Sareak

☉ Basauri

“Trenbidea estaltzeko proiektuak erabilera publikoko eraikina eta aparkalekuak izan behar ditu”

|

basauri gastañabaltza trenbidea 2015

Maiatzean edo ekainean Social Antzokia eta Gastañabaltza arteko eremua estaltzeko proiektua esleitzea aurreikusten du Basauriko udalak eta obrek bost hilabete iraungo dute.

Social Antzokia eta Gastañabaltza parkearen arteko trenbidea estal­tzeko proiektua esleitzeko prozesua hasi du Basauriko Udalak. 2011. ur­teko programa politikoaren barnean sartu zuen proiektu hau egungo udal gobernuak eta estatuko aurre­kontuen arabera, 2015ean errea­litate bihurtuko da: EAJ talde par­lamentarioak trenbidea estaltzeko proiektua estatuko aurrekontuetan sartzeko emendakina jarri zuen Se­natuan eta honek onartu egin du.

Nahiz eta berandu heldu, po­sitiboki baloratzen dugu proiektu hau estatuko aurrekontuen bar­nean sartu izana, Madrilen dagoen EAJ taldearen ahaleginei esker. Ho­rrek esan nahi du obraren erredak­zioan Udalak ez duela inolako kos­turik izango”, dio Andoni Busquet Basauriko alkateak.

Proiektuaren erredakzioak 270.000 euroko lizitazio aurrekon­tua izango du eta garatzeko epea bost hilabetekoa izango da. Basau­riko Udalak aurreikusten duenez, maiatzean edo ekainean proiektua­ren esleipena gauzatuko da, eta or­duan zehaztuko dira lanen eraikun­tza epeak.

 

 

3.600 METRO KARRATUKO ESPAZIOA

Proiektuaren materializatzeak 3.600 metro karratuko espazioa lor dezake basauriarren erabilerarako. “Proiektua egi bihurtzen denean herritarrek beste aisialdi eta zerbi­tzu-eremu berri bat izango dute”, dio Busquetek.

Josu Irusta Bisanzale Bidebie­ta-San Fausto zaharreko auzo lagun elkarteko lehendakariaren iritziz, “auzo elkarte bezala ados gaude trenbidea estaltzearen aldeko pro­posamenarekin. Batzar bat osatu beharko litzatekeela uste dugu, ondoren Basauriko Udalarekin el­kartzeko eta zer behar den eraba­kitzeko. Normalena da jende guztia biltzea eta bakoitzak bere proposa­menak botatzea”.

Plangintza gauzatuko duen en­presak dokumentu teknikoa egin behar du eta bertan paisaiaren interbentzio integratua bilatu, es­pazio librearen eta publikoaren beharrei erantzuna eman eta he­rriarekiko lotura hobetu behar dira: “Inguruarekiko jarrera egokia izan behar du plangintzak eta estalkiak sortuko duen espazioa basauria­rren erabilerarako izan behar da”.

Horiek horrela, estalkia osatu­ko duten elementuak auzokideak erakartzeko helburuarekin antola­tu behar dira. Gainera, soinuaren, ikusmenaren eta ingurumenaren gaineko eraginak minimizatu behar dira.

Dokumentu teknikoak era­bilera publikoko eraikin bat eta aparkalekuak izan behar ditu, oi­nezkoentzako eta egonaldietarako lehentasunei kalte egin gabe”, dio Basauriko alkateak. Ekipamendu publikoko parametroak, hala nola erabilera eta azalera, proiektuaren erredakzioa egin ahala definituko dira eta Basauriko Udalak jarriko ditu irizpideak, Trenbide Azpiegi­turen Kudeatzailearen (ADIF) oniri­tziarekin.

 

 

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin

Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

|

Emantzipazioari buruzko saioak martxoaren 5ean eta 10ean izango dira // Jakub Zerdzicki, Pexels

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).

Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.

Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.

Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.

Emantzipaziorako bidea

Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.

Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.

Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.

Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da

Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

|

Lan istripua Agirre Lehendakaria kaleko 57-59. zenbakian gertatu da // Geuria

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.

Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.

Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan

Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

|

Argazkian Angela de Miguel, Ibai Magdaleno eta Mikel Garcia --Gonzalo Burgosen bizi da-- // Argazkia: Gotzon Garcia

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.

Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.

Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.

“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko

Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

|

Laneratu aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute hautatuek // Basauriko Udala

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.

Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.

Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.

Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.

Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.

Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.

“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.

Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.

Osorik irakurri