☉ Basauri
Etxeko txikiekin antzerkia ezagutzeko aukera dakar ‘Txiki, txiki, txikia’ jaialdiak
‘Txiki, txiki, txikia’ jaialdiaren hirugarren edizioa azaroaren 11tik 20ra bitartean ospatuko da Bizkaiko bederatzi udalerrietan. Tartean, Basaurin.

‘Txiki, txiki, txikia’ nazioarteko jaialdiaren hirugarren edizioa azaroaren 11tik 20ra bitartean ospatuko da Bizkaiko bederatzi udalerrietan (Amorebieta-Etxano, Basauri, Barakaldo, Berriz, Bilbo, Durango, Leioa, Mungia eta Sopela), baita Zarautzen ere.
Jaialdia bost ikuskizunek osatzen dute, guztiak ere lau urtera bitarteko umetxoei zuzenduta. “Zaila izaten da txikientzat pentsatutako eta egokitutako lanak aurkitzea. Bada, Txiki, Txiki, Txikia jaialdiak hutsune hori bete nahi du eta hala, sei hilabete eta lau urte bitarteko haurrak dituzten familiei arte eszenikoaz gozatzeko aukera eman“, dio Gerardo Ayo Basauriko Social Antzokiko koordinatzaileak.
Ikusi ahal izango diren emanaldiak hauek izango dira: ‘La oú j’habite’ (Des Mots d’la Dynamite – Kanada), ‘Jardin secreto’ (Zigzag Danza – Asturias), ‘Loo’ (Ponten Pie – Katalunia), ‘Giratondo’ (La Baracca-Testoni Ragazzi – Italia), eta ‘Sensacional’ (Imaginart – Katalunia). Saio bakoitza 30 minutukoa izango da.
Formatu txikiko lanak dira, “oso hurbilak, eta haurrak, ikusleak izateaz harago, istorioetan barna sartu ahal izango dira“, dio Rocio Pinedo Portal 71 produkzio taldearen arduradunak: “Txikienek ulertu eta gozatzeko pentsatutako lanak dira. Umetxoak antzerkiaren eta eszenaren mundura hurbiltzeko modu dibertigarria, antzerkia ezagutu eta orain eta etorkizunean gozatu dezaten“.
Inaugurazio-jaia Basaurin
Azaroaren 11n, ostiralez, ‘Txiki, txiki, txikia’ jaialdiaren hirugarren edizioari hasiera emango diote. Hain zuzen ere, Basaurin izango da inaugurazio-jaia eta bertan izango dira, besteak beste, bost metroko hartz puzgarria, diskoteka partikular bat dantzatu, salto egin eta gorputza mugitzeko eta photocall-a.
Hasierako ekitaldi hau 16:30ean hasiko da eta 18:30ak arte luzatuko da Social Antzokian bertan.
Jaialdiaren egutegia
Azaroak 11, ostirala
16:30 + 18:30 Inaugurazio-jaia Basauriko Social Antzokian
Azaroak 12, larunbata
17:00 + 18:30 ‘Jardin secreto’ (Zigzag Danza – Asturias). Barakaldoko Clara Campoamor Kultur Etxean
17:00 + 18:30 ‘La oú j’habite’ (Des Mots d’la Dynamite – Kanada). Mungiako Olalde Aretoan
Azaroak 13, igandea
16:30 + 18:00 ‘Jardin secreto’ (Zigzag Danza – Asturias). Bilboko BBK Aretoan
17:00 + 18:30 ‘La oú j’habite’ (Des Mots d’la Dynamite – Kanada). Basauriko Social Antzokian
Azaroak 18, ostirala
17:00 + 19:00 ‘Loo’ (Ponten Pie – Katalunia). Amorebietako Zornotza Aretoan
18:00 ‘Giratondo’ (La Baracca-Testoni Ragazzi – Italia). Berrizko Kultur Etxean
Azaroak 19, larunbata
12:30 + 18:00 ‘Loo’ (Ponten Pie – Katalunia). Leioako Auditoriumean
12:30 + 18:00 ‘Giratondo’ (La Baracca-Testoni Ragazzi – Italia). Sopelako Kurtzio Kultur Etxean
Azaroak 20, igandea
10:30-12:30 / 16:00-18:00 ‘Sensacional’ (Imaginart – Katalunia). Zarauzko Modelo Aretoan
12:30 + 18:00 ‘Giratondo’ (La Baracca-Testoni Ragazzi – Italia). Leioako Auditoriumean
17:00 + 18:30 ‘Loo’ (Ponten Pie – Katalunia). Durangoko San Agustin Kultur Gunean
☉ Basauri
Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten

Basauriko Argazkilari Elkarteak 15 urte beteko ditu aurten. 2011n sortu zuten elkartea zaletu batzuek argazkigintza ikasi, praktikatu eta zaletasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin.
“Basauriko Udalak berak antolatu eta diruz laguntzen dituen Ibaiganeko argazki-tailerreko ikastaroetan parte hartzen duten zaleak hurbiltzen saiatzen gara gure elkartera, baita zaletasun bera duten pertsona guztiak ere, zaletasun hau sustatzen jarraitu ahal izateko”, diote elkarteko ordezkariek.
Basauriko Argazkilari Elkarteak egoitza du Leon kaleko 13. zenbakian, eta hamaika ekintza antolatzen dituzte. Esaterako, ikasteko eta aholkuak emateko asteroko bilerak, argazkigintzari buruzko hitzaldiak, irteerak hilero, hileroko erronka bat, erakusketak edota Basauriko beste talde eta elkarte batzuekin lankidetzak.
“Gaur egun Euskadiko Argazkilari Elkarteko kideak gara, eta harremanak ditugu Euskadiko eta Euskaditik kanpoko beste argazki-elkarte batzuekin”, diote.
Urtarrilean Asier Iragorri alkateak eta Maria Larrinaga Kultura arloko zinegotziak bertatik bertara ezagutu zuten Basauriko Argazkilari Elkartearen jarduna eta euren lokala bisitatu zuten.
☉ Basauri
Zigor Orbe preso basauriarra aske geratu da kondena osoa bete ostean

Zigor Orbe Sevillano preso basauriarra aske gelditu da zigor osoa bete ostean.
2004an atxilotu zuten Orbe Basaurin autobus bat erretzegatik, gidaria barruan zegoenean.
Frantzian atxilotu zuten eta 2010ean Espainiako estatuaren esku utzi zuten.
2021ean Cadizetik Zaballako espetxera lekualdatu zuten zigorraren hiru laurdenak betetzear zituenean. Orduan, Espetxe Erakundetik esan zutenez, indarkeria gaitzetsi zuen, bere gain hartu zuen biktimei egindako kaltea eta haien erreparazioaren alde egin zuen.
2022an hirugarren gradua onartu zioten eta 2023ko abuztutik baldintzapeko askatasunean zegoen. Orbek zigor osoa bete du.
☉ Basauri
Txikientzako eta helduentzako euskarazko antzezlanak taularatuko dituzte otsailean Basauriko Social Antzokian
Umeentzako ‘Bazen behin…’ eta nagusientzako ‘Arizona’ antzezlanak izango dira Social Antzokian, euskaraz

Social Antzokiak euskarazko bi antzezlan taularatuko ditu otsailean, bat txikiei zuzendutakoa eta bestea helduei zuzendutakoa.
Otsailaren 22an, igandez, 12:30ean Tiritirantes konpainiak ‘Bazen behin…’ lana ekarriko du Basauriko antzokira. Emanaldia 3 urtetik gorako umeei dago zuzenduta eta zirkua, magia eta musika bezalako disziplinak ikusi ahal izango dira. Sarrerak salgai daude 6 euroan.
Eta, otsailaren 27an, ostiralez, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek ‘Arizona’ antzezlana ekarriko dute (20:00). Mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruz hausnartzera gonbidatzen du lanak umorea erabiliz. Sarrerak salgai daude 10 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek 5 euro ordainduko dituzte.
☉ Basauri
Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.
Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.
Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.
Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko.
Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.
☉ Basauri
Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean
Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.
Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.
Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.
Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.










