☉ Basauri
Urbiko zubiaren eraispen obrak atzeratzea erabaki du URA agentziak
Urbi eta Aperribai (Galdakao) auzoak lotzen dituen zubia berritzen ari da URA agentzia. Gaur egun dagoen zubia irauli eta berria jarriko dute. Uztailaren 10ean, ostiralez, zegoen aurreikusita eraispena, baina atzeratzea erabaki dute.
Urbi eta Aperribai (Galdakao) auzoak lotzen dituen zubia berritzen ari da URA agentzia. Gaur egun dagoen zubia irauli eta berria jarriko dute. Uztailaren 10ean, ostiralez, zegoen aurreikusita eraispena, baina atzeratzea erabaki dute. Urbi eta Bridgestonen artean, oinezkoak erraz pasatzeko igarobidea irekiko da eraisketa lanak hasi aurretik, behin prestaketa lanak burutu eta gero. URAk Galdakaoko eta Basauriko Udalekin adostuko du oinezkoen pasabidea noiz irekiko.
80 URTEKO ZUBIA
Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki zuen Urbi-Aperribai zubia 1935ean. Hormigoi armatuaz eginda dago eta 9,8 metro zabal eta 20 metro luze diren 3 zati berdintsuk osatzen dute. Ertzetan oinarritzeaz gain, ibilguan kokaturiko bi zutabek eusten dute. Zubi berriak ahalmen hidrauliko handiagoa izango du eta 9,8 metrotik 13,60 metrora zabalduko dute: 3,30 metro luzerako bi errei, oinezkoentzako 2,5 metro luzerako bi pasabide eta 2 metro luzerako bidegorria.
☉ Basauri
Sara Fernandez 8 urteko neskaren alde Ongintzazko Kontzertua antolatu dute urtarrilean Basaurin
ImpulsaT elkartearentzat izango da bilduko duten diru guztia. Merosina gabeziak eragindako sortzetiko muskulu-distrofia duten pertsonak laguntzen ditu elkarteak
Basauri Koral Elkarteak, Soinu Bideak, Biarte Dantza Eskolak, Edurre Dantza Taldeak eta Danbolin Txistulari Elkarteak indarrak batu dituzte beste urte batez Elkartasun Kontzertu bat antolatzeko.
Aurtengoa Ongintzazko VIII. Kontzertua da eta urtarrilaren 11n, larunbatez, izango da Basauriko Social Antzokian 19:30ean. Sarrera 6 eurokoa izango da.
Aurten Sara Fernandez 8 urteko basauriarrarentzat eta ImpulsaT elkartearentzat izango da bilduko duten diru guztia. Elkartea merosina gabeziak (DMC1A-LAMA2) eragindako sortzetiko muskulu-distrofia duten pertsonak laguntzeko dabil lanean.
Victor Fernandez, Sararen aita eta ImpulsaT elkarteko kideak adierazi duenez, jasoko duten dirua gaixotasuna ikertzeko erabiliko dute. “Momentuz ez dago sendabiderik, eta horregatik bildutako dirua ikerketarako erabiliko da”, dio Victorrek, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei: “Laguntza bikaina izango da”.
Jose Angel Robles Basauri Koral Elkartearen zuzendariak jakinarazi duenez, dagoeneko 150 sarrera saldu dituzte. Roblesekin eta Victorrekin batera prentsaurrekoan izan dira Asier Iragorri alkatea, Maria Larrinaga zinegotzia, Kepa Ogiza Edurre Dantza Taldeko zuzendaria, eta Jose Feijoo eta Romal Doistua Basauri Merkatari Elkarteko ordezkariak.
Zozketa solidarioa
Basauri Koral Elkartea, Danbolin Txistulari Elkartea, Edurre Dantza Taldea, Soinu Bidea eta Bidarte dira ekimena abian jarri zutenak, eta, aurten, Basauri Merkatari Elkartea batu zaie.
Urtarrilaren 11ko kontzertuarekin batera, zozketa solidarioa antolatu dute. Basauriko 22 saltokik eurek eskaintzen dituzten produktuak eman eta zozketatuko dituzte emanaldia bitartean.
Saltoki horiek dira: New Magic, Politena jatetxea, Roaldo bitxidenda, Uriarte arropa-denda, Juanita oinetakoak, De Celis loteria, Felix oinetakoak, Larrea oihal-denda, Y&F ile-apaindegia, Zubieta haurrentzako arropa-denda, Loradenda, Txop Txop, Pidefruta, Dulce de Remate, Eguileor farmazia, Ohana, Carmen de Villa, Tipografía Digital Basauri, Elkar, Basauri Merkatari Elkartea, Viña Olabarri eta Laboral Kutxa.
Zozketarako txartelak urtarrilaren 11n bertan, 19:00etatik aurrera erosi ahal izango dira 2 euroan.
Iaz 4.600 eurotik gora lortu zituzten Caristasen alde. “Urtetik urtera zifra gainditzen dugu, eta aurten horrela izatea espero dugu. Lehen edizioan 700 euro bildu genituen: San Pedro elizan egin genuen eta sarrera doakoa zen eta jendeak dohaintza ematen zuen. Social Antzokian antolatzen dugunetik, diru gehiago jasotzen dugu. Basauri herri solidarioa dela erakusten dugu urtetik urtera”, dio Kepa Ogizak.
☉ Basauri
Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari
Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).
Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.
“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.
Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.
“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.
“Maniobra tarte txikia”
“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.
Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.
“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.
Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.
☉ Basauri
Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen
Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.
Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.
Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.
☉ Basauri
Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik
Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.
Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.
Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.
Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek. Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.
Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.
☉ Basauri
Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’
Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra
Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).
Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.
Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).
11 liburu, 12 urte
Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:
Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.
Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.
Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.