Lehen aldiz, helduentzako musikal bat eta koproduzkio bat ikusi ahal izango dira Social Antzokian. Guillermo Toledo eta Alberto San Juan Basaurin izango dira, beste hainbaten artean.
Social Antzokiak datorren urteko lehen bost hilabeteetarako programazioa aurkeztu berri du. Antzerkia, zirkua, musikalak, dantza, umeentzako ikuskizunak eta zinea eskainiko ditu. Besteak beste, Basaurira etorriko dira Guillermo Toledo, Alberto San Juan, Luis Bermejo, Silvia Marsó eta Alex O’Dogherty bezalako aktoreak, baita Fermin Muguruza musikaria, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta euskal konpainiak ere. Guztira, hogeita zortzi ikuskizun antolatu dituzte 2016ko urtarriletik maiatzera bitartean.
“Basauriarren eta ingurukoen nahiak asetzen ahalegintzen gara, baita Social Antzokiko bazkideenak ere”, dio Gerado Ayo antzokiko kudeatzaileak. “Gainera, ez bakarrik arte eszenikoen alorrean. Zine programazioak poztasun handiak ematen dizkigu eta nabarmentzekoa da zineklubaren presentzia, Bizkaian aitzindaria dena, Euskadin barne”. Ayok aurreratu duenez, Social Antzokiak helduentzako musikal bat eta koprodukzio bat hartzen dituen aurreneko aldia izango da -Arriaga antzokia, Social Antzokia eta Marie de Jongh (Tartean Teatroa)-.
Azaroaren 28tik aurrera tiketak salgai egongo dira Social Antzokiko txarteldegian, www.socialantzokia.com eta www.bbk.es webguneetan edota Kutxabanken orotarako kutxazainetan.
ZINEKLUBAREN ZIKLO BERRIA MARTXAN
Basauriko antzokiak zine programazio zabala eskaintzen du egunero, eta ostegun guztietan Zineklubaren txanda izaten da: normalean pantaila handian ikusten ez ditugun pelikulak proiektatzen dituzte eta ikasturte honetan berrikuntza moduan zine klasikoko filme bat eta dokumental bat aurkeztuko dituzte hilean behin.
Orain arte, “klasiko berreskuratuen” artean ‘Las vacaciones del Señor Hulot’ (Jacques Tati, 1953) eta ‘Los 400 golpes’ (François Truffaut, 1959) filmak egon dira ikusgai.
ETXEKOAK
Urtarrilak 29 – 20:30 – 10 € – Antzerkia
Gizarteak eta estatuek sortu eta eraiki dituzten muga eta lege absurdoen kritika egiten du Ander Lipusek bere antzezlan berri honetan: Etxekoa vs. Kanpokoa dikotomia baliatuz egun hain presente dugun immigrazioaren gaia jorratzeko.
PINOCCHIO
Martxoak 6 – 12:30 – 5 € – Antzerkia
Guztiok ezagutzen dugu Pinotxoren istorioa. Papera eta egurra istorioaren mende geratzen dira, ume-txotxongilo baten irudimenean sartu ahal izango gara. Lleidako konpainia izan arren, aktoreek euskaraz antzeztuko dute obra.
EUSKAL HERRIA SOKAN
Apirilak 23 – 20:30 – 10 € – Dantza
Soka-dantza oinarri hartuta, herrialde bakoitzeko dantza nagusiak aurkeztuko ditu Beti Jai Alai taldeak. Euskal Herriko hainbat herritako dantza-zatiak elkartuz, sorta bat egin nahi izan du.
