→Basauri

Txistu kontzertu batek inauguratuko du San Migelgo elizpe berritua otsailaren 27an

Otsailaren 27an, larunbatez, 12:00etan inauguratuko dute San Migel Elizako atari berria, Indartsu taldearen txistu kontzertu batekin. Era berean, 1743. urtean eraikitako galeria zaharberritzeko prozesua irudikatzen duen argazki erakusketa egongo da ikusgai hurrengo asteetan. Parrokiaren eguneroko zereginetarako erabiltzeaz gain, herritarrei ere zabalduko zaie eta erabilera kulturala eta artistikoa izango du espazio berrituak.

Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak (Bilboko Apezpikutzarekin sinatutako hitzarmenaren barruan) eta San Migelgo Parrokiak ordaindu dituzte ataria zaharberritzeko lanak. Guztira, 163.261 euroko kostua izan du. Kopuru horretatik Udalak 86.131 euro finantzatuko ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak 56.000 euro eta San Migelgo Parrokiak 21.131 euro.

ONDAREA BERRESKURATUZ

Zaharberritze-lanen helburua bikoitza izan da. Alde batetik, berreskuratu nahi izan dute udalerriaren kultura-, historia- eta erlijio-ondarea eta dagokion balioa aitortu, eta bestetik, atarian errekarriz egindako enkatxozko zolua berreskuratu eta babestu nahi izan dute.

XVII. mende amaierako zoluak teila gorriz egindako irudiak ditu, zirkuluak eta landareak. Enkatxoko zaharberritze-lanak amaitu eta gero, beira ijeztuzko zolua jarri dute gainean, enkatxo-lana babestu eta, aldi berean, zolua ikusi ahal izateko.

LANKIDETZA-HITZARMENA 

2010. urtean lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Basauriko Udalak eta San Migelgo Parrokiak, “apurka-apurka elizan zaharberritze lanak egiten joateko, bai erlijio-xedeetarako, bai herritarrek berau erabili ahal izateko“, diote Udaletik.

Hitzarmenean, bestalde, Udalak bere gain hartzen du babestutako eraikina lehengoratzeko lanen finantziazioa. Izan ere, XVI. mendekoa da eta Hiri-antolamenduko Plan Orokorraren babes bereziko erregimena aplikatzen zaio.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak