika jarduera antolatu ditu Basozelaiko Auzokideen Elkarteak

Olentzero eta Mari Domingi hasi dira txikien eta helduen gutunak jasotzen.
Eta abenduaren 24ra bitartean euren bisitak izango ditugu Hego Uribe eskualdean.
Basaurin, Basozelain izango dira Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an, igandez.
Txu-txu trenean helduko dira Zortziko plazara eta umeekin eta helduekin elkartzeko tartea izango dute.
El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen eskutik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi auzora, baina ez da asteburuan antolatuko duten jarduera bakarra.
Belaunaldien arteko joko didaktikoak, SantoBasozelai, Euskal Jaia, Gabonetako arratsalde-pasa, Gabonetako bingoak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte abenduaren 13an eta 14an Zortziko plazan.
Egitaraua | Olentzero eta Mari Domingi Basozelain
Abenduak 13, larunbata
11:00 Belaunaldien arteko joko didaktikoak
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
13:00 Euskal Jaia ikuskizun musikala
17:00 Gabonetako arratsalde-pasa
19:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
20:00 Gabonetako I. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
21:00 Kontzertua: Txapela Brava
22:30 Gabonetako II. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
Abenduak 14, igandea
11:00 Gabonetako tailerrak: desioen zuhaitza, postalak eta apaingarriak
11:30 Olentzero eta Mari Domingi
11:30 Txu-txu trena Basozelaitik
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
12:00 Trikipoteoa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
14:30 Gabonetako III. Bingoa. Sari berezia: Gabonetako kutxa eta Gabonetako dezimoa










