Sareak

☉ Basauri

2024ko otsailerako bukatuko dituzte San Migeleko hiri-igogailua eraikitzeko lanak

|

San Migel mendebaldeko etxebizitza berrienak // Geuria

San Migel mendebaldeko etxebizitza berrien inguruan hiri-igogailua eraikitzen ari da Basauriko Udala. Obrak urria amaieran hasi zituzten eta udal ordezkarien aurreikuspenen arabera, 2024ko otsailean erabiltzeko prest egongo da.

Gaur egun hiru etxebizitza eraikin berri daude Ramon y Kareaga kalearen amaieran, Taberna Nagusitik gertu, eta igogailua bigarren eta hirugarren eraikinen artean eraikitzen ari dira (Taberna Nagusitik hasita). Hamahiru lagunentzako lekua izango du igogailuak.

Obra Estudios y Obras Recalde SL enpresa ari da burutzen eta Udalak 376.000 euroko inbertsioa egingo du. Enpresa esleipendunak igogailua eraikitzeaz gain, 200 metroko oinezkoentzako bidea egingo du Castilnovo plazatik igogailuraino eta eraikineko eskaileretaraino. “Oinezkoentzako bide osoa argituta egongo da”, diote udal ordezkariek.

Kokapen aldaketa

Hasierako proiektuaren arabera, hiri-igogailua Gernika kaleko etorkizuneko etxebizitza berrien artean eraiki behar zuten, baina kokapena aldatzea adostu zuten: “Kokapena aldatu ez bagenu, lanak atzeratun egingo ziren, aldez aurretik urbanizatu egin beharko baitzen orubea Gernika kaletik gertu, eta epe laburrean edo ertainean ez da aurreikusten hori egitea”, diote udal arduradunek.

Gauzak horrela, Udaleko ordezkariak San Migeleko Auzo Elkarteko kideekin batu zen eta igogailuaren kokapena aldatzea adostu zuten.

Bederatzigarrena

San Migel mendebaldeko hiri-igogailu hori Basauriko bederatzigarrena izango da. Aurretik eraiki dituzte: Urbikoa, Fleming doktorearen kalekoa, Zuloaga margolaria kalekoa, Aragoi kalekoa, Luis Petralandakoa, Federico Mayo auzunekoa eta Kareagako Osasun Etxekoa. Zortzigarrena bidean dago: Foruak eta Kareaga Goikoa kaleak lotuko dituena.

Era berean, Karmelo Torre kalean ere beste igogailu bat eraikitzea aurreikusi du Basauriko Udalak. Momentu honetan igogailua eraikitzeko alternatiben txostenaren zain dago Udala: “Laster helaraziko digutela aurreikusten dugu. Jasotzen dugunean, barne-balorazioa egingo dute udal teknikariek, eta bilera batera deituko ditugu auzotarrak eta auzo elkartea informazio guztia partekatzeko”, adierazi zuen urriko osoko bilkuran  Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

“Igogailua eraikitzeko udal borondatea badago, baina gaur egun ez da errealitate bat, jabetza pribatuak ez zuelako onartu. Berriro eseri beharko dugu jabetza pribatuarekin, akordioak lortu ahal izateko”, adierazi zuen Goikoetxeak.

Hiri-igogailu hauek guztiak jartzeko lan horiek Auzoegin Auzoetan Ekiteko Planean kokatzen dira. “Plan horren helburua da modernizazio- eta berroneratze-interbentzioak egitea Basauriko hainbat gunetan, auzotarrek, elkarteek eta bestelako kolektiboek askotariko partaidetza-bitartekoen bidez planteatutako eskaerei erantzuteko”, diote udal ordezkariek.

☉ Basauri

Udal webgune berria estreinatu du Basaurik, “errazagoa eta intuitiboagoa”

Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituztela adierazi dute udal ordezkariek

|

Aurreko udal webgunea "duela 14 urte" jarri zuten martxan eta "zaharkituta" zegoen // Geuria

Webgune berria martxan jarri du Basauriko Udalak, “eskuragarriagoa, errazagoa eta intuitiboagoa”. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituzte.

“Barne-arloetan oinarritutako egitura batetik, informazioa antolatzeko beste era batera igaro gara. Helburua da herritarrek errazago eta modu intuitiboago batean sartzea Udalak eskaintzen dituen zerbitzu, baliabide, tramite, azpiegitura eta abarretara”, dio Asier Iragorri alkateak.

Orain arteko udal webgunea “duela 14 urte” jarri zen martxan, eta gobernu taldeak “beharrezkotzat” jo du berritzea: “Lehengo plataformak ez zituen jasotzen gaur egun ezinbestekoak diren funtzionalitate batzuk, hala nola, bilaketak”, dio Iragorrik: “Web berriak duen beste abantailetako bat da bere bilatzaile indartsua, modu nabarmenean sinplifikatzen duena edozein informazio aurkitzeko modua”.

“Diseinuaren ikuspegitik kendu egin dira gehiegizkoak ziren informazio eta bannerrak, saturazio bisuala saihesteko, eta apustu egin da edukiak zehatz eta argi antolatzearen alde. Gainera, erraz irakurtzeko moduko letra-mota aukeratu da”, dio Iragorrik.

Bost atal

Basauriko Udaleko webgune berriaren nabigazio-menuak bost atal ditu: Basauri, Udala, Herritarrak, Gardentasuna eta Egoitza Elektronikoa.

Era berean, Berriak, Gaiak, Oharrak eta Agenda atalak gehitu ditu Udalak homean: “Oraintxe bertan, Gaiak atalean zergei, ordainketei, enpleguari eta etxebizitzari buruzko informazioa dago, baina aldian behin aztertuko dugu zein den herritarrek gehien bilatzen duten informazioa, webaren orrialde nagusira eramateko”, adierazi du Jon Zugazagoitia Teknologia Berrien arloko zinegotziak.

Herritarren argazkiak

Webgune berriak argazki nagusi bat du hasieran. “Baina ez da estatikoa izango”, zehaztu du Zugazagoitiak: “Izan ere, herritarrek Basaurin ateratako argazkiak bidali ahal izango dituzte, hala nola, herriaren panoramika bat, txokorik gustukoena, koloretan, zuri-beltzean…”.

Argazkiak onartuak izateko, ez dute pertsona identifikagirririk izan behar, eta gutxi gorabehera 2400 x 600 pixelekoa izan behar da, gutxienez 96 ppp-ko bereizmenean. Interesdunek webgune berriaren bitartez bidali ahal izango dituzte euren argazkiak.

“Hilean behin Social Antzokirako bi sarrera zozketatuko ditugu argitaratuak izateko onartu diren argazki guztien artean”, dio Zugazagoitiak.

Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / A30 grebako manifestazioa euripean egin dute ehunka herritarrek Basaurin

|

Azaroak 30. Greba feminista orokor eguna da. Basaurin goizean goiz piketeak eta kotxe karabana egin dute, eta eguerdian zaintza eskubide kolektiboaren alde manifestazioa egin dute ehunka lagunek. Euripean izan bada ere, aterki uholdea izan da Basauriko deialdian.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxebarria aita-seme trikitilariek ‘Familia gara’ disko berria aurkeztu dute Social Antzokian

Gaur aurkeztu dute disko berria Basauriko antzokian. Inaxio Perurena harrijasotzailea gondidatu izan dute aurkezpenean

|

Unai eta Koldo Etxebarria Inaxio Perurenarekin Social Antzokiko oholtzan // Geuria

Etxebarria aita-seme trikitilariek disko berria kaleratuko dute: ‘Familia gara’. Lan berria Durangoko Azokan abenduaren 6an kaleratu aurretik, diskoaren aurre-aurkezpena Basaurin egin nahi izan dute bi basauriarrek.

Gaur, azaroak 29, 13:00etan Social Antzokian egin dute aurkezpena. Bertan Inaxio Perurena harrijasotzailea eta laguna izan dute gonbidatu. Besaulkietan etxebarritarren lagunak, senideak eta ezagunak egon dira.

Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak

Diskoak 12 abesti ditu, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantekin. ‘Familia gara’ lan berrian oinarrizko euskal estiloari heldu diote: “estilo dantzagarriak, baladak, koplak, rantxerak eta rock doinuak entzun daitezke, eta baita indar handiko bertsioak ere”, diote.

“Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak ere ez dira faltako! Esaterako, ‘Sorioneku familia gara’, Euskal Herria eta gure kulturaren batasuna elkartzen dituen abestia”. Abesti horren bideoklipa 2023ko martxoan argitaratu zuten, eta bertan agertzen da, besteak beste, JJ Vaquero bakarrizketagilea.

‘Loretxoa’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Let it be’ abestien bertsioak ere jasoko ditu lan berriak. Trikitixa eta panderoa dira instrumentu nagusiak eta horiekin batera akordeoia, kitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak eta bateria ere entzun daitezke.

Diskoa salgai egongo da Durangoko Azokan 15 euroan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

|

Kareagako anbulatorioan hasi dute sinadura bilketa gaur // Geuria

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.

Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.

Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

|

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.

Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.

Osorik irakurri